Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 16:03

2011-12-13

2012ko aurrekontuak

Partzuergoak erabaki du errauste plantaren kontratua sei hilabetez etetea

Kalte-ordainik ez dute pagatu beharko, kontratuan jasotzen baita sei hilabeteko etena egiteko aukera

Ainara Arratibel Gascon Donostia

Juan Carlos Alduntzin, atzoko agerraldian. / GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko administrazio kontseiluak Zubietako errauste planta eraikitzeko kontratua sei hilabetez eteteko proposatuko dio erakundeko asanbladari. Hala eman zuen jakitera atzo, administrazio kontseiluko lehendakari eta Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzinek. Erabaki hori hartzeko arrazoi nagusietakoa ondorengoa da: Gipuzkoako 38 alkatek eta mankomunitate bateko lehendakariak hondakinak biltzeko sistema eraginkorrago bat ezartzeko erabakia dutela jakinarazi diotela partzuergoari. Asmo horrek Gipuzkoako herritarren %60ari eragingo die: «Horrek esan nahi du aurreikusitakoa baino zabor kopuru txikiagoa bilduko dela, eta ekonomikoki errauste planta bideragarria ez izateko arriskua dagoela», dio Alduntzinek. Etenagatik ez dute kalte-ordainik eman beharko.

Hala, Alduntzinek argi utzi nahi izan du orain arteko kontratua ez dela behin betiko hautsi. «Proiektuaren kontratuen baldintzen arabera, proiektuan eragina izango duen aldaketa nabarmen bat geratuz gero, posible da sei hilabeteko etenaldia aplikatzea. Alkateen konpromisoak aldaketa horietako bat ekarriko luke».

Gainera, gogorarazi du etenaldi proposamen hori bat datorrela Gipuzkoako aurrekontuak onartzeko Bilduk eta EAJk sinatutako akordioarekin.

Datozen hilabeteetan partzuergoak izango duen zeregin nagusia ere azaldu du Alduntzinek: «Hiri hondakinen kudeaketa integralerako beharrezkoak diren azpiegiturak gauzatzea dagokion heinean, hondakinak kudeatzeko ahalik eta aukera egokienak aztertzen jarraituko dugu datozen hilabeteetan, behin betiko erabakia hartu arte».

Hala, nabarmendu du aurrekontuak onartzeko akordioa Bilduk eta EAJk egin arren alderdi eta eragile guztiekin hitz egiteko asmoa dutela. «Alderdi guztietako kideekin ados jartzeko helburua dugu, hondakinen kudeaketa hobetuko duten aldaketak izateko».

Aldi berean, nabarmendu du erakunde bakoitzak bere eskumenak dituela zaborren kudeaketaren inguruan. «Batzar nagusiei dagokie planifikazio orokorra egitea, eta udalei proiektuak gauzatzea. Batzar nagusiek euren eskumenekoak diren erabakiak hartzen dituzten modu berean, euren eskumeneko erabakiak hartuko dituzte udalek ere». Horren karietara, gogorarazi du udalak eta mankomunitateak ez daudela behartuta batzar nagusiek zaborren kudeaketari buruz hartzen dituzten erabakiak betetzera; ezta, alderantziz ere.

Azken erabakia alde bakoitzak dituen eskumen horien arteko oreka bat lortuz hartzearen alde azaldu da. «Sei hilabete hauek hori lortzeko egin behar dugu lan. Izan ere, behartuta gaude erdibideko akordio bat lortzera. Ez dugu beste erremediorik. Iritsi egin behar dugu akordio batera».

Beste erabaki batzuk ere hartu zituen atzo partzuergoak. Datorren urteko zaborren tarifa kontsumorako prezioen indizea igotzea proposatuko dio batzarrari; eta, hondakin organikoen kasuan, %25eko hobaria %50era igotzea, besteak beste.

Horrekin batera, Lapatxeko konpostarako gunea hustu, eta han dagoen prozesu erdiko konposta Nafarroako bi plantara eramateko erabakia hartu du administrazio kontseiluak, eta zabor organikoa Itsasura (Lapurdi) eramatea. Behin-behineko erabakia litzateke hori. Gipuzkoak hiri hondakin organikoak modu egokian tratatzeko behar dituen azpiegiturak dituen arte izango litzateke hori, dio partzuergoaren oharrak.

Bizkaiarekin eratuta dagoen jarraipen batzordean Gipuzkoako ordezkariak Alduntzin bera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumenerako zuzendari nagusi Ainhoa Iraola izatea ere proposatu du.



 

Errauste plantari buruzko akordioa

EAJk komunikabideetara bidali duen akordioaren arabera, Zubietako errauste plantaren inguruan lau puntu adostu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiarekin:

2.2. Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Batzordeak, Araudiaren 161.2 artikuluak dionari jarraiki, Hiri Hondakinen kudeaketaren plangintzaren inguruan erakunde honetan hartu diren erabakien azterketa eta jarraipena egingo du.

2.3. Era berean, Batzordeak ezagutu eta aztertuko ditu, kasuan Foru Aldundiak indarrean dagoen Foru Araua (abenduaren 23ko 7/2008 Foru araua Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2002-2016ko Plan Orokorraren aurrerapen agiria (2008-2016) onartzen duena) aldatzeko Batzar Nagusietara igor ditzakeen proposamenak.

2.4. Batzorde honek 2012ko ekainaren 30a baino lehenago hartuko du erabakia.

2.5. Bitarte horretan (ekainaren 30a bitartean) Bildu koalizioak ordezkaritza nagusitasuna duen inongo erakunde edo/eta entitatek ez du inolako erabakirik hartuko orain arte aurreikusita eta onartuta dauden Hiri Hondakinen kudeaketarako azpiegituren gauzatzea eragotzi edo oztopatuko duenik.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia