Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 17 - 01:33

2012-02-14

Euskara IKTetan sustatzeko laguntza urritu du Gipuzkoak

Iaz baino 41.667 euro gutxiago jarriko ditu foru aldundiak teknologia berrietan euskara hedatzeko

Jon Olano Donostia

IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz edukiak euskaraz hedatzeko proiektuak sustatze aldera, 199.934 euro bideratuko ditu aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak; iaz baino 41.667 euro gutxiago. IKTetan euskara sustatzeko iaz emandako dirua Gipuzkoa 2.0 programaren barruan jaso zuen aurreko diputazioak, baina programa horrek ez du jarraipenik izan aurten. Gipuzkoa 2.0ko lau laguntza lerroetatik bi Euskara Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen zituen, eta bi horiei zegokien diruaren parte bat da aldundiak aurten emango duena. Diputazioko Kultura Sailak oraindik ez du diru laguntzako deialdirik kaleratu.

Zalaparta izan zen atzo sarean, Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen eta IKTen gaineko diru laguntzen zenbatekoa jakinarazi zuenean. Informazio batzuen arabera, teknologia berrietan euskara sustatzeko dirua erdia baino gutxiagora murriztu du aldundiak: 507.600 eurotik 199.934ra.

Datu hori, baina, gezurtatu egin du Euskara zuzendari Zigor Etxeburuak. Gipuzkoa 2.0 programak 2011n eta 2010ean euskara IKTetan sustatze aldera emandako dirua dira 507.600 euroak, Etxeburuaren esanetan. Programak lau laguntza lerro izan zituen iaz: azterketak, lan monografikoak eta antzekoak editatu edo argitaratzekoak (64.000 euro); edukiekiko eta edukien arteko elkar eragintza eta sarbidea errazten duten tresna teknologikoak garatzekoak (103.467 euro); IKTak erabiliz edukiak euskara hutsean hedatzeko enpresentzako laguntzak (138.134 euro); eta IKTak erabiliz kultur esparruko edukiak hedatzeko proiektuetarakoak (202.000 euro).

Bigarren eta hirugarren lerroak kudeatzen zituen Euskara Zuzendaritzak; lehena eta laugarrena, berriz, Kultura Sailak. Gipuzkoa 2.0 desagertzearen ondorioz, IKTei laguntzeko Euskara Zuzendaritzari dagokion aurrekontua 241.000 euro da, ez 507.600 euro, Etxeburuaren hitzetan; laguntza 241.000 eurotik 199.934ra murriztu dutela azaldu du. Gainerako 266.000 euroak adjudikatzea Kultura Sailari dagokiola argitu du.

Gainontzean gehiago

Euskara gainontzeko alorretan sustatzeko iaz baino 12.932 euro gehiago eman ditu Euskara Zuzendaritzak; 2.373.490 euro eman zituen 2011n, eta 2.386.422 euro emango ditu aurten. Bereziki, euskararen erabilera soziala normalizatzeko udal planetan nabarituko da gorakada: 399.833 euro emango ditu aldundiak horretarako; iaz baino 95.833 gehiago.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia