Berria.info

Asteazkena, 2014ko apirilak 23 - 17:17

2012-02-15

Euskara

Hedabideak, euskararen hauspoa

Garabidek Euskararen Berreskuratzea ekimeneko hirugarren liburua eta DVDa kaleratu ditu; euskal hedabideez dihardute

Helburua da beste hizkuntza gutxituekin euskal hedabideen esperientzia partekatzea

Ainara Arratibel Gascon Andoain

Maizpide euskaltegiko ikasleak, BERRIA irakurtzen. / IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS

Hedabideak. Garabide elkarteak alor hori hartu du gai gisa Euskararen Berreskuratzea egitasmoko liburu eta dokumental sortaren hirugarren argitalpenerako. Alberto Barandiaran kazetariak egin du liburua, eta argitalpenaren xedea azaldu du: «Euskarazko hedabideen esperientziaren sintesi bat eskaini nahi izan dugu, beste hizkuntza gutxituetako komunitateentzat baliagarria izan daitekeelakoan». Hizkuntza bat berreskuratzerakoan hedabideek duten garrantzia nabarmendu du Barandiaranek. «Hizkuntzaren barne bizitza eta kohesioa erakusteko tresnarik eraginkorrenetakoak dira».

Atzo egin zuen Garabidek dokumentalaren eta liburuaren aurkezpena, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean (Gipuzkoa). Duela hiru urte jarri zuten abian Euskararen Berreskuratzea egitasmoa. Ekimen horren bidez, euskararen berreskurapenean egiten den lana azaldu eta partekatu nahi du Garabidek beste hizkuntza gutxituekin. «Azken batean, euskararen etorkizuna oso lotua dago guaranierak, amazigerak, kitxuak edo kaktxikelak izango duten etorkizunarekin», nabarmendu du Garabideko Miren Artetxek. Esperientzia horiek partekatzen jarraitzeko beharra aldarrikatu du. «Herri batek ez du soilik galdetu behar zenbat diru duen garapen bidean diren herriei emateko, baizik eta zein esperientzia dituen haiekin partekatzeko».

Hirugarren liburuak, hedabideei eskainitakoak, 65 orrialde ditu, eta euskaraz ez ezik gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere argitaratu dute. «Atzerrirako eginda egon arren, oso garrantzitsua iruditu zaigu euskaraz ere argitaratzea. Kanpora begiratu aurretik, barrura begiratu behar dugu lehenbizi», azaldu du Barandiaranek.

Garabideko Jon Sarasua, Miren Artetxe, Ińigo Ińurrategi eta Urko Kolomo, Argia aldizkariko zuzendari Xabier Letona, EITBko kazetari Elixabete Garmendia, HUHEZI fakultateko Aitor Zuberogoitia eta Lorea Agirre nahiz Unesco Katedrako Andoni Barreńo aritu dira Barandiarani laguntzen.

Dokumentala Argia-k ekoitzi du, eta Maialen Sarasuak egin ditu errealizazio lanak. Hamalau minutuko iraupena du, eta Pello Zubiriaren (Argia) Irene Arraratsen (BERRIA), Mikel Bujandaren (Euskalerria Irratia) eta Iban Arantzabalen (Goiena) iritziak jaso dituzte.

Liburuaren abiapuntua euskarazko hedabideen historiaren laburpen bat da: XIX. mende amaieran sortutako lehen euskarazko kazetetatik hasi, eta gaur eguneraino. Tartean aipatzen ditu XX. mende hasieran Resurreccion Maria Azkuek eta Evaristo Bustintza Kirikińo-k euskal prentsa sortzeko egindako ahalegina, 1970eko hamarkadan euskarazko prentsaren alde izan zen aldarria, Euskaldunon Egunkaria-ren sorrera, eta tokiko hedabideen zabaltzea. Euskarazko irratien ugaritzeaz eta azken urteetan Interneten emandako urratsez ere ari da liburua.

Baina proiektuaren benetako xedea ez da azalpen historiko bat egitea, baizik eta hedabideek hizkuntza gutxitu baten berreskuratzean eta iraupenean duten garrantzia azaltzea. Kasu honetan euskara hartu dute adibide gisa.

Funtsezko egitekoa

Barandiaranen esanetan, hedabideak «funtsezkoak» dira prozesu horretan. «Hedabideen bidez zabaltzen dugu gure mundua, eta mudua ere leiho horretatik ikusten dugu. Euskarazko hedabideak ez bagenitu, beste hizkuntza batzuen bidez egingo genuke hori. Kasu gehienetan hizkuntz hegemonikoen bidez izango litzateke: ingelesa, frantsesa, gaztelania...».

