Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:18

2012-01-15

Euskaltzainik osoena

Euskara batuaren aitzindari eta hizkuntzalari nekaezina izateaz gain, herriari euskararen garrantziaren kontzientzia politikoa hartzen lagundu zion Txillardegik, bizitza osoko lan oparo eta etengabean.

Iñaki Petxarroman

Merezimendu asko ditu Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k hizkuntzaren eta euskararen alorrean. Baina bat aipatzekotan, dudarik gabe, euskara batuaren alde egindako lana da. Hura izan zen, frankismoaren garaiko urte ilun eta testuinguru politiko zailean, euskara batua sortzeko eta Euskaltzaindia zeregin horretaz jabetzeko lan gehientsuen egin zuen euskaltzalea. Ez zegoen bakarrik, jakina, baina gazte belaunaldi berri baten buru Txillardegi izan zen. Gazte belaunaldi horrek Koldo Mitxelenaren babesa lortu zuenean sortu zuen Euskaltzaindiak, 1968ko Arantzazuko batzar sonatuan, euskara batua.

Ez zen lan erraza izan. Etsai asko zituen euskara batuak orduan, eta ez preseski frankismoaren erregimenean bakarrik. Euskaltzaindian bertan ere asko ziren euskara batua sortzearen aurkakoak. Hala aitortu zuen Koldo Mitxelenak berak, 1959an, Txillardegik euskara batuaren beharraz egindako hitzaldi baten harian: «Gutxi gora behera bat gatoz. Eztut uste, ordea, gaur batasunik egin ditekeanik».

Bi ziren euskara batua egiteko korronte nagusiak: Federico Krutwigena bat, eta Txillardegi eta Mitxelenarena bestea. Krutwig getxotarra zen, baina gurasoak alemanak zituen, eta haren eredua germaniarra zen. Funtsean hauxe proposatu zuen euskara batua egiteko: alemanek Luteroren biblia hartu zuten bezalaxe, euskaldunek Lizarragarena hartzea eta eredu moduan erabiltzea. Ez zuten eredu hori ontzat jotzen Txillardegik-eta. «Euskara hura oso bitxia zen guretzat: ikusi nuen beharrean, ikus neban erabiltzen zuen, eta esan zion: erran ziotzon. Oso hizkuntza artifiziala zen hori, eta gu horren kontra geunden».

Mitxelenak zioen euskara batua inork erabili eta osatuko bazuen Bizkai-gipuzkoetako gazte euskaldunek egingo zutela eta haientzako erabilgarri izango zen hizkuntza erabili behar zela baturako. Txillardegik-eta ez zuten egokien ikusten bizkaiera, eta, Oiartzun, Sara zein Elizondo arteko euskalkien nahasketa bat proposatu zuten euskara batuarentzat. Funtsean eredu hori onartu zen, bizkaiera baztertuta.

1964an jarri zituzten eredu horren oinarriak Euskal Idazkaritza Elkarteak Baionan egin zuen bileran. Bilkura hartan ziren Jose Angel Irigarai, Benito del Valle, Julen Madariaga, Piarres Laffite, Jean Louis Davant eta beste hainbeste lagun, Mixel Labegerie abeslari eta diputatua lehendakari zutela. Elkarte horren proposamena —Txillardegik idatzia eta 1958ko Batasunerako bidea txostenari fidelki jarraitzen ziona— izan zen euskara batuaren hazia. Besteak beste, eredu berriaren idazkera, deklinabidea, aditza eta h-aren erabilera zehaztu zituzten.

Argi zuen Txillardegik zertarako behar zen euskara batua: sortzen ari ziren ikastoletan, gau eskoletan, hedabideetan, bizitzaren alor guztietan erabiltzeko. Hala, euskara batuak erabilgarria izan behar zuen, euskaldun guztiok elkar ulertzeko bide eman behar zuen. Honela azaldu zuen ideia hori Zeruko Argia-n 1970ean idatzitako Euskalkietatik euskerara artikuluan. «Zer idatzi behar du zerbait esan nahi duenak: ekarri dabela, ekarri duela, ekarri duala, ekai doala, ekharri diala, ala ekharri dila? Ez esan, gero, gauza hauek txikikeriak direnik: gauza hauetxek dira-ta, aitzitik, gure hizkuntzaren patois-keria eta hondamena. Gazteleraz ezin diteke idatz: hemos ido, hamos ido edo amoz io, idazlearen gogara. Ez. Ez frantsesez edo errusieraz ere. Zergatik bai euskaraz? Aberastasuna esan ohi den saltsa-nahaspila hori ez ote da, ordea, beste akats sakonago baten oihartzuna? Alegia: gure leinukeria, gure tribalismoa, eta Kondaira-Aurretik ezin irtetzea».

