Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:35

2012-02-08

Finantza publikoak. Eusko Jaurlaritzaren egoera

«Inork ez du sekula ordaindu guk bezainbeste eta guk bezain azkar»

Ez daukala altxortegi eta likidezia arazorik ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak, eta porrot akusazioa zuzentzeko eskatu dio Urkulluri

2011ko aurrekontutik 600 milioi euro inguru utzi ditu gobernuak gastatu gabe

Ivan Santamaria Gasteiz

Eusko Jaurlaritzak esan du ez duela altxortegi edo likidezia arazorik. Urtarrilaren 31n 627 milioi euro zituen kutxan, eta urteko lehen erdia arazorik gabe gainditzeko diru sarrerak espero ditu. Lopezen gobernua «porrot egitear» zegoela ziurtatu zuen Ińigo Urkullu EAJko presidenteak, eta atzo akusazioa jendaurrean zuzentzeko exijitu zion Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak. «Denak ez du balio. Ez da zilegi EAE ia Greziaren pare jarri nahi izatea; ez dugu inolako zerikusirik harekin».

Joan den urteko aurrekontuaren itxierari buruzko zenbait datu aurreratu zituen Agirrek, akusazioa ezeztatzeko helburuarekin. Zerga bilketa eskasak piztu zituen zalantzak. 2011. urteko aurrekontuak egiteko erabili zen aurreikuspen oparoarekin alderatuta, mila milioi euroko zuloa utzi zuen zerga bilketak. Zulo horren %70 Jaurlaritzari dagokion dirua da, 700 milioi euro inguru.

Kontuen desoreka horri gastua murriztuta erantzun dio Jaurlaritzak. Hala, urte amaieran aurrekontu eguneratua — onartutako kredituak barne— 10.773 milioi eurokoa zen arren, soilik 10.168 milioi gastatu ditu gobernuak, hots, 600 milioi inguru aurreztu ditu zerga bilketaren beherakada arintzeko. Jaurlaritzaren lehentasuna austeritatea eta gastuaren kontrola izan dela nabarmendu zuen Agirrek, eta EAJk Juan Jose Ibarretxeren azken agintaldian izan zuen jarrerarekin alderatu zuen. «Ez zion gastatzeari inoiz utzi, krisia larria zela jakin arren». 2008. urtean, esaterako, gastuak 837 milioi euro gehiago izan ziren, diru sarrerak baino.

Langile, pertsona, enpresa eta hornitzaileei garaiz ordaintzeko ahalegin handia egin dutela azpimarratu zuen Agirrek: «Inork ez du sekula guk bezainbeste eta guk bezain azkar ordaindu». Aurrekontuan iragarritako gastuaren %88 ordainduta zegoen 2011ko abenduaren 31rako. Jaurlaritzak dituen estatistiken arabera, azken zortzi urteetako ehunekorik handiena da.

Altxortegi arazoek behartuta ordainketa batzuk atzeratu edo gelditu dituztela esatea «faltsua» dela ohartarazi zuen sailburuak. Hala, abenduaren 12tik 31ra bitartean 1.116 milioi euro ordaindu zituen gobernuak, eta urtarrilean beste 335 milioi izan dira. «Horrek ez du ordainketak eten izanaren itxura handirik», esan zuen Agirrek. Era berean, botika gastuei ere aurre egin zaiela adierazi zuen, eta kontrakoa dioten informazioak «maltzurtzat» jo zituen. Gastu batzuk aurtengo urteko aurrekontura aldatu direla ukatu zuen, azkenik. «Ez dugu fakturarik tiraderan gordeta utzi».

Urtarrilaren 31n 627 milioi zituen kutxan Eusko Jaurlaritzak. Sozietate eta enpresa publikoek urte amaieran beste 510 milioi euro gertu zituzten ordainketei aurre egiteko. Bien bitartean, aldundiek egin behar dioten urteko lehen ordainketa, 310 milioi eurokoa, atzeratu egin die. Hori guztia kontuan hartzen bada, altxortegiaren egoera «normala» dela uste du Ogasun sailburuak.

Aresen deia

Kontu publikoen egoerari buruzko xehetasunez gain, bestelako azalpenak ere eman zituen Agirrek. Rodolfo Aresek Ińigo Urkulluri behin baino gehiagotan deitu ziola onartu zuen. EAJko buruzagiak «dei etsia» izan zela ziurtatu zuen —egilea nor izan zen aipatu gabe—, «irtenbideak aurkitzeko edo ezohiko diru sarrerak lortzeko». Deiari buruz interpretazio ironikoa egin zuen sailburuak, ordea. «Parean nengoen, eta esan dezaket Aresen estutasun maila zero eta minus bat artekoa zela».

Urkulluren eta jeltzaleen kontra hitz gogorrak izan zituen Agirrek. «Funtsik gabeko torpedo bat jaurti dute. Arinkeriaz egindako adierazpen horiek ongizate kolektiboa eta aurrekontu oreka arriskuan jartzen dute».

Zorpetzeko baldintzetan ondorio txarrak egon litezke, Jaurlaritzaren ustez. Orain dela gutxi 266 milioi euroko zorra jaulki eta saltzea lortu du. «Eskerrak polemikaren aurretik izan den», Agirreren aburuz. Edonola ere, ez du arriskuan ikusten S&P agentziak EAEko gobernuari orain dela gutxi eman zion AA- kalifikazioa.

Zerga sistemaren auzia

Ekonomiaren eta kontu publikoen egoerari buruzko polemika guztiaren atzean jeltzaleek eta sozialistek zerga sistemari buruz izan dituzten desadostasunak daude. Lehenbizi, zerga erreforma bat gidatzen ahalegindu zen Lopez lehendakaria, baina ez zuen arrakastarik izan. Ondoren, aldundiak alde batera utzita, Eusko Legebiltzarretik zenbait zerga handitzeko aukera jarri zuen mahai gainean PSEk, aurrera ateratzeko inolako babesik ez zuen arren. Proposamen horiek aurrez aurre jarri dute gobernua eta EAJ.

Atzo berriro ere, zerga ereduari buruzko jarrera ezberdinak plazara atera zituen Agirrek. «Familiei laguntzeko erabili beharrean, kontu publikoak itotzeko erabiltzen ari da EAJ autogobernua». Besteak beste, foru aldundiek eta Jaurlaritzak iruzur fiskalari aurre egiteko egitasmo bateratua trabatzea egotzi zien sailburuak jeltzaleei.

Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak ere gogor kritikatu zuen EAJko burua: «Urkullu ez da gizon fidagarria».



 

10.168

Gastu murrizketa.

Diru sarreren jaitsierari gastuak murriztuta erantzun dio Jaurlaritzak. 2011. urteko aurrekontu eguneratuak 10.773 milioi euroko gastua zekarren, baina 10.168 milioi baino ez ditu baimendu gobernuak. Hots, 600 milioi euro aurreztu ditu, gastatu ordez.



 

Bizkaiko Diputazioa eta Eudel, dirua nola itzuli negoziatzen

Bizkaiko udalek 48 milioi euro inguru itzuli behar dituzte Bizkaiko Foru Aldundiaren Udalkuntza funtsera, aurreikuspen baikorregietan oinarritutako aurrekontuak egin zituztelako eta orain haiek orekatu behar dituztelako. Udalen finantza egoera, ordea, ez da onena; ez daude diru hori guztia aldi bakarrean bueltatzeko moduan. Horregatik, Bizkaiko Diputazioa eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartea diru hori nola itzuli negoziatzen ari dira. Juan Maria Aburto Bizkaiko Diputazioko bozeramaileak Bilduren jarrera kritikatu du, Bizkaiko Batzar Nagusietan udalei zor dutena barkatzea proposatu duelako eta, aldiz, Gipuzkoan «udalak gogor presionatzen, itotzen ari delako».



 

Iazko defizita oraindik ez du finkatu Jaurlaritzak

2011. urtea zer defizitekin amaitu duen ez daki oraindik Jaurlaritzak. Edonola ere, iragarrita zuen %1,3 gaindituko duela berretsi du Agirre sailburuak. Igoera ez da zerga bilketak izandako beherakadaren ondorio. Espainiako kontularitzan Alokabide, BEC eta beste sozietate batzuk aintzat hartu izanak puztuko du defizita.



 

EAJk berretsi du Jaurlaritzako altxortegian zerbait larria pasatzen dela

Ortuzarrek gardentasunez eta erantzukizunez jokatzeko eskatu dio Lopezen gobernuari

Erredakzioa

EAJk berean jarraitzen du. Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko lehendakariaren ustetan, «badaude sintomak Eusko Jaurlaritzako altxortegian zerbait larria gertatzen dela pentsatzeko». Horregatik, gardentasunez eta erantzukizunez jokatzeko eta «Euskadiren egoera ekonomikoaz egia kontatzeko» eskatu zion atzo Eusko Jaurlaritzari, Onda Vascari emandako elkarrizketa batean.

Ortuzarren esanetan, «EAJk sekuentzia bat du, eta sekuentzia objektiboa da». Gogorarazi zuen duela hiru aste Patxi Lopez lehendakariak PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga gainkargatzea proposatu zuela eta duela hamar egun Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Ińigo Urkullu EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteari laguntza eske hots egin ziola. Gainera, Jaurlaritzak faktura batzuen ordainketa atzeratu duela eta laguntza batzuk emateari utzi egin diola baieztatu zuen Ortuzarrek. «Horiek guztiak zerbaiten sintoma dira, zerbait larriaren sintoma».

Adierazi zuen EAJk ez daukala inolako interesik gauzak gaizki joan daitezen. «Nahi dugun bakarra da gauzak gaizki doazenean jakitea eta, batez ere, ataka honetatik nola atera gaitezkeen esatea norbaitek». Eta Urkullu defendatu zuen, ukatu egin baitzuen EAE porrot egiteko zorian zegoela adieraztean arduragabe jokatu izana. «Gardentasunez jokatu zuen, Jaurlaritza honek egiten ez duena».



 

EAk argi hitz egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

EAE zein egoeratan dagoen Eusko Legebiltzarrean azaltzeko eskatu du Juanjo Agirrezabalak, Eusko Alkartasuneko legebiltzarkideak, ez duelako uste horrelako gauzak «telefono dei pertsonaletan» azaldu behar direnik. Okerrak iruditu zaizkio Ińigo Urkulluren eta Eusko Jaurlaritzaren jokabideak.



 

Aralarrek Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu du

Aralarrek ez du uste EAE porrot egiteko zorian dagoenik, baina gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa, «penagarria» deritzolako. «Defizitaren inguruko aurreikuspenek borondatean oinarritutakoak dirudite, errealitatean oinarritutakoak baino gehiago», Aintzane Ezenarro legebiltzarkidearen arabera.



 

Diputazioak «alarmista» izatea egotzi dio Adegiri

Adegik autengo urterako egin dituen aurreikuspenak «alarmistak» iruditzen zaizkio Gipuzkoako Aldundiari. Enpresaburuen elkarteak iragan astean adierazi zuen Gipuzkoa atzeraldian sartuko dela aurten, eta Diputazioaren jarrera kritikatu zuen, ez duelako jarduera ekonomikoa bultzatzeko politikarik martxan jartzen. Larraitz Ugarte Diputazioko bozeramailearen iritziz, ordea, egoera ez horren larria. «Zenbakiek ez garamatzate pentsatzera Gipuzkoako egoera Europako Batasuneko gainontzeko herrialdeetakoa baino okerragoa denik». Diputazioa ez dator bat Adegirekin, «ez analisian, ez errezetetan». Adegik eginbehar batzuk eta diputazioak beste batzuk dituela esan zuen Ugartek.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia