2012-01-15
Xabier Mendiguren Elizegi
Haiengatik gaude hemen
Idazlea eta editorea
Atzo eguerdi aldean, Jose Luisen heriotzaren berria zabaltzen hasi zenean, halaxe idatzi zuen sarean Arana Goiriren arima bailitzan agertzen den adar-jotzaile batek: ŦTxillardegi zeruko atetik sartu barri da, 'Gora Euskadi askatuta!' garrasi egiņez. Pentsetan dot ondo pasako dogula elkarregazŧ. Txantxak txantxa, mezu horrek pentsarazi zidan Sabino eta Txillardegi elkarren segidan jartzeko modukoak direla, bata bestearen ukazio ez baizik eta osagarri, eta bi-biak Euskal Herriak XX. mendean izan dituen gizonik inportanteenak, agian.
Herri honen nortasuna gainbehera zihoala altxatu zen Sabino Arana, karlisten semea, Espainiaren uztarpetik askatzeko dei eginaz. Ideiaren piztaile, ideologia baten zabaltzaile, mugimendu baten antolatzaile gisa nabarmendu zen, baina horien garapenean ez zuen parte hartzerik izan, gazterik hil zelako. Akats asko aurpegiratu izan zaizkio Abandoko propagandista hari, baina hura izan ez balitz beharbada hau idazten eta irakurtzen gabiltzanon kezka bakarra izango zen Mariano Raxoiren hurrengo mozketa edo Rubalcaba-Chacon lehia.
Frankismoaren zulo beltzean, aliatuek euskaldunoi bizkarra eman ondoren jaiki zen Alvarez Enparantza, beste gazte bipil batzuekin batera, herri honek bizi nahi zuela aldarrikatzeko. Euskarak galzori bueltarik gabekoan zirudienean, euskara ikasi zuen, horretarako baldintzarik txarrenetan, eta herri honen funtsa hizkuntzan zetzala irakatsi zigun, aurreko abertzaletasunaren oinarri arrazial eta historizistak baztertuz. Euskararekiko atxikimendu teoriko eta praktiko hori zor diogu beste ezer baino lehen, gure literatura berrituz eta hizkuntzaren batasunerako oinarriak jarriz, baita aberriak eta hizkuntzak elkarren behar gorria dutela behin eta berriz errepikatu izana ere. Politikan ere, talde harixe zor diogu, mende erdi baten ondoren itzali den erakundea sortu izana, Txillardegi bera laster kanpoan gelditu bazen ere. Akatsak akats, haiengatik izan ez balitz, oso litekeena da gaur berripaper hau ez existitzea, eta gu denok orain erdaraz lasai arraio aritzea.