Ez zen zeregin horretan geldirik egon Txillardegi. Sustrai bila liburua idatzi zuen 1970ean, eta Oinarri bila 1977an, euskara berriaren inguruko zalantzak eta dudak uxatzeko adibideak emateko. Euskara batua zertan den liburuan Arantzazuko batzarretik 1974ra arte Euskaltzaindiak garatutako guztia bildu zuen. Euskal gramatika (1978) liburuan euskara batuaren lehen gramatika osoa bildu zuen. Eta, azkenik, Euskal Aditz Batua liburua idatzi zuen, adizkiak modu pedagogikoan zabaltzeko. Azken urteotan bereziki kezkatuta agertu da fonetikaren alorrarekin, hor ikusi izan dituelako joera kezkagarri batzuk: «Izkribuzko euskara batzen eta finkatzen ari bada ere, ahozko euskara inoiz baino okerrago dago gaur: erdal interferentziak azkartu eta ugaldu-ala, euskal sena ahuldu eta suntsitu baita euskaldunik gehienengan», idatzi zuen Euskal Fonologia liburuan.

Estatuaren beharra

Euskara, zerbaitetarako bazen, erabiltzeko zen. Eta hori garbi zuen Txillardegik. Eta gogor kritikatu zituen euskarari maitasunezko hitzak bota bai baina egunerokoan erabiltzen ez zuten politikari eta eragileak. Egoera horri aurre egiteko sortu zuen, beste hainbat lagunekin batera, Euskal Herrian Euskaraz elkartea 1981ean. «Euskara beti bigarren mailan geratzen zela ikusten genuen, eta horri gogor aurre egin behar zitzaiolako sortu genuen».

Hasieratik lotuta ikusi zituen bi kontzeptu hauek: aberria eta hizkuntza. Euskara beti bigarren mailan ikusteak sortu zion, gazte-gaztetan, harekiko interesa. Etxean, gurasoak euskaldunak izan arren, ez zioten inoiz euskaraz egin: «Egoera diglosiko garbia zen, eta gauza serioetarako espainola erabiltzen zen. Jende arruntarekin, baserritarrekin-eta, euskaraz egiten zen. Diglosia zegoen, eta, gainera, zentzurik txarrenean». Etxetik at ikasi zuen, beraz, euskara.

Eta, egoera horri aurre egiteko, kulturaren munduan ez ezik, politikaren alorrean ere lan egin zuen Txillardegik. Garbi zuen benetako normalizazio politikoa lortzeko euskarak estatu bat behar duela, haren normalizazioa babestuko duena: «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz». Izan ere, arriskuan ikusten zuen euskara frankismoaren urte ilunetan, eta arriskuan ikusten zuen gaur egun ere: «Arriskuan gaudela ez dugu sinesten. Baina, nire ustez, ikusita dago: ez bada beharrezkoa bere lurraldean, hizkuntza batek jai du. Eta hemen oso ondo bizi liteke euskaraz fitsik ulertu gabe».

Ezker abertzalearekin eta ETArekin izandako harremanaren ondorioz, Euskaltzaindiak uko egin zion Txillardegiri euskaltzain osoaren kargua emateari. Hiru aldiz ukatu zion akademiak merezimendu hori Txillardegiri: 1980an, 1987an eta 1988an. 1995ean ere proposatu zuten Maria Labaienen postua hartzeko, baina orduan Txillardegik berak egin zion uko izendapenari.

Hala, euskara batuaren alde lan mardulenetakoa egin zuena Euskaltzain oso izendatu gabe joan da. Minik gabe, ordea. Hala aitortu zion iaz BERRIA-ri egindako elkarrizketan. «Niretzat garai batean mingarria izan zen, baina gaur egun jada ez». Karguak baino, egindako lanek erakusten dute merezimendurik bazuen edo ez. Haren ibilbideak ez du zalantza handirik utzi horretaz.



 

Andres Urrutia

Txillardegi, euskal 'intelligentsia'-ren haritik

Euskaltzainburua

Unibertsitatean harrapatu nau Txillardegiren heriotzaren albisteak, hain zuzen ere, euskarazko ekitaldi batean. Hona nire lehen burutazioa, Txillardegiren gomutan: euskara eta unibertsitatea. Bera, beste batzuekin batera, errealitate horren egilea izan zen.

Gero, jakina, bestelako kontuak etorri zaizkit burura, hala nola, behinolako hitzorduak, Ned Thomas galestar soziolinguistarekin, Ondarroan emandako hitzaldi hura edota hamaika ekimen eta lan, euskararen sustatze eta babesletza zereginetan gauzatuak.

Belaunaldiei dagokienez, Txillardegik ekarri zigun guri, joan den mendeko 50-60 hamarkadetan jaiotakoei, halako haize berria, desberdina, nobela zein saiakera arloetan eta, oro har, gizartearen eta kulturgintzaren esparru anitzetan. Osterantzeko tenore horrek zekarren, ekarri ere, euskararentzat etorkizuna eta biziraupena.

Ingurukoa aintzat hartuta, Txillardegi, beste askoren antzera, oro egilea izan da euskalgintzan, teorikoa nahiz eragilea. Letraz letra irentsi genituen gutariko askok, gose eta ezin ase ari ginenok euskararen munduan, haren lanak eta tituluak, euskara batuaren eraikitze prozesuan.

Euskara batua, euskararen eraberritzea, euskararen normalizazioa…orduko kezkak eta ardurak ziren, egun ere euskaldunoi ezinegona ekartzen digutenak. Txillardegi, bistan da, horiek askatu, erraztu eta aurreratzen ahalegindu da.

Kontuak kontu, Txillardegi gerra osteko euskal intelligentsiaren berregite prozesuan zeregin esanguratsuak bete ditu. Era berean, esker abertzalearen ildoan, ezbairik gabe, hots handiko lana egin du, ekintzaz nahiz lekukotzaz. Nobela egilea, saio egilea, soziolinguistikaren inguruko aditua, kazetaria eta maisua, irakaslea, aukera guztiak baliatu zituena edonon eta edonoiz, euskararen aldeko ideiak barreiatzeko eta gizarteratzeko.

Luze eta sakon jardun du Txillardegik euskalgintzan eta horren barruan, Euskaltzaindian ere. Haren emaitzak eredugarriak eta aintzat hartzekoak dira eta haren merituak zalantzarik gabekoak. Aspaldiko euskaltzain urgazlea izanik, harriduraz ikusi genuen askok haren hautagaitzak ez zuela aurrerapiderik izan euskaltzain oso izateko. Urte batzuk geroago, euskaltzain ohorezko izendatu genuen eta berak izendazio hori baino, nahiago izan zuen eta biziki eskertu ere, Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak batera argitaratu eta Henrike Knörr zenaren eta Pilartxo Etxebarriaren zuzendaritzapean jaso zuen omenaldi liburua, Nerekin yaio nun, 2005. urtean. Falta zena Euskaltzaindiaren literatura batzordeak ondu zuen 2007. urtean, haren lehen nobela, Leturiaren egunkari ezkutua, aztergai hartu jardunaldi batean eta emaitzak kaleratu zituenean urte bereko Euskera agerkarian.

Joan zaigu Txillardegi. Etxekoei, bihotz-bihotzez, doluminak. Euskalgintzari, aldiz, itxaropena, garai latz hauetan, apartera joan gabe, gurean baititugu aurrera egiteko gidariak. Besteak beste, Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi.



 

Lurdes Auzmendi

Euskarari eskainitako bizitza

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea

Historiak Txillardegi asko gogoratuko ditu. Politikaria. Idazlea. Hizkuntzalaria. Diktadura garaian bere ideiengatik erbesteratu behar izan zuena. Eta, jakina, guztien gainetik, euskaltzalea. Bizitza emankorra izan da harena.

Kosta egiten zait imajinatzea nolakoa izango zen euskara Txillardegi gabe. Euskara batuaren sorrera Koldo Mitxelenari, Aita Villasanteri eta Txillardegiri berari, besteak beste, zor baitiegu. Euskara baturik ez balego, gure hizkuntza bospasei dialektotan zatiturik legoke, bakoitza bere aldetik, besteetatik bereizteko norgehiagoka agian. Euskara baturik gabe, ez genuke unibertsitate, administrazio edo telebistarik edukiko euskaraz. Euskara ez litzateke hizkuntza moderno bat izango, zientzian eta Interneten naturaltasun osoz erabiltzen dena.

Bistan denez, euskarazko literaturak ez zuen inoiz lortuko gaur duen maila euskara baturik gabe. Eta Txillardegik arlo horri egin zion ekarpena funtsezkoa da. Leturiaren egunkari ezkutatua-k, 1957an argitaratuak, gure hizkuntza garai hartan munduko beste hizkuntza batzuetan adierazitako sentimenduei ireki zien. Eleberri hori mugarri bat izan zen euskararen literaturaren historian. Ia sinestezina da euskara ama hizkuntza ez zuen norbaitek hain maisutasun handiaz idatzi ahal izatea euskaraz. Leturia-z geroztik, euskarazko literatura lehen lerroan izan da.

Ezin dugu Txillardegi soziolinguista ahaztu. Saussure, Whorf, Lévy-Strauss eta Lacan-en teorien zenbait osagarri hartuz, bere teoria berezia sortu zuen. Euskara euskaldunen arimarekin bat egin zuen. Zuzen edo oker, sinesmen hori haren lan guztietan igartzen da, eleberrietan, saiakeretan, artikuluetan eta idatzirik utzi zuen gramatikan bertan ere bai. Euskararik gabe ez dagoela Euskal Herririk ulertzen lagundu zigun gure belaunaldiko askori.

Jose Luis Alvarez Enparantza hil da. Agian Larresoro, Igara, Harribizketa eta Goihenetxe ere hil dira (erabili zituen beste izengoiti batzuk aipatzeagatik). Baina Txillardegi beti biziko da gure artean.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia