2012-01-19
Berdintasun politikak eta indarkeriaren aurkakoak bereiztea gaitzetsi dute
Eusko Jaurlaritzaren lege aurreproiektuaren aurka mobilizazioak prestatzen ari da mugimendu feminista
Maite Asensio Lozano Bilbo
Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko protesta bat. / IDOIA ZABALETA / ARP
Ekuazio sinplea da: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna handitzen doan neurrian gutxitzen da indarkeria sexista; beraz, indarkeriaren aurkako borrokak berdintasunaren aldekoa ere izan behar du. Bada, ekuazioa haustea egotzi dio mugimendu feministak Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, bortizkeriaren aurkako jarduna berdintasun politiketatik bereiztea planteatzen du Herrizaingo Saila lantzen ari den indarkeria matxistaren aurkako lege aurreproiektuak. «Feministak indarkeria matxistaren aurkako lege baten kontra gaudela gizarteratzea zaila da, baina erabateko adostasuna dago elkarte feministen eta berdintasun teknikarien artean», azaldu du Anabel Sanz FeministAldeko kide eta berdintasun teknikariak. Mobilizazioak prestatzen ari dira.
Lege aurreproiektuaren ikuspegia kritikatzen dute. Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun Legearen barruan badagoelako indarkeria matxistari buruzko atal bat. «Oraindik garatu gabe» dagoela gogoratu du Bilgune Feministako Miren Arangurenek: «Hori izan zitekeen esparrua». Bada, aurreproiektua onartuko balitz, atal hori Berdintasun Legetik desagertuko litzateke. «Berdintasunaren estrategiatik bereizten da legea, eta oso akats larria iruditzen zaigu: ez du lotzen indarkeria sexistaren aurkako borroka emakumeon zapalkuntzari aurre egiteko estrategiarekin», ondorioztatu du.
Bestetik, Herrizaingo Sailaren barruan dagoen Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzari eman nahi dizkio testuak bortizkeriaren aurkako neurrien koordinazioa eta eskumena. «Poliziak hartuko du ardura hori, baina guri ez zaigu iruditzen indarkeriaren aurkako politiken lidergoak hor egon behar duenik», esan du Sanzek. Organigrama horren bidez gizarteari helarazten zaion mezuarekin ere kezkatuta agertu da: «Badirudi andreek daukagun arazo bakarra dela jotzen eta hiltzen gaituztela, eta Poliziaren esku hartzearekin amaitzen dela».
Aldiz, bortizkeria matxistaren aurkako borroka diziplina eta departamentu anitzetatik jorratu behar dela berretsi du, «emakume eta gizon izaeren eraikuntzarekin ere lotuta dagoelako». Sanzen hitzetan, poliziek prozesuan parte hartu behar dute, «delituak saihestu eta biktimak babesteko», baina koordinazioa Emakunderi dagokio: «Horregatik sortu zen Lehendakaritzaren barruan, erakunde autonomo bezala».
Emakunde, ordea, ia desagertu egin da Jaurlaritzaren planteamendutik. Maria Silvestre zuzendariak ez du adierazpenik egin nahi izan, idatzia aurreproiektua baino ez delako oraindik; argudio bera erabili du Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako zuzendari Mariola Serranok.
Berdintasun zerbitzuen kezka
Edonola ere, feministek salatu dute berdintasun zerbitzuei «indarra eta protagonismoa» kenduko liekeela legeak. Erabakia sinbolikoa ere badela nabarmendu du Sanzek: «Indarkeriaren aurkako politikak hobetzeko, sail boteretsuago batek hartu behar al du ardura? Emakumeok eta berdintasun departamentuok ez al daukagu nahikoa gaitasun?».
APAI berdintasun eragileen elkarteko kide Arantza Cañamaresek krisiaren abagunean kokatu du legea: «Berdintasun politiketarako garai gaitza da». Gaineratu du teknikariek ez dutela testua lantzeko prozesuan parte hartu, eta hedabideen bitartez baino ez dutela izan egitasmoaren berri. Kezkatuta ere agertu da euren lanak ahalmena gal dezakeelako. «Ezinezkoa da emakumeen aurkako indarkeria borrokatzea eta prebentzioa lantzea zergatietara jo gabe, eta jardun hori berdintasun politikak garatzeari lotu gabe».
Miren Arangurenen iritziz, «leihatila bakarraren jarraipena» da egitasmoa; hau da, Serranoren bulegoa Herrizaingo Sailaren barruan egotean bertan ikusten du arazoa: «Azken legealdian teknifikatu egin da gaia, politizatu ordez, eta teknifikazio horretan, polizien eremura jo dute. Guretzat, aldiz, politizatu beharreko gaia da, horrek dakarrenarekin: jendartearen egiturak aldatzeko apustua. Lege aurreproiektuak ez du hori inondik inora egiten».
Datozen asteetan, lege aurreproiektuaren aurkako mobilizazioen berri emango dute feministek, baina dagoeneko hasi dira babesa jasotzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Alternatibak egitasmoa bertan behera uzteko eskatu diote Jaurlaritzari.
Laburtuz
LEGE AURREPROIEKTUA
Hona hemen Eusko Jaurlaritza lantzen ari den indarkeria matxistaren kontrako lege aurreproiektuaren ardatz nagusiak:
• Helburua: Emakumeek indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea gauzatzeko, erakunde publikoen jarduna arautu.
• Indarkeria motak. Andreen aurkako bortizkeria fisiko, psikologiko, sexual eta ekonomikoa aitortzen ditu. Ez du indarkeria bikote esparrura mugatzen.
• Neurriak: Zenbait arlotan sentsibilizazio neurriak aurreikusten dira, zehaztu gabe. Andreen laguntza eta jabekuntzarako neurriak ere ezarriko ditu.
• Baliabideak. Andreak artatzeko eta erabat oneratzeko zerbitzuen sarea sortu nahi du. Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokia, berriz, eratu egin du jadanik.






