Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:34

2012-02-07

Langabezia. Gazteak

Europan ia nagusi gazteen langabezian

Adin guztietako jendea jo du langabeziak Hegoaldean, baina 25 urtez azpikoak, gogorrago. Espainian, Grezian eta Eslovakian soilik da handiagoa tasa.

Miren Garate Donostia

Kezkatzeko modukoak dira datuak. 25 urtez azpiko gazteen artean —ordurako ikasketak amaituta dauzkatela kalkulatzen da—, herenak langabezian daude Hego Euskal Herrian. 2007. urtean, artean krisia hasteko zegoenean, erdira ere ez zen iristen tasa: %15,2koa zen. Gainerako langileei kosta egiten zaie lana topatzea, eta gazteei gehiago. Behin lortutakoan ere, ezin askorik poztu, epe laburreko kontratuak izaten direlako gehienak.

«Gazteen enplegua oso prekarioa da, eta izugarrizko ezberdintasuna dago gizonen eta emakumeen artean», dio Javi Bilbaok, Nafarroako Gazte Kontseiluko arlo sozioekonomikoko arduradunak. Emakumeak batez ere zerbitzuen arloan aritzen direla kontatu du. «Lanaldia eta kontratuak askoz prekarioagoak dira. Lanaldi partziala izaten dute askok, eta ia inoiz ez zaie egiten mugagabeko kontraturik». Aitzitik, azaldu du Nafarroan gizonezkoak industria arloan aritzen direla gehienbat. «Lan istripu gehiago izaten dituzte, baina langabezia tasa txikiagoa da, eta kontratuen iraupena, luzeagoa. Sexuen arteko ezberdintasuna gazteen artean dezente gehiago nabaritzen da helduagoen artean baino». Soldatei buruzko daturik ez dute Nafarroako Gazte Kontseiluan.

Bilbaok dio hezkuntzan ere nabaritzen dela joera. «Atzera egiten ari garela ematen du, gizonezkoen lanak eta emakumeen lanak bereizten ditugula. Ingeniariak gero eta gehiago dira gizonezkoak, eta orain arte emakumeek eduki dituzten rolek hor jarraitzen dute. Lastima da».

Lana aurkitzeko zailtasunak edo eskainitako lan baldintzak direla medio, atzerrira joateko hautuak gero eta arrakasta handiagoa du. Horrek ekonomian nolako eragina duen galdetuta, zalantzak ditu Bilbaok. «Zergatik doazen galdetu behar da. Ezagutza handiko pertsona bada, eta Nafarroan bere lekua aurkitzen ez duelako joan bada, albiste txarra da ekonomiarentzat. Atzerrian bere burua garatu nahi badu, eta itzulitakoan hemen zerbait muntatzea bada haren asmoa, positiboa izan daiteke errealitate ezberdinak ezagutzea».

Hain zuzen, lanerako aukera bat baino gehiago daudela erakutsi nahi die Gazte Kontseiluak gazteei. Autoenplegua eta ekintzailetzaren beharra nabarmendu ditu. Hala, bi arlo horiei buruzko txosten bat ari da prestatzen sindikatuekin, langile autonomoekin eta enpresaburu gazteen elkartearekin hitz eginda. «Eurak bezalako jendea dagoela azaldu nahi diegu gazteei, gauzak beste era batera egiten dituena eta aurrera egitea lortzen duena».

«Ikasleen artean ez dago ekintzaile izaerarik. Ikasketak amaitu berritan ia inor ez da animatzen autoenplegura», diote Edurne Simonek eta Izaskun Menoyok ere. EHUko Arabako campuseko enplegu zentroko zuzendaria da Simon, eta teknikaria Menoyo. Besteak beste, lan merkatuan sartzen laguntzeko ikastaroak antolatzen ditu zentroak, eta lan poltsa ere badu. «Gero eta jende gehiago etortzen da», dio Menoyok. Unibertsitate titulua lortu berri dutenak dira horietako asko; beste batzuk, ordea, urte batzuetan lanean aritu ostean langabezian geratu direnak.

Lan bila denbora pasatakoan desmotibazioa agertu ohi dela azaldu dute. «Batzuek badakite ez dela erraza orain lana aurkitzea eta lehen bi hilabete egon behar bazuten zain orain agian lau egon behar dutela. Dena den, etsipena sumatzen dugu gure erabiltzaileen artean, eta lana aurkitzeko, ezinbestekoa da jarrera positiboa izatea». Beste batzuek nondik hasi ere ez dute jakiten, eta laguntza behar dute curriculuma, aurkezpen gutuna eta lan elkarrizketak prestatzeko.

Simonen eta Menoyoren esanetan, langabeziaren arazoa «oso-oso larria» da gazteen artean. Azaldu dute esperientzia falta dela horren arrazoietako bat. Alabaina, uste dute goi mailako ikasketak edukitzeak asko errazten dituela gauzak. Lanbidek urtero egin ohi du Egailan izeneko inkesta, hiru urte lehenago graduatu zirenen artean. 2007ko promoziokoak dira azken datuak. 2010 bukaeran, %14,7koa zen haien langabezia tasa, eta, batez beste, 3,5 hilabete behar izan zituzten enplegua topatzeko. 2006ko datuekin konparatuta, %1,5 hazi zen langabezia.

Europako agintariak, kezkaz

Gazteen enplegu falta ez da Euskal Herriko arazoa soilik. Alabaina, Eurostatek emandako datuen arabera, hiru herrialdetan bakarrik da handiagoa langabezia 25 urtez azpikoen artean: Espainian, Grezian eta Eslovakian. Azken urtebetean goranzko joera izan da nagusi herrialde gehienetan, baina langabe kopurua murriztea lortu duenik ere bada. Aipagarriak dira Austria, Herbehereak eta Alemaniako kasuak, hiru horietan %10 azpikoa baita kopurua.

Europako Batasuneko azken goi bileran, urtarrilaren 30ean, gai hori izan zuten hizpide Europako agintariek. Gazteek eskolatik atera eta eskaintzaren bat jasotzea nahi dute: «Kalitate oneko lanpostua, prestakuntza etengabea, ikasteko kontratu bat edo ikastaro bat».Ez zuten zehaztu nola egingo duten, baina esan zuten lagundu egingo dietela gazteen langabezia tasa handienak dituzten herrialdeei.



 

DBH egin eta gero eskola uzten dutenak, inoiz baino gutxiago

Langabeziak eraginda, gero eta gehiagok erabakitzen dute ikasketei berriro ekitea. Hego Euskal Herrian, 2007tik, 6.400 ikasle irabazi dituzte Batxilergoak eta Lanbide Heziketak; hizkuntz eskolek, are gehiago: 6.000. DBH egin eta eskola uzten dutenen kopurua ere azken hamarkadako txikiena da: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %12,6 dira, eta, Nafarroan, %16,8. Europako Batasunaren helburua urrun dago oraindik: %10 azpikoa izatea tasa.

Unibertsitatean ere gehiago dira ikasketak utzi eta aldi batera berriro hasten direnak. Halaber, masterren batean matrikulatutakoen kopuruak gora egin du Euskal Herriko Unibertsitatean.



 

Tituluak bai, baina lanik ez

Baikor hasi zituzten ikasketak, euren espezialitatean lan egiteko aukera izango zutelakoan. Amaitutakoan, ordea, panorama beltza aurkitu dute. Bila eta bila dabiltza orain, noizbait zerbait aurkitzeko itxaropenarekin.

M. Garate

Lan eskaera handia, eta eskaintza gutxi. Postu horiek eskuratu nahi dituztenen artean ere lehia gogorra, prestakuntza handiko jendea dabilelako lan merkatura sartu nahian. Borja Merino, Esti Iregi eta Aitor Goikoetxea dira langabezian dauden milaka gazte horietako hiru. Lana topatzeko zailtasunez gain, gazteen lan baldintza eskasak aipatu dituzte.

BORJA MERINO



Santurtzi (30 urte)

«10 urte pasa ditut honetarako prestatzen; ez naiz hasiko teknikari ez den lan batean»

Ingeniaritza teknikoa ikasi zuen Borja Merino santurtziarrak. Hura amaitutakoan, bi ikastaro egin zituen, aerosorgailuen arloan espezializatzeko. Amaitutakoan, inolako zailtasunik gabe topatu zuen lana. Ia bi urte eta erdi egin zituen enpresa batean. «Berez baldintzak ez ziren txarrak, baina ez zen nik espero nuena. Ez nintzen ingeniari hutsa, administrazio lanak ere egin behar izaten nituen, eta oso zaila egiten zitzaidan, nik ez nuelako halakorik ikasi».

Merinok berak erabaki zuen lana uztea, orain urtebete inguru. «Beste zerbait nahi nuen. Orain ari naiz bila eta bila, baina ez dut ezer aurkitzen. Asko kostatzen da lana topatzea, gehiegi». Bizkaian ingeniari asko daudela dio, industria arloa oso garatuta dagoelako. «Lan eskaera handia dago, eta krisia dela eta, eskaintza oso gutxi». Haren esanetan, prestakuntza oso ona dutenek soilik dute lan merkatura sartzeko aukera. Eta horretan ari da: suhiltzaile izateko prestatzen. «Suhiltzaile espezializatuak behar dira, eta ingeniariok, egin ditugun ikasketengatik, prestatuta gaude. Lanerako aukerak ikusten ditut, eta horregatik saiatu nahi dut».

Ingeniariak teknikari moduan arlo askotan aritu daitezkeela dio. Baina adierazi du arlo horrekin zerikusik ez duen postu bat ez lukeela hartuko. «Hamar urte eman ditut honetarako prestatzen, eta ez dut denbora hori alferrik galduko. Ez naiz hasiko teknikari ez den beste lan batean». Gustuko lana atzerrian aterako balitzaio, ordea, joateko prest egongo litzateke. «Ingelesez badakit, eta joango nintzateke ingelesa hitz egiten den herrialderen batera».

ESTI IREGI



Zarautz (26 urte)

«Beldurra ematen du lana uzteak, baina pentsatu behar da zeure buruarengan ere»

Orain bi aste geratu zen langabezian Esti Iregi zarauztarra, baina aurrez ere egona da egoera horretan. Gizarte Lana ikasi zuen. Ikasketak amaitutakoan, saiatu zen ikasketekin lotutako zerbait aurkitzen, baina ez zuen lortu. Euskaltelen hasi zen orduan, eta hiru urte eta erdi egin zituen saltoki batean. «Lan gogorra zen, soldatarekin konparatuta ardura handiak nituelako eta inor ez zegoelako niri laguntzeko». Egoera ez zela «bideragarria» dio, eta lana uztea erabaki zuen.

Bederatzi hilabete egin zituen langabezian. Ondoren, ikasitakoarekin zerikusia zuen lanpostu bat aurkitu zuen, gazte etorkinen zentro batean. «Berez gustuko lana nuen, nik ikasitako arloan, baina gogorra eta arriskutsua zen, egoera oso gogorrak zeudelako zentroan». Kontatu du jende gehienak uzten duela hango lana. «Denbora gehien zeraman langileak zortzi hilabete zeramatzan». Gaineratu du abuztuan sinatu zela gizarte integraziorako lan hitzarmena baina ez dela betetzen. «Ez da kobratzen hitzarmenak esaten duena, eta oporren gainean adostutakoa ere ez da betetzen. Inor ez badago zu ordezkatzeko, ez dizute oporrik ematen».

Iregik ere lana uztea erabaki zuen, hasi eta hiru hilabetera. «Beldur pixka bat ematen du lana uzteak, baina askotan zeure buruarengan ere pentsatu behar da. Ez dut soldatagatik utzi, bizitzen diren egoerengatik baizik». Hiru hilabetean du langabezia saria kobratzeko aukera, eta horrek lasaitasun pixka bat ematen dio. «Tarte horretan saiatuko naiz gizarte lanarekin zerikusia duen zerbait aurkitzen, eta, gero, ikusiko dut; lehen ere aritu izan naiz bestelako lanetan».

Iregiren esanetan, gazteen langabezia tasa handiak ez du zerikusirik haien formakuntzarekin. «Prestakuntza faltarik ez dute gazteek, baina dauden lanpostuak oso prekarioak dira. Aldi baterako kontratuak egiten dira; hilabete aritu zaitezke lanean, eta beste sei lanik egin gabe. Gainera, egiten diren kontratuekin oso erraza da gazteak bidaltzea, praktika kontratuak-eta izaten direlako».

AITOR GOIKOETXEA



Usurbil (20 urte)

«Prestatzen jarraitu nahi dut, gauzak oso zail ikusten ditudalako lan merkatuan»

Elektronikako automatismoei buruzko goi mailako heziketa zikloa egin zuen Aitor Goikoetxea usurbildarrak. Iazko martxoan amaitu zuen arlo teorikoa, eta, ondoren, enpresa batean praktikak egin zituen ekainera arte. Haiek amaitutakoan ez zioten kontraturik egin, baina berehala aurkitu zuen lana beste enpresa batean. «Ez zen nik ikasitakoan, baina ez zuten prestakuntza handirik eskatzen, eta lana eman zidaten». Lau hilabete inguru egin zituen. «Ez zitzaidan kontratua amaitu, eta krisiak ere ez zuen eraginik izan, baina beste arrazoi batzuk zirela medio, utzi egin nuen».

Ordutik lana bilatzeko ahalegin handirik ez duela egin aitortu du, baina Interneten begiratzen ditu eskaintzak, eta egoera beltz ikusten duela dio. «Orain, ikastaro bat egiten hasi naiz. Formatzen jarraitu nahi dut, gauzak oso zail ikusten ditudalako lan merkatuan». Informatikari buruzkoa da hasi duen ikastaroa. «Eskaintza txikia zegoen, eta hori hartu nuen, zerbait hartzeagatik. Datei begiratuta, besteak ez zitzaizkidan ongi etortzen, denbora asko egon behar nuelako zain». Prestatzen segitu, aukerak begiratzen jarraitu eta zerbait egokia ikusiz gero, postua lortzen saiatzea, hori da Goikoetxearen asmoa.

Azaldu du lana bilatzeko orduan esperientzia falta izan ohi dela gazteen arazo nagusia. «Lan gutxi dago, eta lan gutxi dagoenean gazteak izaten dira aurreneko kaltetuak, postu askotan esperientzia eskatzen dutelako. Nik 20 urte ditut, eta 20 urterekin esperientzia oso gutxi». Atzerrira joateko ez dagoela prest adierazi du. «Ni oso-oso hemengoa naiz».



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia