Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:40

2012-02-12

Patxi Gomez askatzeko eskatuko dute Ortuellan

Euskal presoen eskubideak betetzeko ere aldarrikatuko dute hilaren 18 egingo duten manifestazioan

Lander Muñagorri Garmendia Bilbo

Gomezen atxiloketa salatzeko egindako elkarretaratzea. / JON HERNAEZ / ARP

Patxi Gomez ortuellarraren atxiloketa salatzeko, manifestaziorako deia egin dute haren jaioterrian datorren larunbaterako, hilaren 18rako. Bilgune Feminista, Eleak, LAB, Eilas, ESK, Etxerat!, Herrira, ESAIT, Gazte Independentistak, ezker abertzalea, Aralar, EA eta Alternatibak egin dute Konponbidearen alde, atxiloketarik ez, Patxi askatu! lelopean egingo den mobilizaziorako deialdia. Han, Gomez askatzeko eskaria egingo diote Espainiako Gobernuari, «eta, horrekin batera, gaixorik dauden presoak, kondenaren hiru laurdenak beteta dituztenak askatzea, eta sakabanaketa amaitzeko deia egingo dugu», Ana Perez Eilaseko ordezkariak atzoko prentsaurrekoan adierazi zuenez.

ETAko kide izatea, lehergaiak eramatea eta hilketa saioa egitea leporatuta, 1989an sartu zuten preso lehen aldiz Gomez. 2002an irten zen kalera, zigorraren hiru laurdenak beteta zituelako. Urtebete eta lau hilabete geroago, ordea, atzera berriz atxilotu egin zuten Auzitegi Nazionalak espetxe zigorra 2006an amaitu behar zuela ebatzi ostean.

2009ko apirilean, Zigor Kode berria aplikatu zioten, eta berriz askatu zuten. Erabaki horren aurka egin zuen Fiskaltzak, eta 2009ko azaroan, Patxi Gomez berriro beste 10 urterako espetxeratzea erabaki zuen Auzitegi Gorenak, 197/2006 doktrina ezarritako muga —30 urte— betetzeko. Beraz, hiru alditan atxilotu dute Gomez, eta bitan luzatu diote zigorra.

Orain, 2018ra arte luzatuko litzaioke kondena. Manifestazioko deitzaileek salatu dute bizi guztiko zigorra «onartezina» dela giza eskubideen ikuspegitik. «Gainera, Euskal Herrian zabaldutako konponbiderako aukerak direla eta, Espainiako Gobernuak presoen oinarrizko eskubideak urratzen jarraitzen du».

Herritarren babesa

Euskal gizartearen gehiengoak presoen aurka aplikatzen diren neurriak indargabetzea eskatzen duela adierazi zuten deitzaileek atzo. Horren lekuko, 2010eko urtarrilean Ortuellako udalak onartutako mozioa jarri dute. PSE-EEk Gomez ez espetxeratzeko eskaera aurkeztu zuen, eta EAJ eta EAren babesa lortu zuen. «Aski nabarmena da gaur egun PPk soilik defendatzen duela euskal preso politikoei ezartzen zaien kartzela politika». Egoera horri aurre egiteko, beraz, datorren larunbatean 12:30ean hasiko den manifestaziora euskal gizarteari luzatu diote deia.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia