2011-11-25
Azaroaren 25a. Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna
Genero indarkeriaren biktimak oso gazteak direla ohartarazi dute
Bizkaian, laguntza eske instituzioetara jo duten emakumeen kopurua %7 jaitsi da, baina Bilbon, ia %20 igo dira salaketak
Seme-alabek amei egiten dizkieten erasoen aurkako programa bat iragarri du diputazioak
Maite Asensio Lozano Bilbo
Deisy Mendozaren hilketa salatzeko elkarretaratzea, Bilboko Aste Nagusian. / MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Bikote harremanen barruan indarkeria sexista jasaten duten andreen gaztetasunak kezka eragin du erakunde publikoetan. Emakumeen aurkako indarkeria molde guztiak desagerrarazteko nazioarteko eguna da gaur, eta asteon plazaratutako estatistikak bat datoz adinari dagokionez. Bizkaian, aldundiaren Genero Indarkeriaren Behatokiaren arabera, 2010ean salaketa jarritako emakumeen %70ek 40 urte baino gutxiago zituzten, eta %30ek 18 eta 30 urte bitartean. Nafarroako Gobernuak antzeko zifrak eman ditu 2011ko salaketez: 34 urtez azpikoak ziren %48.
«Pentsa liteke beste garai batzuetan gizonen askoz mendekoago zirela emakumeak, eta belaunaldi gazteek hori gainditu dutela. Tamalez, ez da hala», azaldu zuen atzo Pilar Ardanza Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatuak. Adinari buruzko datuak deigarriak dira, halaber, harrera zerbitzuetara jo zutenen artean. Premiazkoen erabiltzaileen %40k 30 urte baino gutxiago zituzten; egonaldi ertain eta luzeko harrera etxeetan sartu ziren andreen batez besteko adina 24 urtekoa zen, baxuena 2004tik. Gazteen sentsibilizazioaren garrantzia nabarmendu du Ardanzak, «arazoa ezagut dezaten, eta aurre egiteko tresnak eduki ditzaten».
Era berean, datuek azaleratzen dute indarkeria jasaten duten etorkinen kopurua handiagoa dela, biztanlerian duten portzentajearekin alderatuta. Adibidez, egonaldi ertain eta luzeko harrera etxeetako erabiltzaileen %60 izan ziren, eta egonaldien iraupena ere luzeagoa izan zen, haien babesgabetasun egoeraren ondorioz. «Kanpotarrek arazo gehigarriak dituzte: ez dute hizkuntza ezagutzen, ez daukate seniderik hemen... ez dute nora jo», azaldu du Ardanzak.
Bost hildako aurten
Aurten bost emakume hil dituzte Euskal Herrian bikotekide edo bikotekide ohiek: apirilean, Yanela Zaruma Beriainen (Nafarroa); ekainean, leihotik erorita zendu zen andre bat Durangon (Bizkaia) —izenik ez dute jakinarazi—; uztailean, Rosario Roman Hernanin (Gipuzkoa), eta abuztuan, Deisy Mendoza Bilbon eta Sophie Laudette Baionan.
Nafarroan, 1.050 salaketa jaso dituzte urrira arte, iazkoen antzera. Bizkaian, 2.366 salaketa izan ziren 2010ean; 10.000 emakumeko ia 40 biktima dira horiek. Aurreko urtearekin alderatuta, %7 jaitsi zen zerbitzu publikoetara laguntza eske joandako andre kopurua, baina Pilar Ardanzak ez du uste indarkeria egoerak urritu direnik, baizik eta emakume batzuek ez dutela jotzen erakundeetara: «Norbere egoerari erantzun hobea ematen dion baliabidea erabiltzen dute. Adibibidez, tratu txar psikologikoak frogatzeko zailak direnez, ez doaz Poliziarengana, psikologoengana baizik».
Bilbon, ordea, joera guztiz aurkakoa da: ia %20 igo da salaketa kopurua aurten. Bilboko Udalaren datuen arabera, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean urtarrila eta urrira bitartean jasotako salaketen batez bestekoa 48,3 izan da hilean; 40,4 izan ziren 2010ean, eta 38,8 2009an.
Bikote barruko indarkeria fisikoa da gehien salatzen den delitua, eta, ondoren, mehatxuak eta urruntze aginduen urraketak. Sexu indarkeriaren alorrak oso salaketa gutxi du oraindik: %10 Nafarroan, eta %5 Bizkaian.
Bizkaian, baina, urtetik urtera antzematen ari dira seme-alabek amen kontra egiten dituzten indarkeria kasuek gora egin dutela: 485 kasu izan ziren 2010ean, salaketen %20. Aldundiak datozen asteetan aurkeztuko du bortizkeria horri aurre egiteko programa bat. Ardanzak aurreratu duenez, erasoak ez dira beti «familia desegituratuetan» gertatzen. «Ikaratuta gaude, gora egiten ari delako eta erasotzaileak gero eta gazteagoak direlako», nabarmendu du.
Bikotekideei eraso egitea egotzita, bi atxilotu
GASTEIZ. Bi gizon atxilotu zituzten Gasteizko udaltzainek herenegun gauean, euren bikotekideak jo zituztelakoan. Ustezko erasotzaileetako batek 49 urte ditu; Olagibel kalean ari zitzaion emazteari erasotzen, eta udaltzainak agertzean, haiei ere eraso egin zien. Ustezko beste erasotzaileak 25 urte ditu; lekuko batek eman zuen erasoaren berri. Bi gizonezkoak epailearen esku utzi ditu Gasteizko Udaltzaingoak.
Zenbakitan. 1.903
• Arlo judizialeko salaketak. 2010ean 1.903 salaketa jaso zituzten Bizkaiko epaitegiek, eta %12 baino ez zituzten erretiratu. 516 babes agindu ireki zituzten.
Gaitzespen publikorako deia egin du Emakundek
GASTEIZ. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna dela eta, indarkeria mota hori jendaurrean gaitzesteko deia egin dio Emakundek gizarteari; egun guztian egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko eskatu du, eta arazoak amaitzeko, berdintasun politikak tresna moduan erabiltzea aldarrikatu du. Mobilizatzea eta pentsamoldea aldatzea ere ezinbestekoa dela adierazi du Emakundek.
366
• Laguntza psikologikoa jasotakoak. 2010ean Bizkaian 366 andrek abiatu zuten laguntza psikologikoko foru egitarauaren tratamendua; egunean batek. 30 urtetik beherakoak %23.
Bilduk, EBk eta Equok bat egin dute mobilizazioekin
BILBO. Bilduk, Ezker Batua-Berdeek eta Equok bat egin dute gaur egingo diren mobilizazioekin. Bilduren arabera, emakumeen jabekuntzan oinarritutako «erantzun osoak» bilatu behar dira genero indarkeriaren kontra. EB-Berdeek diote emakumeen aurkako indarkerian ezin dela zaintza jaitsi. Equok, berriz, adierazi du arazoa gizarte osoari dagokiola eta horren aurka urteko egun guztietan egin behar dela.
Kanpaina bat jarri dute martxan, Deustuan
BILBO. Deustu Bizirik Deustu auzoko (Bilbo) merkatarien elkarteak kanpaina bat jarri du abian emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko; arazoarekiko kontzientzia handiagoa hartzea dute helburu. Horregatik, erasoen aurrean nola joka daitekeen azaltzen duen prebentzio gida bat egin dute. Kanpainarekin bat egin duten denda guztiek bereizgarri bat izango dute atean. Azkenik, kanpainan izandako gertakari guztien jarraipena ere egingo dute.






