2012-01-27
Eskozia. Independentziari buruzko erreferenduma (II). John Swinney. Eskoziako Gobernuko Finantza ministroa
«Gure ekonomia indartsuagoa litzateke independentziarekin»
Hari dagokion ardurari begiratuta, independentziak aukera emango lioke Eskoziako ekonomiaren garapena bultzatzeko modu egokian inbertitzeko, baina, horrez gainera, amestutakoa lortzeko aukera ere bai.
Jon Fernandez Edinburgo
Berriemaile berezia
/ JON FERNANDEZ
Zeresan handiko gizona da John Swinney (Edinburgo, 1964) SNP Eskoziako Alderdi Nazionalean. Egun, Finantza, Lanbide eta Garapen Iraunkorrerako ministroa da Eskoziako Gobernuan. Ibilbide luzeko politikaria da, Erresuma Batuko Parlamentuan eta Eskoziakoan urteetan aritutakoa. 2000tik 2004ra bitartean, gainera, SNPko burua izan zen. Aste honetan oso lanpetuta ibili da Swinney, baina ez soilik haren gobernuak aurkeztu duen independentziarako galdeketarengatik. Alex Salmond Edinburgoko gobernuburuak Zure Eskozia, zure erreferenduma agiria aurkeztu zuen egun berean, herenegun, datorren urte fiskalerako aurrekontuak onartzeko lehen pausoa eman zuen Swinneyk legebiltzarrean.
Eskoziako ekonomiari mesede egingo dio independente izateak?
Zalantzarik gabe. Eskoziako Gobernua gai izango da gure ekonomiarentzat egokiak diren neurriak hartzeko. Egun daukagun egoera aztertu beharra dago. Hazkundearen kontrakzio txiki bat daukagu une honetan; Erresuma Batuaren antzeko egoeran gaude. Nik inbertsio publikoa handitu nahi nuke azpiegitura estrategikoetan; trenbideetan, esaterako. Baina, orain, aurrez Londresek erabakitako aurrekontu finko batekin moldatu behar dut. Beraz, Eskoziarentzat ezinbestekoa den malgutasuna ezarri nahi badut, independentzia lortzea da horretarako aukera bakarra. Argi dago: gure ekonomia indartsuagoa izango litzateke, horrek aukera emango lidakeelako Eskoziako ekonomiaren garapena bultzatzeko modu egokian inbertitzeko.
Arriskurik ikusten al duzu?
Gobernu orok hartu behar ditu arriskuak, eta gobernu orok bermatu behar du diziplina fiskala lortzea. Azken hiruzpalau urteetako datuei begiratzen badiezu, argi ikusiko duzu ez dela diziplina fiskalik egon. Beharbada, Erresuma Batuko finantzaketa publikoaren gaur egungo arazo nagusiak ekonomiaren atzeraldiak eragin ditu, baina baita aurreko gobernuaren garaian behar adinako diziplina fiskalik ez izateak ere. Edozein gobernuk eutsi behar dio diziplina fiskalari arrisku ekonomikoei aurre egiteko, eta guk ere gauza bera egin beharko dugu.
Iparraldeko Itsasoko petrolio erreserbak pisu handia izan dezake Eskoziaren burujabetza ekonomikoa bermatzeko. Independentzia lortuz gero, Londresen ala Edinburgoren esku geratuko litzateke petrolioa?
Guk uste dugu Iparraldeko Itsasoko erregaien diru sarreren %90 inguru Eskoziari dagokiola. Bestelako energia aukera sendoak ere landu ditugu: haize energia, olatuen eta itsas mareen energia… Energia iturri garrantzitsuak dira; Europan, olatuen eta itsas mareen energia baliabideen %25 Eskozian daude. Erreserba erabakigarriak dira gure energia baliabideak eta ekonomia garatzeko.
Zer gertatuko da diruarekin? Librarekin jarraitu nahi duzue ala eurogunean sartu nahi duzue?
Librarekin jarraituko genuke.
Zergatik?
Herrialde gisa egiten ditugun esportazioen zatirik handiena Erresuma Batura joaten da. Hortaz, badu zentzua diru berarekin jarraitzeak. Gainera, momentu honetan auzi garrantzitsuak daude euroak dituen erronken inguruan. Luze gabe, egun duen ezegonkortasuna ikusirik, ez dut ikusten eurora batzeko gako ekonomikorik. Gu eurora batzeko, baldintza ekonomikoek egokiak izan beharko dute, eta erreferenduma egin beharko genuke horretarako, Eskoziako gizarteak erabaki dezan diru hori erabiltzen hasi ala ez.
Europari lotuta, bada beste eztabaida garrantzitsu bat: Eskozia independentea Europako Batasuneko kide izango litzateke?
Gure etsai politikoek hauspotu dute eztabaida hori. Baina zuzenbidean pisu handia duten zenbait adituk azaldu dute horren inguruan zein iritzi duten. Egun, EBren barruan dago Eskozia, ez gaude batasunetik kanpo. Beraz, gure egoera konstituzionala aldatuko litzateke, eta, finean, Eskozia eta gainontzeko Erresuma Batua estatu parekideak izango lirateke: Londresek dituen betekizun eta eskubide berberak izango genituzke guk ere, arlo guztietan. Ezinezkoa da betekizun batzuk aukeratu eta beste batzuk baztertzea. Horregatik, Eskozia EBko kide izango da, eta negoziatu egingo dugu zein izango den gure posizioa EBn.
Europako zenbait estatutako gobernuak, Espainia tartean, urduri jartzen ari direla baieztatu du Londresek, aste honetan The Herald Scotland egunkariak argitaratu duenez. Zer deritzozu?
Irakurri dut zerbait, bai, eta David Cameronen gobernuaren iturriak aipatzen zituen egunkariak. Espainiak ez lukeela inoiz Eskozia EBko kide izatea babestuko zioen. Baina irakurri dut Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Garcia-Margallok adierazi duena ere. Finean, hauxe aitortzen du: independentziaren auzia Erresuma Batuaren barne kontua dela erabat eta ez duela zerikusirik Espainiak Kataluniarekin edo Euskal Herriarekin duen egoerarekin.
SNPren barruan, ildo pragmatikokoa zara, mailaz mailakoen ildokoa. Zein da zure aukera, erabateko independentzia ala devo-max?
Independentzia nahi dut. Bizi osoan aritu naiz Eskoziaren independentziaren alde lanean, eta, orain, hainbat komunikabide beldurtu egin dira azken urteetan horren alde botoa emateko aukera daukagula ikustean. Oso-oso une interesgarrian gaude. Amestutakoa lortzeko aukera daukagu. Eskoziaren independentziaren alde lan egiteko sartu nintzen ni politikan.
Orduan, zergatik egin nahi duzue devo-max-en gaineko galdera?
Gure inguruan dagoen herrialdeari begira gaude gu, eta ahots ugari ari dira Eskozian Londresengandik botere gehiago eskuratzeko eskatzen; baina, aldi berean, Erresuma Batuaren barruan jarraitu nahi dute. Hori ez da nire aukera, baina errespetatu egiten dut errealitate hori. Autonomia handitzearen ideia iritzi garrantzitsua da Eskozian, eta adierazteko aukera izan behar luke.
Hego Euskal Herriko lurraldeen antzeko eskumen fiskalak izango zenituzkete aukera horrek irabaziz gero.
Xehetasun handiz aztertu izan dugu euskal eredu fiskala. Gaur egun daukaguna baino eredu indartsuagoa izango genuke horrelako zerbait lortuz gero. Euskal ereduak garapena esan nahi du, bai, eta norabide onean emandako aurrerapausoa izango litzateke, baina nire nahia hori baino gehiago da.
Galdeketan independentziak irabaziko duela uste duzu?
Bai.
Inkestek, ordea, ez dute hori iragartzen. Nola konbentzituko duzue jendea?
2011n, guk hauteskundeak irabazi baino hiru hilabete lehenago, ez zegoen guk irabaziko genuela zioen inkestarik.
Ez zara inkestez fio.
Balio duen inkesta bakarra hauteskunde egunean herritarrek bozkatzen dutena da. Inkestek jendearen joera adieraz dezakete, baina ez dute adierazten zer gertatuko den. Uste dut bi arrazoirengatik irabazi genuela iaz. Lehenik, gure gobernuak zuhurtasunez eta gaitasunez jardun zuelako aurreko legealdian; Eskoziak bere buruarengan sinestea ahalbidetu dugu. Bigarrenik, ondokoa eragin dugulako: gaur egun Eskozian jende askok eta askok egiten dio bere buruari galdera hau: «Zergatik ez?». Oso galdera ona da hori, zeure herrialdearekiko duzun helburua hausnartzera eta erabakitzera behartzen baitzaitu.
Eskozia independentea bada, atzerri politikaren arloan zer ereduri jarraituko dio?
Eskoziako gobernu independentea nazioarteko lankidetza sustatzeko gai izango da, eta hala egingo du. Nazioarteko gatazketan sartu ala ez erabakitzeko aukera izango dugu. Herrialde gisa haserretu egin ginen Londresekin, Irakeko gerran sartu gintuelako, gure nazioarteko izen ona zikinduz. Gaitasuna izango dugu, baita ere, eskoziarrentzat emaitza on eta positiboak defendatzeko.
Eta defentsaren arloan?
Segurtasun indar konbentzionalak eratu beharko ditugu. Gure xede nagusietako bat da ziurtatzea Eskoziak ez duela arma nuklearrik izango. Uste dugu ez direla egokiak gure herria babesteko eta nazioarteko bakea bermatzeko ekarpena egiteko.
Estatu independente berriak zein energia eredu izan ere erabaki beharko luke.
Nazioartean adostasuna dago energia berriztagarrien alorrean lidergoa gurea dela. Eta espero dugu 2020. urterako gure argindarraren %100 energia iturri berriztagarrien bidez lortzea. Petrolio eta gas baliabideak ere baditugu Iparraldeko Itsasoan 1970eko hamarkadaz geroztik. Beraz, horiexek dira gure energia politikaren oinarriak. Energia berriztagarrien garapenak aukera handiak sortzen ditu. Alemaniak energia nuklearra alde batera lagatzeak, esaterako, aukera sortzen du Alemaniako merkatura argindarra esportatzeko. Oso aukera handiak ari dira zabaltzen; izan ere, Eskoziak behar duen baino energia gehiago sortzeko gaitasuna izango du.
Analisia
Bigarren galdera
Jon Fernandez
Hiru astean hiru mendean baino gehiago hurbildu da Eskozia independentziara. Alex Salmondek argitu du zein izango den erreferendumerako galdera: «Ados al zaude Eskozia herrialde independentea izatearekin?». Zuzena da itauna, zalantzarik gabea. Baina argitu ez duen galderan dago gakoa. Bigarrenean.
Eskoziako herritarrek autonomia handiagoa izateari «behar adinako babesa» ematen badiote, devo-max-en inguruko galdera ere sartuko du erreferendumean. Eskoziarren %51 daude devo-max-en alde —gehien babesten den aukera da gaur egun—, eta, beraz, Edinburgon ziurtzat jotzen dute bigarren galdera ere egin egingo dela.
Arma politiko indartsu bezain arriskutsua da bigarren galdera. Eskoziak devo-max lortuz gero, gauza bera eska dezakete Galesek eta Irlanda iparraldeak ere. Londresek ezin du hori onartu, eta eginahalak egingo ditu aukera hori oztopatzeko. Aldi berean, ordea, ukazio sentsazioa zabalduko luke horrek Eskoziako gizartean, eta zalantzan dauden herritarrek (%11) independentzia hautatuko lukete seguruenik, garaipena burujabetzari emanez.
Estrategia zuhurra hautatu du Salmondek: independentistak autonomiaren aukera ere defendatzen jarri ditu, eta unionistak eta federalistak soilik burujabetzaz galdetzeko eske. Su biren artean jarri du SNPk Cameron: edozein pauso emanda ere, oso posible da independentziak irabaztea.
Atzo arratsaldean, 1988an sinatutako Eskoziako eskubideen aldarrikapena berrestera gonbidatu zituen Salmondek Edinburgoko legebiltzarkideak. Bitxia irudi lezake, baina 1990eko hamarkadan, Konbentzio Konstituzionalean, gainontzeko alderdiek ez bezala, SNPk, azken unean, ez zuen botereen itzulpenaren hitzarmena (devolution) sinatu, independentziarako aukerarik ez zuelako jasotzen. Orain, ordea, erabat aldatu da egoera, eta Salmondek badaki bigarren galdera defendatzeak lehenengo galderari egingo diola mesede.
Independente izatearen aldeko jarrerak gora egin duela diote azken inkestek
'The Herald' egunkariaren arabera, herritarren %44 daude independentziaren alde, eta %45 kontra
Erredakzioa
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak independentziari buruzko erreferendumaren proposamena aurkeztu eta ordu gutxira kaleratu du The Herald egunkariak herritarren iritziari buruzko inkesta, eta, haren arabera, gora egin du eskoziarren artean independentziaren aldeko jarrerak. Eskozia herrialde independentea izatearekin ados leudekeen galdegin zaienen artean, %44k eman diote baiezkoa; %45ek ezezkoa, eta gainerako %11k «ez dakit» erantzun dute.
Independentziaren gaineko galderaz gain, devo-max-i buruzkoa ere egin dute inkestan, eta %51k erakutsi dute aldeko jarrera. Londresek Edinburgori eskumen gehienak ematea izango litzateke hori; koroa, defentsa eta atzerri politika izan ezik. Autonomiaren aldeko jarrera handiagoa den arren, independentziaren aldekoak gora egin duela nabarmendu du The Herald-ek.
SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak independentziaren aldeko apustua egiten badu ere, Salmondek argi utzi du aukera horren alde egingo duela herritarrek hori eskatzen badute.
Erreakzioak
SNP Eskoziako Alderdi Nazionalarentzat «emaitza bikainak» dira, Angus Robertsonen ustez. Erreferendumaren kanpainaren arduraduna da, eta Salmonden iragarpenaren ondoren abiatu duten kanpainari hasiera emateko albiste «oso ona» deritzo: «Horrelako emaitzek erakusten dute independentzia eskura daitekeela. Erantzun batzuek diote gero eta jende gehiagok babesten duela Eskozian gertatzen dena eskoziarrek egin behar dutela; bada, ongi etorriak dira erantzun horiek».
Eskoziako laboristek, ordea, ez dute gauza bera pentsatzen, eta, haien bozeramaile baten bidez, zalantzan jarri dute inkestaren balioa. «Aspaldian egindako inkestek antzeko emaitzak eman dituzte; berdintsu aritu dira. Horien arabera, eskoziarren erdiak leudeke Erresuma Batuan jarraitzearen alde».