Hedabideek komunitatearen identitatea sendotzeko ere balio dute. «Komunitatea egiteko balio dute», azaldu du Euskalerria Irratiko zuzendari Bujandak dokumentalean. Hizkuntzaren garapenean duten garrantziari heldu dio, haatik, Barandiaranek. «Hizkuntza hobetzen laguntzen dute. Estandarizazio prozesuetan aurrera egin nahi duten hizkuntzek beharrezkoak dituzte hedabideak». Euskaldunon Egunkaria sortu zeneko garaia ekarri du gogora Barandiaranek. «Orduan eguneroko lana zen hizkuntza fintzea. Gaur egun alor horretan urrats nabarmenak egin dira, neurri handi batean euskarazko hedabideei esker». Lorea Agirre kazetariak hedabideak «hizkuntzen probaleku» direla dio dokumentalean. BERRIAko zuzentzaile taldeko buru Irene Arraratsek, berriz, hizkuntzen estandarizazioaren garrantzia gogorarazi du. «Handiek egina dute, eta txikiek ez. Hedabideak, administrazioa eta eskola dira hori lortzeko hiru oinarriak».

Elebitasunaren «bide faltsua» salatu du Barandiaranek. «Bi eleko hedabideak sustatu direnean, euskara beti geratu izan da bigarren mailan». Horixe bera berretsi du Argia-ko zuzendari izandako Pello Zubiriak dokumentalean. «Horregatik egin zuten duela 30 urte euskarazko hedabideen aldeko apustua batzuek».

Interneti esker euskara «hizkuntza global» bihurtu duela iritzi dio Goiena -ko Ibon Arantzabalek. «Horrek ematen dizkigun aukerak baliatu behar ditugu».



 

Zer da Garabide?

Garapen bidean diren herrialdeekin nahiz hizkuntz gutxituetako komunitateekin euskararen berreskuratzearen esperientzia partekatzen duen elkartea da Garabide. Beste hizkuntz gutxituen nondik norakoak ere ezagutzen ari dira. Ez dute egiten munduan dagoen hizkuntza aniztasuna defendatzeagatik soilik, baizik eta hizkuntza garapenerako tresna gisa ikusten dutelako. Haien ustez, funtsezko lanabesa da.

Bost urte daramatzate lan hori egiten. Ikerketak egiten eta materialak lantzen aritzeaz gain, prestakuntza eta tokian-tokiko proiektuak dira elkartearen lan ildo nagusiak. Truke programei esker, herri indigenetako 50 bat ordezkari izan dira Euskal Herrian esperientziak partekatzen.

Bisita horien ondotik hainbat lankidetza proiektu jarri dituzte martxan. Adibidez, Ekuadorren aholkularitza eskaini dute, kitxua hizkuntzako komunikatzaileei prestakuntza emateko. Guatemalan, berriz, Maia Kaqchikel hizkuntzan murgiltze sistema txertatzeko sentsibilizazio kanpainan hartu dute parte Ikastolen Elkartearen laguntzaz. Etorkizunean zubi lan hori egiten jarraitu nahi dute.



 

Euskararen Berreskuratzea, duela hiru urte hasitako proiektua

Euskararen berreskuratzean egindako lana hizkuntza gutxituak dituzten gainerako komunitateen esku jartzeko asmoz, Garabidek duela hiru urte jarri zuen martxan Euskararen Berreskuratzea ekimena. Atzo aurkeztutakoa, beraz, proiektu zabalago baten hirugarren katebegia da.

Duela hiru urte kaleratu zuten bildumako lehen liburua. Han, euskararen biziberritzean egon diren gako nagusiak aztertu zituzten. Iaz, berriz, gako horietako bati heldu zioten: hizkuntzen estandarizazioari, hain zuzen.

Horrekin, beste hizkuntza gutxituekin izandako harremanen ondoren ikusi zuten behar bati erantzun nahi izan diote: sintetizatu gabe zeuden euskara egungo egoerara eraman duten estrategia eta lan ildo nagusiak; ez zegoen horri buruzko materialik.



 

Liburu eta DVD fitxa

Izenburua: Euskararen berreskuratzea (III): hedabideak.

Edukia: 65 orrialdeko liburua eta hamalau minutuko dokumentala.

Egileak: Liburua Alberto Barandiaran kazetariak egin du. Dokumentala Argia-k ekoitzi du, eta Maialen Sarasua arduratu da produkzio lanaz.

Argitaratzailea: Garabide.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia