2012-01-03
Garoña ixteko agindua baliogabetu egin nahi du Espainiako Gobernuak
CSNk aukera ematen badu aurreko gobernuaren erabakia atzera botako duela iragarri du Industria ministroak
Soriak adierazi du PPren gobernuak ez duela zentral nuklearrik itxiko
Iñaki Petxarroman
PSOEren gobernuak Santa Maria de Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearra ixteko emandako agindua baliogabetzeko borondatea duela iragarri du Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soriak. Kanaria uharteetan atzo egindako adierazpenetan, Soriak argi utzi zuen Mariano Raxoiren exekutibo berriaren asmoa: «Gobernu honek ez du itxiko zentral nuklear bakar bat ere».
Hala, aurreko gobernuak 2009an eman zuen zentrala ixteko agindua bertan behera gera daiteke laster. Horretarako Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseilura (CSN) joko duela iragarri du Soriak, jakiteko ea zentralak martxan jarraitzeko baldintzak betetzen ote dituen.
Hala balitz, aurreko gobernuak emandako agindua bertan behera utziko luke Madrilek. Horrekin batera, 2019ra arte lanean jarraitzeko baimena emango lioke Raxoiren gobernuak zentralari. Izan ere, Soriak esan duenez, PPren gobernua ziur da Garoñak ahalmena duela «energia garbi eta merkea» ekoizten jarraitzeko data horretara arte.
Eta «merke» ekoizteari garrantzi handia ematen dio gobernuak, Soriak esan duenez. Gaur egun dituen ekoizpen kostuekin ezin baitu lehiatu Europako beste hainbat herrialderekin. Soriak dioenez, familiei eta industriei argindarra bermatu behar zaie «ahalik eta preziorik merkeenean».
Hala, ministroak ziurtatu du gobernuak ez duela erreaktorerik itxiko, «argindarraren prezioa merkatu nahi den garai honetan». Zentral nuklear zaharrak ez ixtea da Soriaren asmoa. Baina erreaktore nuklear berririk ez duela baimenduko iragarri du. Ildo horretan, energia nuklearrarentzat aurreko gobernuak ezarritako luzapena errespetatzeko asmoa duela esan du.
Historia luzeko zentrala
Garoñako zentral nuklearra 1971n jarri zuten martxan, eta Espainiako zentral nuklearrik zaharrena da. Berez 2009ra arteko baimena zuen, baina urte hartan Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak lau urte gehiago jarraitzeko baimena eman zion. Horrekin batera, zentralak 2013ko uztailean itxi beharko zuela iragarri zuen. CSNk txosten bat prestatu zuen Garoñaren jarduera noiz arte luza zitekeen aztertzeko, eta 2019ra arte irekita jarrai zezakeela iradoki zion gobernuari.
Ekologistek behin baino gehiagotan ohartarazi dute Garoñako zentral nuklearra ez dela segurua eta, besteak beste, hozte sisteman arazo larriak dituela. Joan den astean emandako prentsaurreko batean, Greenpeace, Amigos de la Tierra, Ecologistas en Accion, WWF eta Seo/BirdLife erakundeek gogorarazi zuten zentraleko oinarrizko sistema pitzatuta dagoela eta ez liokeela eutsiko hegazkin baten kolpeari.
Hain zuzen ere, Enresak, hondakin erradiaktiboez arduratzen den enpresak, Garoña ixteko plana helarazi zion Espainiako Industria Ministerioari. Hala, oraingoz 2013an ixteko planarekin lanean ari direla adierazi du zentralaren jabe Nuclenorreko bozeramaile Elias Fernandezek. Ildo horretan, gogorarazi du PPren gobernuak CSNren esku utzi duela ixteko prozesua bertan behera uzteko erabakia eta ikusi egin beharko dela hark zer dioen. Fernandezek uste du aurreko gobernuaren agindua bertan behera uzteak ez duela «zaila» izan beharrik. Baina aitortu du ez dela oso ohikoa.
Zentral nuklearra eraisteko egutegia bere horretan uzteko eskatu dute
Jose Manuel Soriaren hitzek «baikortasuna» sortu dute Endesan eta Iberdrolan: «Aldaketak gertatzeko zain gaude»
Erredakzioa Gasteiz
Garoñako zentral nuklearra desegiteko egutegia errespetatzeko eskatu diote eragile politiko eta sozial ugarik PPri, Espainiako Gobernuko Industria ministro Jose Manuel Soriak zentralaren jarduna 2019. urtera arte luzatzeko borondatea adierazi ondoren. Zentral nuklear «zaharkitu» hori zabalik mantentzearen arriskuak salatu dituzte, eta herritarren osasuna lehenesteko eskatu dute.
Zentralaren jarduna sei urtez luzatzeko borondateari aurre egiteko eskatu dio Arabako Bilduk herrialde horretako ahaldun nagusiari, Javier de Andresi. Gorka Ortiz de Ginea Bilduko batzarkidearen arabera, Soriaren adierazpenak «ez dira onargarriak», eta haren asmoen arriskuaz ohartarazi du: «Erreaktorean pitzadurak dituen eta 40 urtez martxan den zentral nuklear zaharkitu bat indarrean mantentzeak Arabako Foru Aldundiko arduradun nagusia kezkatu beharko luke». Japoniako Fukushima hiriko zentral nuklearrean gertatutakoa oroitarazi du Ortiz de Gineak, eta De Andresi galdegin dio Arabako biztanleen osasuna lehenets dezan: «Ez da onargarria hiriburu berde izendatu duten Gasteiztik 42 kilometrora Fukushiman terrorea eragin duen belaunaldi bereko zentral nuklear bat egotea».
PPren gobernuak Garoñako zentral nuklearraren iraupena 2019ra arte luzatzeko aukera badu PSOEk zuzendutako gobernuak herritarrei eginiko «iruzurraren» ondorio dela ziurtatu du Ezker Batuak. Arabako EBko batzarkide Nerea Galvezek oroitarazi duenez, EAJk, PPk eta PSOEk eginiko akordio batek —ekonomia iraunkorreko legeak— ahalbidetu du zentral nuklearrak 40 urtetik gora lanean izatea; horren harira, EAJren eta PSOEren jarrera salatu du: «PPk beti jokabide bera izan du, baina PSOEk eta EAJk boto ezberdina eman dute Espainiako Kongresuan eta euskal erakundeetan». Galvezek ere Fukushimako ezbeharra izan du mintzagai; han gertatutakoa energia nuklearraren inguruko eztabaidan «mugarria» izan dela uste badu ere, Soriaren asmoa «kontrako norabidean» doalakoan da.
Arazo ekonomikoen argudioa baztertzeko eta Garoñako zentrala 2013. urtean desegiteko erabakia errespetatzeko eskatu dio Eguzki talde ekologistak PPri. Elkartearen iritziz, zentrala irekita edukitzeak «ez dio onurarik ekarriko gizarteari, baina bai industriari eta interes korporatiboei».
Sei hilabete aurretik
Iberdrola eta Endesa, Garoñako zentralaren ardura duten enpresak, «baikor» azaldu dira Soriaren adierazpenak entzun eta gero. Nuclenorren akzioen jabe dira erdibana bi enpresak. Elias Fernandez Nuclenorreko eledunaren arabera, zentralaren arduradunak «aldaketak gertatzeko zain» dira; izan ere, Fernandezek azaldu du Soriak sei hilabeteko tartea duela zentrala ixteko PSOEk hartu zuen erabakia atzera botatzeko.






