Berria.info

Asteazkena, 2014ko apirilak 23 - 12:36

2012-01-15

Euskal Herria helburu

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' hil da, 82 urte zituela. Aitzindari izan zen politikagintzan, hizkuntzalaritzan eta literaturan. Pentsalari eta ekintzaile. Obra zabala eta ideia sorta utzi ditu ondare.

Gorka Erostarbe

Ondo bereizita egonagatik, elkarri loturiko hiru jarduerak zedarritu zuten Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren ibilbideaa. Gutxienik hiru ezpaleko intelektuala izan zen. Pentsalaria eta ekintzailea. Politikagintzan, ETAren sortzaileetako bat izan zen, eta Altsasuko mahaiaren eta Herri Batasunaren sorreran ere parte hartu zuen. Aralarreko kide ere izan zen. Hizkuntzalaritzan, euskararen soziolinguistika arloko aldarrikapenaren aitzindari izan zen, eta Federico Krutwig eta Koldo Mitxelenarekin batera euskara batuaren bultzatzaile nagusietakoa. Literaturan, euskal nobelagintza modernoaren abiapuntutzat hartzen da bere Leturiaren egunkari ezkutua estreinako nobela.

Atzo goizen zendu zen Txillardegi politikari, hizkuntzalari eta idazlea, Donostian, 82 urte zituela. Orain gutxi arte kalera irteten bazen ere, adinaren ondorioz osasuna ahuldua zuen aspaldian. Atzo 16:00etatik aurrera Donostiako Errekalde auzoko beilatokian (Donostia) izan zen Txillardegiren gorpua, oihal batez estalirik. Txomin Iturbe Abasolo Txomin ETAko kide historikoaren gorpua estaltzeko erabilitako oihal berak estali du Txillardegiren hilotza ere. Gaur 15:15ean erraustuko dute gorpua, familia giroan. Ez da hileta elizkizunik izango. Ezker Abertzaleak atzo iragarri zuenez, omenaldi nazionala egingo diote hilaren 29an.

Hiru ur emari izan zituen bere ekinbideak, baina itsaso bera xede. 1994an Euskal Herria helburu saiakera liburua argitaratu zuen. Bere jarduerak kontatzen ditu memoria liburu horretan, bere ideiak nola sortu eta garatu ziren. Euskal Herria izan zuen beti pentsamendu eta bizi-akuilu, helburu. Bere pentsamenduei beti leial, sarri joan behar izan zuen joera nagusien kontra. Bere pentsamenduari koherente izan zitzaion, euskarazko herriaren alde egiteko.

Jose Luis Alvarez Enparantza Donostiako Antigua auzoan jaio zen 1929ko irailaren 27an. Gurasoek euskaraz jakin arren, ez zioten irakatsi: etxean entzun ez eta bere kabuz hasi zen 1948an ikasten. Frankismoa gazte-gaztetatik bizi izan zuen, eta Euskal Herriaren egoera gogorraren kontzientzia hartuz joan zen. Handik aurrera haren bizitzako ardatz izan ziren Euskal Herria eta euskara.

Bilbora joan zen Ingeniaritza ikastera, eta, han, ikaskide batzuekin batera Ekin taldea sortu zuen, gerora ETA izango zenaren aurrekoa. Abertzaletasun klasikoarekin kritikoak ziren, eta frankismo itogarriaren aurrean EAJk agertzen zuen jarrera pasiboa salatzen zuen. EGIrekin elkarlanean aritu eta gero, EAJ-tik erabat banandu, eta Ekinekoek beste erakunde bat sortzea erabaki zuten 1959an: Euskadi Ta Askatasuna. Hain zuzen ere, Txillardegik berak asmatu zuen ETA sigla. ETAko zuzendaritzako parte izan zen, kulturaren adarrean. Fronte abertzale baten aldeko jarrera agertu zuen ETAn jardun zuen bitartean, eta marxismo-leninismoaren aurka azaldu zen.

ETA sortu aurretik idatzi zuen Leturiaren egunkari ezkutua bere lehen eleberria, 1956an. Urtebete geroago argitaratu zuen Euskaltzaindiak. Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako nobelarekin batera euskarazko eleberrigintza modernoaren abiapuntutzat hartzen da lan hori. Ondoren beste sei nobela eta hainbat saiakera liburu idatzi zituen Txillardegik.

1958tik 1960ra bitartean, Gipuzkoako Diputazioan euskal literatura eskolak eman zituen. 1961ean erbesteko bidea hartu zuen. Frantzian, Suitzan eta Belgikan bizi izan zen. Atzerrian izan arren, ETAn segitu zuen (zuzendaritza utzi zuen arren), eta kulturgintzan murgildua. Beste zeregin askoren artean, Baionan Euskal Idazkaritza sortu zuen beste euskaltzale batzuekin batera. Elkarlan horretatik, ortografian eta morfologian oinarrizko arau batzuk adostu ziren euskara baturako, eta 1965ean agiri batean argitaratu. Lantalde horrek aurkeztutako proposamen gehienak geroago Euskaltzaindiak onartu zituen Arantzazuko Batzarraren ondoren, eta, hortaz, Txillardegi aurrerabide haren eragile nagusietakoa izan zen.

Politikagintzan ia amaiera arte

Ildo politikoarekin desadostasunak zirela eta, 1967an ETA utzi zuen, V. Biltzarra egin eta gero. 1977an, behin Hego Euskal Herrira itzulita, politikagintzan murgildu zen eta ESB (Euskal Sozialista Biltzarrea) alderdiaren sortzaileetako bat izan zen Ińaki Aldekoarekin batera. 1980an alderdi horretatik kanporatu zuten, euskarak alderdian izan behar zuen garrantziaren inguruko eztabaida baten ostean. Herri Batasunaren sorreran ere parte hartu zuen 1978an eta koalizioaren izenean senatari hautatu zuten. Bere bizitzako une gogorrenetakoa Madrilen senatari zela bizi izan zuen, armaturiko bi gizonek Josu Muguruza Herri Batasuneko diputatua (Espainiako Kongresuan) erail zutenean, 1989ko azaroaren 20an.

1976an unibertsitatean hasi zen lanean, hizkuntzalaritzan espezialista gisa. Bordeleko Unibertsitatean, EUTGn eta Deustuko Unibertsitatean irakasle izan zen, 1967tik 1983ra arte. 1983-84ko ikasturtetik aurrera, Zorroagako Fakultatean soziolinguistikako irakasle izan zen. 70 urte bete zituenean, katedratiko emeritu izendatu zuen EHUK. Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzaileetarikoa ere izan zen Txillardegi 1979an, baita Udako Euskal Unibertsitateko kide ere, hasieratik bertatik. Euskaltzaindian, hiru aldiz proposatu zuten euskaltzain oso izateko: 1980. urtean (Patxi Altuna aukeratu zuten); 1987. urtean (Juan Mari Lekuona); eta 1987. urtean (Ibon Sarasola). Euskaltzain urgazle zen 1957tik.

Bere bizitzaren azken urteetan ere ez zion utzi Txillardegik ekinbide politikoari. ETAren bide armatua agortuta zegoela iritzita, Aralar alderdiarekin bat egin zuen, hura sortu eta hilabete batzuetara. 2007ko maiatzaren 25ean, ordea, alderdia uztea erabaki zuen, Aralarrek ETAren biktimen aldeko ekitaldi ofizial batean parte hartu eta urte hartako udal hauteskundeetara Ezker Batuarekin batera koalizioan joan zenean. 2008ko urtarrilean, EAE-ANV alderdiko kideekin batera agertu zen hedabideen aurrean, Espainiako hauteskundeetarako hautagai-zerrenda erregistroan aurkeztera joan zirenean.

@Txillardegiren heriotzaren albistea BERRIA.INFOk eman zuen atzo eguerdian, eta lehen minututik oihartzun zabala izan zuen. Atzo ikusgai jarritako edukiak ikusgai izango dira gaur ere egun osoan. Albistea bera eta erreakzioak jasotzeaz gain, Martxelo Otamendi Berriako zuzendariaren, eta Ińaki Petxarroman eta Juan Luis Zabala kazetarien adierazpenak bideoan jaso zituen BERRIA.INFOk atzo, hurrenez hurren, Txillardegik politikan, hizkuntzan eta literaturan izan zuen eragina jasoz.



 

Martxelo Otamendi

Asko zor dizugu, Txillardegi

BERRIA egunkariko zuzendaria

Euskaldunon Egunkaria jaio zen gaua, 1990eko abenduaren 5a, Lasarteko Industrialdearen erredakzioan. Berripaperaren lehen alea osatzen nahiko lan, eta ez zen astirik izan jaiotza merezi bezala ospatzeko. ETBko lankide pare bat agertu ginen jaiotzear zegoen egunkariaren langile sortzaileei zorionak ematera. Gure ustekaberako ez zen festa girorik, pizza batzuk apenas. Halako batean, Txillardegi agertu zen erredakzioko atetik xanpain botila batzuk eskuetan. Gaua animatu zien nekea eta urduritasuna aurpegietan marraztuta zeukaten aitzindari gazte haiei. Aitzindarien bi belaunaldi bildu ziren gau hartan, maisua eta ikasleak. Inprentara bidali berriak zituzten plantxa haiek irudikatzen zuten ondo baino hobeto urteetan Txillardegik euskararentzat proposatzen zuen modernitatea.

Profil poliedrikoa dauka, gutxik bezala herri honetan, Txillardegik. Politika, hizkuntza, soziolinguistika eta literatura. Azken hamarkadetako erreferentzia nagusietakoa. Alor horietan guztietan lehen mailako eragilea izan zen, baina soziolinguistikarenean aitzindaria.

Euskara museoko hizkuntza izan beharrean hizkuntza modernoa eta noranahikoa bihur zedin ahalegin nekaezina egin zuen, eta eskola sortu. Eskola eta pentsamendua, teorizazioa, praktika eta aldarrikapena. Eta Euskal Herrian Euskaraz erakundea. Erakutsi zigun euskarak balio zuela bizitzaren edozein alorretan jarduteko, balio zuela eta balio hori eman behar geniola. Komunikabideen alorrean, adibide bat besterik ez da, gogoangarria da euskarazko telebista lortzeko antolatu zuen «Gabonetarako telebista euskaraz» kanpaina, geroago jaio zen EITBri bidea erraztu ziona Eusko Jaurlaritza sortu berrian.

Euskararen estatus modernoak asko zor dio Txillardegiri; gaur egun euskaraz egiten diren gauza asko ez ziren egingo Txillardegik pentsamendu eskola sortu ez balu.

Asko aurreratu du euskarak plano sozialean Txillardegik lehen lerroak idatzi zituenetik, baina asko falta da oraindik amestutako egoerara iristeko. Badago oraindik despistatu xamar dabilenik; esate baterako, atzo alderdi abertzale baten izenean Txillardegiren balorazioa gaztelera hutsez idatzita bidali zuena.

Asko zor dizugu ,Txillardegi. Egin duzuna zor dizugu, eta egiteko dagoena egitea zor dizugu.



 

Soslaia. «Beti at edo kontra»

G. EROSTARBE

Heriotzaren ideiari ez zizkion buelta asko ematen Txillardegik. «Fatalitate» handi bat zen beretzat. «Badakit egunen batean etorriko dela eta kito! Ez dut gauza horietan pentsatu. Beharbada arbuio modu bat izan daiteke, heriotza hor dagoela ahazteko modu bat, baina ez dut gauza horietan pentsatu». Honela zion Txillardegik Joxean Agirrek egindako Hitza hitz. Txillardegirekin solasean elkarrizketa liburu luzean. Euskal Herrian kristautasuna gailen zen garaian agnostiko zen Txillardegi. Korrontearen kontra joateko joera izan zuen bere bizitzan. Edo beharra. «Ez da hala nahi izan dudalako izan. Ni ez naiz snob bat eta ez zait gustatzen korrontearen kontra ibiltzea. Halabeharra izan da. Bidea PNV zela onartua zenean, ETAren beharra sumatu nuen. Soluzioa Marxengan zegoela nagusi zenean, nik estalinismoaren goragalea sentitu nuen. Beti at edo kontra». Beti korrontearen alde izan zuena Jone Forcada emaztea izan zen: «Arranke izugarrikoa da, ausardia handikoa eta beti aurrera jotzen duen horietakoa. Niri oso bizimodu gogorra tokatu zait. Jonek egin du posible, dudarik gabe, nik eraman dudan bizimodu zail eta eskergabea», dio elkarrizketa liburuan. Neska kontuetan berantiarra izan zela — «25 urte nituenean hasi nintzen oilartzen»—, aspektu fisikoari dagokionez ez dela izan oso nartzisista —«ez zait gustatzen zerri bat bezala joatea, baina ez dut sekula horrekin problemarik egin», eta bertsolari zaharrak gazteak baino nahiago zituela aitortu zion Agirreri: «Batzuetan programatutako bertsolariak iruditzen zaizkit. Aspaldikoek beste kutsu bat zuten». Telebista ingelesez soilik ikusten zuen. «Euskal telebista amorratu arte ikusten dut, hau da, pare bat minutu». Kiroletan txirrindularitza soilik zuen gustukoa, «oraindik ere alderdi erromantikoa baduelako», eta oso aldian behin pururen bat erretzen zuen.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia