Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:18

2012-01-05

Beste mundu baterako jolasak

Jolastean ikasi egiten dute umeek, eta, horregatik, jolas beliko eta sexistei buruzko hausnarketa bultzatu nahi du Sestaoko Karibe kolektiboak. Bestelako jolasen bidez bestelako balioak transmititzea dute helburu.

Maite Asensio Lozano Bilbo

Urtero bezala, Gabonetan haur eta gurasoentzako ikastaroa antolatu du Karibe kolektiboak, Sestaon. / MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Beltzez jantzitako mutiko batek bere adiskideak agurtzen ditu; metro batzuetara, beste bi lagunekin topo egiten du; batek gelditzeko agintzen dionean, eztanda bat gertatzen da, eta, ondoren, hiru haur agertzen dira lurrean etzanda. Hilda daudela antzezten ari dira, jolasean. Afganistanen grabatutako bideo baten irudiak dira; iazko martxoan, argitara atera zirenean, eztabaida handia eragin zuen umeak immolatzera jolasteak. «Gure umeak desberdin jolasten al dira? Bideo joko batean bonba bat leherrarazten dutenean, zein alde dago?», galdetu du Javier Fernandez hezitzaileak. Jolasen bidez hezi egiten dela nabarmendu du, Sestaoko (Bizkaia) Karibe talde kulturalak Gabonetan jolas kooperatiboei buruz antolatu ohi duen ikastaroan.

Gaur gauean milaka opari utziko dituzte Errege Magoek Euskal Herriko etxeetan. Baina nolako jostailuekin ibiliko dira bihar haurrak? «Gizartea asko aldatu da azken 30 urteetan, baina orduko jolas berdinekin jarraitzen dute umeek». Mutilei gerrarako tresnak eta neskei panpinak erosita estereotipo sexistak eta jolas belikoak bultzatzen direla gogorarazi du.

Izan ere, hezitzaileak uste du haurrek helduen bizimodua ikusten dutela jostailu eta jolasetan: «Jolastuz balioak bereganatzen dituzte, munduaren aurrean jarrera bat hartzen dute». Gurasoekin egindako mintegietan, Fernandezek antzeman du badakitela haurrek jolasen bidez ikasten dutela, «baina sarritan ez dira garrantziaz konturatzen».

Hori dela eta, Karibe kolektiboak azpimarratu du seme-alabentzako jostailu bat aukeratzerakoan bizimodu baten eredua ere aukeratzen dela; hots, ez da erabaki neutroa. Fernandezek gaineratu du euren asmoa ez dela gurasoei esatea zein jostailu erosi behar duten, baina bai ohartaraztea: «Hautatzean, kontuz: haurrek telebistak ikusten dutena eskatzen dute, baina hedabideen helburua produktuak saltzea da; iragarkiak ez dituzte umeei begira egiten».

Halere, jostailu belikoak erosiz gero, gerra zertan datzan azaltzea gomendatzen du hezitzaileak. Haren hitzetan, umeek jakin behar dute zertarako egiten diren gerrak, «eta bertan hiltzen diren gehienak zibilak direla, asko eurak bezalako txikitxoak». Era berean, panpinak eta antzekoak nesketara ez mugatzea proposatu du: «Mutilak ere jolasten dira panpinekin, baina moztu egiten zaie, batez ere telebistak, beste eredu bat bultzatzen duelako».

Garai bateko jolasak

«Baina beste mundu bat nahi badugu, umetatik hasi behar dugu: jolasteko beste modu bat eskaini behar diegu», erantsi du Fernandezek. Ildo horretan, garai bateko jolasak berreskuratzearen alde dago Karibe kolektiboa: ziba, soka saltoa, eskulanak, aurpegiak margotzea, txingoetan ibiltzea... «Merkeak dira, sinpleak, eta umeak elkarrekin jolasten dira».

Eta jolasekin batera, kaleak berreskuratu nahi dituzte, eta haurren sormena: «Kontsumismorako egun hauetan, umeek jostailu gehiegi jasotzen dituzte, eta, azkenean, euren irudimena hil egiten dugu». Eta beste modu batera jolas daitekeela frogatu dute ikastaroek: «Umeak erraz sartzen dira jolas horietan. Ondo pasatzen dute, eta hori da garrantzitsuena; bestela, ez du ezertarako balio».



 

«Aisialdi ereduko hutsuneak» bete nahi ditu Kulunkan egitasmoak

Abenduan probatuko dute hainbat eragilek elkarrekin sortu duten ikasteko eta jolasteko gune berria, Durangon

Maite Asensio Lozano Bilbo

Kontsumismotik eta pasibitatetik aldendu, eta jolastuz sormena landu, gaitasunak garatu eta balioetan hezi nahi du Kulunkan egitasmoak: Euskal Herriko historia ezagutzera eman, euskaraz; haur, nerabe, gazte eta gurasoen parte hartzea bultzatu... «Aisialdi ereduan dauden hutsuneak osatu nahi ditugu, beste eskaintza mota bategaz», laburbildu du EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko kide Urtzi Ugaldek. 2012ko Gabonetan egingo dute lehen proba, Durangon (Bizkaia).

Ikasteko eta jolasteko gune berria sortzeko, hezkuntzan eta aisialdian diharduten eragileak batu dira: Ikastolen Elkartea, Sortzen Ikasbatuaz, Urtxintxa Eskola, BIGE guraso elkartea, EGK... Haien eskarmentutik abiatuta, «heziketa integrala» bultzatu nahi dute, egungo eskaintza «zerbitzu soila» delakoan: «Hartzaileen eta igorleen artean distantzia handia dago, eta umeen parte hartzea pasiboa da: azpiegiturak eta tailerrak dauzkate, baina ez dira sortzaile, eta gurasoak ere ez».

Hala, Kulunkan egitasmoak hiru gune eskainiko ditu, haurrentzat, nerabe eta gazteentzat, eta guraso edo helduentzat. «Familia unitate osoa hartuko dugu kontuan». Gune bakoitzak egitarau propioa edukiko du, baina lotuta egongo dira, antzeko gaiak landuko baitituzte: aukera berdintasuna, kulturartekotasuna, gatazken konponbidea, ingurumena, elkartasuna... Garrantzi berezia emango diote euskal historia lantzeari, euskaraz. «Kultura industriaren eskaintza gaztelaniazkoa da, egituraz. Euskara komunikazioan arrotz ez izateko, interesa piztu behar da, egitasmo aberatsen bidez», dio Ugaldek.

Ikasteko eta jolasteko lehenengo parkea Durangon jarriko dute. Nahita egin dute hiriburuetatik kanpo: «Egungo jolas parkeak metropolietan egiten dira, ez dira eskualdeak indartzen: ez dira tokiko aisialdi taldeak kontuan hartzen». Hala, Kulunkan Durangaldeko zenbait eragileren partaidetzarekin jaio da: Berbaro, Zeozer, Gugeu, Kimuak, Zapaburu... Eta, bide batez, eragileak eta erabiltzaileak hurbildu nahi dituzte, «elkar ezagut dezaten, etorkizunera begira».

Baina Kulunkan ez da Durangon geratuko. Aurrera begira, eskualde batetik bestera mugitu nahi dute ikasteko eta jolasteko gunea. Asmo hori egitasmoaren filosofiarekin bat datorrela dio Ugaldek: «Ezin dugu proiektua goitik behera egin; eskualdeko beharrizanei erantzungo die».

«Esperimentatzen ari gara»

Joan den apirilean egitasmoa martxan jarri zutenetik, ilusioz ari dira lanean bultzatzaileak. «Ez dugu inoiz horrelakorik antolatu, esperimentatzen ari gara», aitortu du Ugaldek. Abendukoa proba bat izango dela azpimarratu nahi du: «Hor ikusiko dugu beharrizanei erantzuten dien, eta horren araberakoa izango da proiektuaren iraunkortasuna».

Hori dela eta, oraindik xehetasun batzuk dauzkate lotzeke. Adibidez, zenbat egun iraungo duen ikasteko eta jolasteko parkeak: «Gutxienez bi egunez ireki nahi dugu». Diru laguntzak eskatzen aurki hasiko dira: «Toki erakundeak proiektuan sartu nahiko genituzke». Eta abendua heldu bitartean, zenbait mintegi antolatuko dituzte: «Kulunkan jaio da jada, eta giroa berotu behar dugu».



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia