Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:29

2012-01-31

Krisia. Europako Batasuna

Europak enplegua sustatu nahi du, neurri zehatzik gabe

Neurritasuna arau bihurtzeko itun fiskala berretsi dute herrialde gehienek, baina Txekiak ez du bat egin gainerakoekin

Gazteen enpleguaz eta hazkundeaz hitz egin dute, baina ez dute erabaki sendorik hartu

Jakes Goikoetxea

Europako Batasuneko agintariak hiztegia aldatzen ari dira. Bi urtean hamazazpi goi bilera egin eta gero, hazkundeaz eta langabeziaz ere hitz egiten hasi dira. Hitz egiten, oraindik ez baitute neurri sendorik hartu hazkundea sustatzeko, atzeraldia samurtzeko eta langabeziari aurre egiteko. Bi urte eta hamazazpi goi bilera geroago, konturatu dira hazkundeak eta langabeziak arreta merezi dutela. Kanpotik ere halaxe esan diete murrizketetan bidelagun dituztenek; NDFk, esaterako. Europako Batasunak 23,6 milioi langabe ditu.

Neurritasuna ezarrita, neurritasuna eta hazkundea aldi berean bultzatu nahi dituzte orain. Biak lotuta daudela diote atzoko goi bilerako agirian: «Ahalegin handiagoak behar dira hazkundea eta enplegua bultzatzeko». Neurritasunari muga zehatzak eta zorrotzak jarri dizkiote, baina enplegua sustatzeko neurri zehatzak falta dira akordioan.

Europako agintariek emandako errezeta aspaldikoa eta ezaguna da: «Lan merkatuak aldatzea eta lan kostuak produktibitateari lotzea». Enplegu planak onar ditzatela eskatu diete herrialdeei. Bruselak gainbegiratuko ditu.

Langabeziaz hitz egin zuten atzoko goi bileran, gazteen langabeziaz batez ere. Gazteek eskoletatik atera eta eskaintzaren bat jasotzea nahi dute: «Kalitate oneko lanpostua, prestakuntza etengabea, ikasteko kontratu bat edo ikastaro bat».

Ez dute zehaztu nola egingo duten. Europako Batasunak lagundu egingo die gazteen langabezia tasa handienak dituzten herrialdeei, Espainiari eta Greziari batez ere. Horretaz gain, ikasleen mugikortasuna bultzatuko du.

Lana sortzeko aztertuko duten bideetako bat langileengatik ordaindu beharreko zergak gutxitzea izango da. Ez dute zehaztu nola egingo duten. Ezta langileengatik zerga gutxiago ordaintzeak diru sarreretan eragingo duen zuloa nola beteko duten.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak antzeko neurri bat iragarri zuen herenegun: 250 langile baino gehiagoko enpresek gutxiago ordainduko diote Gizarte Segurantzari langileen kotizazioetan. Neurriak diru sarreretan utziko duen zuloa berdintzeko —13.000 milioi euro inguru—, balio erantsiaren gaineko zerga igoko du urritik aurrera, %19,6tik %21,2ra.

Europako Batasuneko agintariek diote aurre egin behar zaiola lan merkatuaren zatiketari, hau da, langile batzuek babes handia izatea eta beste batzuek, aldiz, oso txikia edo lanposturen bat lortzeko aukerarik ez, gazteenek batez ere. Langileen babesa berdindu egin nahi dute.

Lan erreforma

Espainiako Gobernuak onartzeko du lan erreforma. Otsailean egingo du. Espainiako sindikatuen eta patronaletik haratago, gobernuaren esku geratuko dira funtsezko bi gai: kontratu motak eta kaleratutako langileen kalte-ordainak. Kontratu motak gutxitu egin nahi ditu.

Datozen asteetan zehaztuko du zer-nolako lan erreforma onartuko duen. Espainiako Gobernuko presidenteak atzo Bruselan esandakoaren arabera, gogorra izango da langileentzat eta sindikatuek aurre egingo diote. «Lan erreforma greba orokor batekin ordainduko dut», esan zion Raxoik Jyrki Katainen Finlandiako presidenteari goi bilera hasi aurretik.

Hazkundea bultzatzeko eta enplegua sustatzeko merkatu bakarra sakonduko dute, «merkatu bakarra funtsezko motorra baita Europaren hazkunde ekonomikorako». Herrialdeei merkatu bakarraren aldeko legediak onartzeko eskatu diete, zerbitzuen eta energiaren arloetan batez ere.

Enpresa txiki eta ertainek behin eta berriro salatu dute finantza erakundeen diru iturriak itxita daudela. Europako Batasunean 23 milioi enpresa txiki eta ertain daude. «Haiek dira Europaren arrakasta ekonomikoaren bizkarrezurra», dio atzoko agiriak.

Haiei dirua errazteko herrialdeek gastatu ez duten dirua baliatuko dute, Europako Batasuneko funtsak berriro antolatuko dituzte. Herrialdeeak 2007-2013 urteetarako 82.000 milioi euro inguru dituzte gastatu gabe. Hazkundea bultzatzeko eta enplegua sortzeko erabiliko direla dio agiriak, baina ez du zehazten nola. Europako Inbertsioen Bankuaren laguntza ere jasoko dute.

Atzoko goi bileran iazko abenduaren 9an onartutako itun fiskala ere berretsi behar zuten. Abenduaren 9an Erresuma Batuak ez zuen bat egin itunarekin. Atzo Txekiak ere ez. 25 dira, beraz. Itun fiskala martxoaren 3an sinatu nahi dute, eta 2013an indarrean jarri.

Bileraren aurreko azken zirriborroaren arabera, baldintzak aldatu egin dituzte. Abenduaren 9ko goi bilerako ondorioetan esan zuten zor publikoak mugatzeko arauak konstituzioetan edo pareko arauetan onartu behar zirela. Horrek, Europako agintarien iritziz, arazoak eragin ditzake, konstituzioetan onartu behar izateak herri galdeketak egitera behartu ditzakeelako. Espainiak saihestu zuen herri galdeketa. Eta herrialderen batek, herri galdeketa batean, zor eta defizit mugen kontra bozkatuz gero, akordioa atzeratu egingo litzateke.

Galdeketetatik ihesi

Zirriborroaren arabera, baldintzak samurtu egin dituzte, herrialdeek herri galdeketak saihestu ahal izateko. Testuak dio hobe dela araua konstituzioetan onartzea, baina beste era batera onartzen bada, herrialdeek bermatu egin behar dutela araua errespetatuko dela; herrialdearen aurrekontua baldintzatu beharko duela; eta iraunkorra izango dela.

Herrialdeek, gehienez, barne produktu gordinaren %0,5eko defizita onartu ahal izango dute urtero. Muga hori gainditu ahal izango da ezohiko baldintzetan eta ekonomiaren nahasmendu garaietan. Beti ere Europaren baimenarekin.

Europako Batzordeak gainbegiratu egingo ditu herrialdeen aurrekontuak, defizit publikoari ezarritako mugak betetzen dituztela ziurtatzeko. Itun fiskala sinatuta duten herrialdeek Europako Justizia Auzitegira jo ahal izango dute, herrialde batek hitzartutakoa betetzen ez duela salatzeko. Herrialdeek BPGaren %0,1eko isuna jaso dezakete.



 

%13,3

Aurrezten den dirua.

Euroguneko herritarrek jasotzen dituzten ehun eurotik batez beste 13,3 aurreztu zituzten iazko azken hiruhilekoan, aurrekoan baino lau hamarren gutxiago. Europako Batasunean batez bestekoa 10,9 eurokoa da. Eurostatek eman ditu datuak.



 

%6,08

Italiaren zorra.

Italiako Altxorrak zorra jaulki zuen atzo, eta 5.574 milioi euro ezarri zituen bost eta hamar urterako bonuetan. Hamar urterako bonuen truke %6,08ko interesa eskaini behar izan zuen (abenduan, %6,98), eta bost urtekoengatik %5,39 (azkenekoan, %5,74).



 

1.560

Portugalen arrisku saria.

Oinarrizko 1.339 puntutik 1.560ra iritsi zen Portugalen arrisku saria atzo. %17,39ko interesa ordaindu beharko luke hamar urterako bonuen truke. Gero eta ozenagoak dira bigarren erreskateari buruzko zurrumurruak.



 

92,8

Konfiantza.

Egoera ekonomikoari buruzko konfiantza indizea (ESI) hobetu egin da Europako Batasunean (1,2 puntu) eta eurogunean (0,6). Martxotik izandako lehen igoera izan da urtarrilekoa. Enpresen konfiantza indizeak (BCI) bigarren igoera izan du jarraian.



 

Ondorioak

Enplegua. Herrialdeek enplegu planak egingo dituzte, baina Europako Batasunak gainbegiratuko ditu. Gazteentzako enplegua, prestakuntza eta ikastaroak bultzatuko dituzte. Baita gazteen mugikortasuna ere. Akordioan neurri zehatz gutxi daude.

Merkatu bakarra. Zerbitzuen eta energiaren merkatu bakarrak bultzatuko dituzte. Horretarako, herrialdeek mugak kentzea nahi dute.

Enpresa txikiak eta ertainak. 23 milioi dira Europan. Europako funtsetan gastatu gabe geratu den dirua erabiliko dute hazkundea eta enplegua sustatzeko proiektuetan. Ez du zehazten nola. Europako Inbertsioen Bankuaren laguntza jasoko dute.



 

Atenas haserre, Alemaniak zaintzailea jarri nahi diolako

Venizelosen arabera, begiralea onartzea finantza erreskatea nazio duintasunaren gainetik jartzea litzateke

Aitziber Arzallus

«Erabat kontra nago. Ez da onargarria, ez Greziarentzat eta ez niretzat», erantzun zuen Jean Claude Juncker euroguneko ekonomia ministroen taldeko presidenteak atzo, haserre, Greziari zaintzailea jartzeko Alemaniak egindako proposamenaz galdetu ziotenean. Are gogorrago mintzatu zen Evangelos Venizelos Greziako Finantza ministroa herenegun, Financial Times egunkari britainiarrari emandako elkarrizketan. Bigarren erreskatearen truke aurrekontuak kontrolatzeko begirale bat onartzera behartuz gero, finantza laguntzaren eta nazio duintasunaren artean aukeratu beharko dutela adierazi zuen.

Iragan astearen bukaera aldera, Greziari aurrekontuen gaineko erabateko kontrola jartzeko proposamena bidali zien Alemaniak Europako Batasuneko gainontzeko kideei: EBko bidali berezi bat, beto eskubidearekin eta Greziako kontuetan esku hartzeko erabateko boterearekin. Horrez gain, Atenas zergetatik biltzen duen diruaren zati handi bat zorra pagatzera bideratzera behartu nahi du Alemaniak. Bi baldintza horiek onartu ezean, bigarren erreskaterik ez ematea proposatu zien EBko gainerako kideei.

Proposamenak polemika sortu du Europan, ziurrenik Alemaniak berak espero zuena baino handiagoa. Kontrakoak aldekoak baino gehiago direla ikusita, proposamenari garrantzia kentzen saiatu zen atzo Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. Proposamenaren helburua eztabaida piztea zela argitu zuen eta ez bestelako ika-mikak.

Iazko maiatzean Greziari 130.000 milioi finantza laguntza ematea hitzartu zuten Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Batasunak eta Europako Banku Zentralak. Troikaren arabera, ordea, 15.000 milioi gehiago beharko ditu Atenasek, 145.000 milioi alegia.



 

Irudia. Brusela

EUROPAKO HIRIBURUA GELDITU DUTE

Murrizketen kontrako greba orokorrak Belgika geldiarazi zuen atzo. Neurritasunaren izenean erretiroa hartzeko adina atzeratzea eta langabezia sari txikiagoak ematea erabaki du hango gobernuak. Erabaki horiekin haserre, sindikatu nagusiek lanuzte orokorrera deitu zituzten herritarrak atzoko, Europako agintariak han izango zirela baliatuta. Goi bilerarako parte hartzaileek militarren base bat erabili zuten lurreratzeetarako, aireportuak itxi egin zituztelako.



 

Europak bankarien gainsariak mugatu nahi ditu

Europako Batzordeak asko hitz egin du bankuetako goi karguen gainsariak mugatzeaz, baina ez du neurririk hartu mugatzeko. Atzo, berriro ere, bankarien gainsariak mugatu egin behar direla esan zuen Michel Barnier Barne Merkatuko komisarioak. Barnierrek aukera bat planteatu zuen atzo Europako Legebiltzarrean: bankuetako goi karguen ordainaren zati aldakorrak ez gainditzea ordain finkoaren portzentaje bat. Horretaz gain, gehienezko kopuru bat ezartzeko aukera ere aipatu zuen Barnierrek, baina kopuru eta portzentaje zehatzik eman gabe. «Bruselak gainsarien zaintza areagotuko du eta, egin behar badu, gehiegizko gainsarien legedia indartuko du», esan zuen Barnierrek.



 

Irlandarrek itun fiskalari buruzko galdeketa nahi dute

Ia lau irlandarretik hiruk (%72) uste dute gobernuak herri galdeketa egin behar duela Europako itun fiskalari buruz, Sunday Business Post egunkariak egindako inkesta baten arabera. Erantzun dutenetatik %40 itun fiskalaren alde daude, %36 kontra eta %24k ez dakite.

Itun fiskalak ezarritako defizit eta zor publikoaren mugak konstituzioetan onartu behar izanez gero, Irlandak oraindik ez daki herri galdeketa egitera behartuta dagoen edo ez: boterea galtzea dakarrela uste badute, bai. Gobernua aztertzen ari da. Herri galdeketa saihestu nahi du: ezetzaren beldur da, herritarrak murrizketekin eta zerga igoerekin haserre baitaude. Enda Kenny lehen ministroak ezeztatu egin zuen atzo Bruselan.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia