Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:29

2012-02-03

Langabeziak goia jo du...

Krisia hasi zenetik langabe kopuru handiena dago Lanbiden eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan: 206.016

Langabeen estaldura tasak jaisten jarraitzen du, eta kontratu mugagabeak %7 ere ez dira

Iker Aranburu

Langabeen kopuruak azken urteotako daturik txarrena eman du urtarrilean. Hilabete horretan 13.676 lagun gehiagok eman dute izena Lanbiden eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, eta, horren ondorioz, 200.000 lagunetik gora azaltzen dira haien zerrendetan, lehen aldiz krisia hasi zenetik. 206.016 dira, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak atzo zabaldutako datuen arabera. Joan den astean, INEren inkestak 176.000 langabe eman zituen Hego Euskal Herrian.

Urtarrila oso hilabete txarra izan ohi da enpleguarentzat, hazkunde garaietan ere langabeziak gora egiten baitu. 2005eko urtarrilean, esaterako, 4.378 langabe gehiago zenbatu zituzten, 7.316 2006an eta 5.931 2007an. Krisia hasi zenetik okerrera egin dute zenbaki horiek, baina inoiz ez aurten bezainbeste. 2009an, Lehman Brothersen porrotak ekonomiaren hondoratzea eragin zuenean, 12.875 langabe gehiago agertu ziren enplegu zerbitzuetan, 10.111 2010ean eta 9.296 iaz.

Ehunekoetan, aurtengoa (%7,1) baino urte okerragoak izan dira, 2009a bera (%9,6) eta 2008a (%9,4), baina orduan ez zegoen oraingo langabe kopurua. 2008ko irailean krisiak bete-betean eztanda egin zuenetik%90,7 handitu da langabezia Hego Euskal Herrian. 107.982 langabe zeuden orduan, SPEEren arabera, eta 98.034 gehiago dira orain.

Sektoreka, nekazaritzan (%238,2) eta enplegurik gabekoen artean (%175,6) handitu da gehien, baina bi horiek biltzen dute oraindik ere langabe gutxien. Sektore nagusien artean, eraikuntzako langileek pagatu dute gehien krisia, haien artean langabezia bikoiztu egin baita (%110,8). Hurbil geratu dira zerbitzuak (+%80,2) eta industria ere (+%79,3).

Azken urtean ere bilakaera oso antzekoa izan da: %9,4 handitu da langabezia iaztik hona, eta industriak (%8,7) eta zerbitzuak (%7,9) baizik ez daude batezbesteko horretatik behera.

Emakume gehiago

Lurraldeei erreparatuz gero, abendutik urtarrilera %7 inguruko enplegu galera izan dute Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak, eta %8tik gorakoa Arabak soilik. Baina azken urteari begiratuta badira alde esanguratsuak: %11 handitu da Nafarroan, %14,7 Araban, ia %10 Bizkaian eta %6 Gipuzkoan. Azken lurralde horrek ditu daturik onenak: INEren azken enplegu inkestaren datuak SPEEk atzo zabaldutakoekin erkatuz gero, %12,76ko langabezia tasa du Gipuzkoak, %14,78koa Arabak, %15,92koa Bizkaiak eta %16,29koa Nafarroak. Langabeen %48,5 gizonezkoak dira, eta %51,4 emakumeak.

Beste lan erreforma baten atarian, kontratazioari buruzko datuek erakusten dute azkenekoak ez duela askorako balio izan. Langabeziak gora egiten jarraitzeaz gain, azken erreformak sortutako kontratazio mugagabea sustatzeko kontratuek ez dute inolako arrakastarik izan: urtarrilean halako 391 bakarrik sinatu ziren Hego Euskal Herrian, kontratu guztien %0,56 besterik ez. Aldi baterako kontratuak dira jaun eta jabe, %93,65 baitira horrelakoak.

PSOEren gobernuaren erreformak huts egin duela onartuta ere, oraingo gobernua prestatzen ari dena «inoiz baino justifikatuago» dagoela ziurtatu du Engracia Hidalgo Espainiako Enplegurako Estatu idazkariak. «Testuinguru honetan beharrezkoa da langileei eta enpresaburuei konfiantza itzultzea, krisia batera gainditu dezaten eta kaleratzea azken irtenbidea izan dadin». Mariano Raxoi gobernuburuak, ordea, elkarrizketa pribatu batean aitortu du sindikatuek ez dutela gustuko izango prestatzen ari den erreforma eta greba batekin «pagatuko» diotela.

Krisia luzatu ahala, gutxitzen ari da langabezia saria jasotzeko eskubidea dutenen kopurua ere. Azken datuak 2011ko abendukoak dira: orduan, langabeen %41,1 zeuden estaldurarik gabe, eta, urtebete lehenago, %39,9 ziren. Langabeen %36,5ek jasotzen dituzte langabezia sari arruntak, eta %20,5ek, hura baino txikiagoa den subsidioa.

Langabeak lasaitzearren, Espainiako Gobernuak agindu du ez duela langabezia sariak pagatzeko dirua murriztuko. «Ukiezina da hori», nabarmendu du Hidalgok. «Beharrezkoa bada, handituko dugu». Abenduan, estatuak 2.583 milioi euro gastatu zituen langabezia laguntzetan, duela urtebete baino %1,3 gutxiago. Kopuru horretatik 130 milioi euro dagozkie Hego Euskal Herriko langabeei. Batez beste, 955 euroko saria jaso zuten.

Tomas Burgos Gizarte Segurantzako Estatu idazkariak, berriz, iradoki du agian aurki Erreserba Funtsa baliatu beharko dutela pentsioen zati bat pagatzeko. «Horretarako dago», azaldu du Burgosek, funts hori baliatzea «azken baliabidea» dela zehaztu duen arren. Urtarrilean ere behera egin du afiliatuen kopuruak, eta, gaur egun, pentsiodun bakoitzeko 2,4 lagun ari dira Gizarte Segurantzan kotizatzen; kopururik txikiena da 2003. urteaz geroztik. Azken urteotan superabita izan du Gizarte Segurantzak, eta horri esker 2001etik 2011ra bitarte 66.000 milioi euroko erreserba osatu ahal izan du.

Jaurlaritza, «oso kezkaturik»

Eusko Jaurlaritzak «oso kezkaturik» ikusi ditu SPEEren emaitzak. «Langabezia beti da kezkagarria, baina 2012ko urtarrilean izan duguna bezalako igoera gertatzen bada, jakina da kezka areagotu egiten dela», esan du Javier Ruiz Enpleguko sailburuordeak. Gainera, nabarmendu du aurrekontuak doitzeko eta gastu publikoa murrizteko politikek «bere horretan» ezingo dutela konpondu langabeziaren arazoa. «Ekonomia berpiztuko bada, pizgarriak eman behar zaizkio».

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari Jose Javier Esparzak ziurtatu du langabeziaren datuek «jarduera ekonomikoaren okertzea» erakusten dutela. Hala ere, saiatu da irakurketari baikortasun pixka bat ematen. Gogorarazi du azken urteotan Nafarroan batez beste %7,77 igo dela langabezia, eta %6,82 aurten. Gabonen amaierari egotzi dio Esparzak langabeziaren handitzea: «Azken urteotan, urtarrilean egindako kontratu kopurua egonkorra izan da, baina langabeen kopurua asko handitzen da, merkataritzan eta ostalaritzan Gabonei begira egindako kontratuak eta administrazio publikoko ordezkapen kontratuak amaitu direlako».

Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak enplegu eta inbertsio planak eskatu ditu, eta langabezian geratu diren pertsona eta familiei laguntzeko. «Zerbitzu publikoa indartzeak eta, beraz, zerbitzu publiko sozial horietan lanpostuak sortzeak balioko du, alde batetik, langabeziari aurre egiteko eta, bestetik —eta hori da une honetan garrantzitsuena—, premia gorrienean dauden pertsonei inoiz baino beharrezkoagoa den estaldura soziala emateko».



 

...eta okerragoa izango dela ohartarazi du Adegik

Gipuzkoako enpresen %5 ixtea, erregulazio dosierrak ugaritzea eta 1.300 lanpostu galtzea espero du patronalak

Jakes Goikoetxea Donostia

Nork esan zuen krisiaren okerrena pasa zela? Gipuzkoako enpresentzat eta langileentzat ez. 2012a «latza» izango dela ohartarazi dute Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteko arduradunek, enpresen artean urtarrilean egindako inkestaren emaitzetan oinarrituta. Egoera eta aurreikuspenak lazgarriak dira: gutxienez enpresen %5 itxi egingo dituzte, nazioartera zabaldu ez diren enpresa txikiak batez ere; «goia joko du» hartzekodunen legera edo enplegua erregulatzeko dosierrera jotzen duten enpresen kopuruak; eta 1.300 lanpostu galduko dira. Ia bi enpresatik batek ez zuen irabazirik izan iaz. Portzentajea handitzea espero du Adegik.

Gipuzkoako ekonomia atzeraldian sartuko da. Adegik barne produktu gordina (BPG) %0,5 uzkurtzea espero du.

Bertako enpresen merkatu nagusiak okertu egin dira (Espainia, Frantzia eta Alemania), eta enpresen egoera ere bai. Hiruhileko batetik bestera gutxiago saldu dute urte amaieran, 2010eko lehen hiruhilekotik lehen aldiz. Jaitsiera batez ere Espainian saltzen duten enpresek nabaritu dute. %45ek diote gutxiago saldu dutela Espainian. Portzentaje handiena da 2009ko apiriletik. Batez besteko fakturazioak %1,2 egin du behera hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta. 2010etik izandako lehen datu negatiboa da.

Aurrera begirako aurreikuspenak ez dira onak, enpresen %43k lehen baino eskaera gutxiago baitituzte. Jaitsiera %18,1ekoa da eraikuntzan, %4,3koa industrian eta %2,4koa zerbitzuetan.

Ekonomiaren okertzea eragin zuzena eta berehalakoa izaten ari da enpleguan. Joera aldatzen. Iazko azarora arte aurkeztutako enplegua erregulatzeko dosierrak 2010ean baino gutxiago ziren. Azaroan eta abenduan ez. Urte arteko kopurua %4,3 hazi zen azaroan, eta %22,2 abenduan. 2010eko abenduan dosierrek 70 langileri eragin zieten; iazkoan, 174ri.

Bost enpresatik batek langileak kaleratuko ditu; hamarretik batek, aldiz, kontratatu. Horrek esan nahi du 1.500 enplegu sortu eta 2.800 galduko direla; hau da, guztira 1.300 galdu. Eraikuntzan eta industrian batez ere.

Araban ere aurreikuspenak txarrak dira. Lau enpresatik batek langileak kaleratzea espero du, Arabako Merkataritza Ganberak egindako galdeketa baten arabera. Eraikuntzan, bi enpresatik batek kaleratuko ditu langileak. Industrian, hirutik batek.

Salbuespena, esportazioak

Gipuzkoan, datu positibo bakarretakoa esportazioei dagokie. Azarora arte %12 hazi dira, eta balantza komertziala, esportazioen eta inportazioen arteko aldea, oso positiboa da: 2.863 milioi eurokoa, 2008an garai berean izandakoa baino %12 handiagoa. 2008an, esportazioek goia jo zuten. Araban, enpresen %84k esportazioak handitzea espero dute aurten.

Eta egoera hori ikusita, zer egin behar da? Enpresa gehienen arabera, lan erreforma eta finantzaketa behar dituzte. «Alarma guztiek jo dute», Eduardo Zubiaurre Adegiko presidentearen iritziz. Administrazio guztiei eskatu die har ditzatela jarduera ekonomikoa, finantzaketa eta enplegua bultzatzeko neurriak.

Egungo krisitik ateratzeko, 1980kotik irteteko konponbidea eskatu zuen. «Kontzientziazioa eta elkarlana funtsezkoak izan ziren, gizartea, administrazioak eta gizarte eragileak jabetu zirelako egoeraren larritasunaz», esan zuen Zubiaurrek. Orain uste du ez administrazioak ez sindikatuak ez direla jabetu egoeraz. «Hau ez da krisi bat gehiago», ohartarazi zuen, «Gipuzkoaren luzera begirako etorkizuna dugu jokoan».



 

Erreakzioak

ELA



«Instituzioek aplikatzen dituzten murrizketa politikoen ondorioz, langabezia Europako tasarik handienetarikoen artean dago, eta igoera izugarri handia izaten ari da. ELAk egiten ari diren politiken aldaketa sakona eskatzen du, eta hori antolakuntza eta mobilizazioaren bidez bakarrik lor daiteke».

Euskadiko CCOO



«Aurreikuspen okerrenak betetzen ari dira, eta lan merkatuaren hondatzearen erritmoa handitzen ari da. Urte eta erdi igaro behar izan du guztiek salatzeko hainbesteko mina egin duen lan erreforma penagarria. Espero dugu akats bera ez egitea beste erreforma baten inposizioarekin».

LAB



«Beste atzeraldi baten iragarpenak bete egin dira, eta langile klasea gogor astintzen duen errealitate gogorra bilakatu dira. Testuinguru honetan, iraingarria da bankarien jarrera; inolako lotsarik gabe eskatzen baitiote PPren gobernuari lan erreforma sakona, eta aldi berean laguntza publikoak eskatzen dituzte finantza erreformarako. Euskal langile klaseak erantzun irmoa eman behar dio inposizioari».

Nafarroako UGT



«Gastu publikoaren murrizketa bortitzak ekonomia gehiago ahultzea besterik ez du lortzen, eta horrek zaildu egiten ditu enplegua berreskuratzea eta hobekuntza soziala. Enpleguari lehentasuna eman behar zaio, eta kalitatezko enpleguari batik bat; baina ezin da langabeak babesteaz ahaztu, haien estaldura tasa modu arriskutsuan ari baita jaisten».



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia