Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:40

2012-02-12

Irakurtzeko zailtasunaren zama

Eduardo Herrera psikologoak gogorarazi du dislexia dela ikasketak uzteko arrazoi nagusia, baina goiz antzemateak zailtasun asko zuzentzeko balio dezakeela nabarmendu du.

Jon Rejado Gasteiz

Eduardo Herrera, atzo, Ibaiondoko gizarte etxean emandako hitzaldian. / RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Dislexia ez da ezintasun bat, ezta motibazio falta, arreta gabezia, heldutasunik eza edo emozio egoeraren arazoa ere». Eduardo Herrera psikologo eta logopedaren ustez, errazagoa da azaltzea zer ez den dislexia. Ordea, ikasteko orduan dagoen nahasmendu ohikoena da. Irakurtzeko eta idazteko zailtasun handia eragiten du, eta eskola uztearen arrazoi nagusietako bat da gaur egun.

Dislexia zer den azaltzea errazegia ez den arren, Herrerak erraz helarazi dio jendeari ikasteko zailtasun hori duen haurrak senti dezakeena. Dislebi Euskadiko Dislexia elkarteak egindako jardunaldietan izan ziren pertsonek zuzenean sentitu zuten atzo. «Pantailan segundo gutxi batzuetan agertuko den testua ikusi, eta hitzez hitz idatzi paper batean», proposatu zien Ibaiondoko gizarte etxean bildu ziren dozenaka laguni. Alemanieraz idatzitako testu bat agertu zen orduan. Lau hitzeko esaldia zen, baina gutxi izan ziren esaldia akatsik gabe idatzi zutenak.

Irakurtzeko zailtasunak izatea zer den ere azaldu zuen. Testu bat erakutsi zuen, non hitz batzuk besteak baino txikiagoak baitziren, eta, zenbaitetan, elkarri lotuta baitzeuden. «Testua irakurtzen ahalegin handia egin behar dute, bertan jartzen duena ulertu ahal izateko», azaldu zien entzuleei; oraindik askok testua ulertu ezinik jarraitzen zuten.

Idatzitako hitz bat irakurtzeko, garunak zenbait urrats egiten ditu: trazuak ezagutu, fonemekin lotu, behin-behineko memorian gorde... Garunaren zenbait eremuk parte hartzen dute prozesu horretan, ordena jakin batean, baina dislexia dutenek ez dituzte pauso batzuk ematen. «Garunaren gune batzuen gainetik jauzi egiten du seinaleak». Irakurtzeko zailtasun horiek idazterakoan are handiagoak direla gaineratu zuen.

Irakurritakoa ulertzeko zailtasunak eragiten dituzte garunaren jauzi horiek, baina hori «izozmendiaren tontorra» baino ez dela azaldu zuen Herrerak. Hala, irakurtzeko zailtasunak are zailtasun gehiago ekartzen ditu ikasturteetan aurrera egin ahala, irakurketan oinarritzen baita ezagutzaren transmisioaren zati handi bat. Herrerak gogorarazi zuen zenbait kasutan 9 urtera arte ez dela diagnostikatzen, eta gaineratu zuen dislexia ez dela bere kabuz zuzentzen.

Garunak erabiltzen ez dituen gune horiekiko loturak sortu egin daitezkeela azaldu zuen, baina, horretarako, «ahal den azkarren» lan egin behar dela gaineratu zuen. «5 eta 8 urte artean garunak erabiltzen ez duen gune horretara doazen errepide asko egin ditzakegu».

Berreziketa metodo egokiak

Adin bakoitzean ikasteko zailtasun horren berri eman dezaketen sintomak daudela jakinarazi zuen Herrerak, nahiz eta argienak Lehen Hezkuntzako lehen bi urteetan agertzen diren, irakurtzen eta idazten ikasten dutenean. Diagnosi zuzena eta berreziketa prozesua hasteko une egokia da hori. Hain zuzen ere, tratamendu asko sintometan zentratzen dira, Herreraren ustez, ez sintomen jatorrian: lateralitatea, hemisferioen arteko koordinazioa, optometria...

Berreziketa prozesu horietan fonemen eta letren arteko lotura sendotu behar dela nabarmendu zuen, baita prozesua irudiekin lagundu behar dela ere. Irudiaren garrantzia askotan aipatu zuen Herrerak, eskolako kontzeptuak hobeto finkatzeko erabil daitekeen baliabidea delako. Irakurritakoa irudiekin lotzea eta horien bitartez mapa moduko bat egiteak kontzeptuak gogoratzea errazten duela azaldu zuen.

Dislexia duten umeak argiak eta azkarrak direla nabarmendu zuen Herrerak, eta haien ezagutzak ebaluatzeko zailtasunak haien bidea eteten duela gaineratu zuen. «Goi mailako ikasketetara heltzea zailagoa egiten zaie goi mailako ikasketak bukatzea baino». Horregatik, ikasteko nahasmendu hori duten umeei ebaluazioak egokitzeko eskatu zuen, ikasgaiaren edukia jakin arren zaila gertatzen zaielako ohiko irizpideen arabera ematea. «Ikasteko egiten duen ahaleginaren emaitzak ikusten ez badituzte, amore ematen dute, eta hori onartezina da».



 

Dislexia garaiz antzeman ahal izateko tresna lortzeko egitasmoa abian da

Dislexia garaiz antzeman ahal izateko tresna lortzeko egitasmoa garatzen ari dira Osatek eta Deustuko Unibertsitatearen artean, Dislebiren laguntzarekin. Ikasteko nahasmendu hori izateko aukera gehien duten haurrak antzemateko baliagarria izango da tresna hori; hala, oso txikitatik horrek eragin diezaiokeen zailtasunari konponbidea eman. Tresna hori 5 urteko umeentzako eginbehar sorta bat litzateke, zeinaren bitartez dislexiaren moduko nahasmenduak izateko arriskuen berri emango baita.

Tresnaren probak zehazteko lanean ari dira gaur egun. Horretarako, Haur Hezkuntzako 3. mailako umeei egingo zaie lehen proba, eta bi urte barru talde berari beste proba bat egingo zaio. Proba bakoitzeko eginbeharrak ezberdinak izango dira, baina umeen gaitasunen ildo bertsuengan eragingo dute. Horrela, lehenengo proban islatutako emaitzak berresten saiatuko dira bigarrengoan.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia