Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 15:57

2011-11-24

Jaurlaritzak asmoa du gizonen artean kutsatutako GIB kasuak gutxitzeko

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzemaniko kutsatzeen %41 gizonekin sexua duten gizonen artean izan dira

Gorka Salces Alcalde

Daniel Zulaika, Rafael Bengoa, Virgina Cortina eta Miguel Angel Ruiz, atzo, Bilboko agerraldian. / MARISOL RAMIREZ / ARP

Sexu bidez transmititzen diren infekzioei aurrea hartzeko kanpaina bat jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak gizonekin sexua duten gizonentzat. GIB birusaren infekzioetan biztanleriaren sektore honen inguruan azken urteetan jasotako datuak kezkagarriak direla-eta hartu dute erabakia. Izan ere, iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan atzemandako GIB kasuen %41 gizonekin sexua duten gizonen artean gertatu ziren. Terminologia horren bitartez bildu nahi izan dituzte, homosexualak direla jendaurrean esan duten gizonez aparte, sexu praktika horiek dituzten beste talde batzuk. Horien artean leudeke bisexualak, homosexualak direla adierazi ez dutenak eta noizbait harreman homosexualak izandako gizon heterosexualak. Nazioartean adostasuna duen terminoa da.

Atzo egin zuten, Bilbon, kanpainaren nondik norakoak azaltzeko agerraldia. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoak, EAEko Hiesaren Planeko koordinatzaile Daniel Zulaikak, EAEko Botikarien Elkargoko presidente Virginia Cortinak eta Euskalsidako presidente Miguel Angel Ruizek hitz egin zuten. Alde batetik, Ez itxi begirik GIB/Hiesari. Gizontasunez, erabili preserbatiboa lelopean, azaroaren 23tik abenduaren 6ra publizitate kanpaina egingo da, eta 170.000 euroko kostua izango du.

Kanpaina, kontsulta eta testa

Bengoak adierazi duenez, kanpaina zinez beharrezkoa da: «Gizonekin harreman sexualak dituzten gizonek ez dute antzeman zein den euren kolektiboan GIBa eta beste sexu bidezko infekzioen egoera epidemiologikoa, eta, beraz, ez dira benetan konturatu euren harremanetan ez babesteak izan ditzakeen ondorioez». Hortaz, kanpainaren helburua da kolektiboak errealitate horren inguruan sentikortasuna garatzea eta preserbatiboa sistematikoki erabiltzearen beharraz jabetzea. Sailburuaren hitzetan, Jaurlaritzak soilik biztanleriaren sektore honentzako kapaina bat garatzen duen lehenengo aldia da, nahiz eta beste kanpaina batzuetan haiei erreferentziak askotan egin dizkieten.

Kanpainaren bigarren xedea Internet bidezko kontsulta bat abian jartzea izango da. Hori ere ezaugarri berbereko pertsonentzat izango da. Zerbitzua erabiltzen dutenen artean, zenbait kasu hautatuko dira, eta kutsatu izanaren susmoa hartutakoei telefono bidezko kontsulta egingo diete. Diagnostikoa argia den kasuetan, sexu bidezko infekzioetan espezializatutako mediku baten arreta jasoko du kaltetutakoak. Horri lotuta, Internet bidezko kontsultak kolektibo hauentzako informazio guneak izango ditu, sexu bidez transmititutako gaixotasunen inguruan batik bat. Urte beten bueltan, programaren ebaluazioa egingo dute, eta herritar guztiei zabaltzeko aukera aintzakotzat hartuko dute. Zulaikak argitu du oraingoz aipatutako biztanleekin soilik lan egingo dutela.

Jaurlaritzak sustatutako beste aldaketa bat hizipide izan du Cortinak. Izan ere, GIBa eta sifilia atzemateko test azkarrak batera egingo dira gaurtik aurrera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako botiketan, orain arte GIBaren test soilak zuen prezio berean: «Bost euro». Testa egin ahal izateko, zenbait datu bete beharko dira orri batean, baina azterketa guztiz anonimoa izango da. Erabiltzaileak inprimakia farmaziara eraman beharko du, eta horren bitartez sifiliaren eta GIBaren testa egin diezaioten eskatu. Ordaindu ostean egingo liokete testa.

Cortinak esandakoaren arabera, 8.300 pertsona joan dira EAEko farmazietara GIBaren test anonimo azkarrak egitera azkeneko bi urte eta erdian. Horien artean %15 gizonekin sexua duten gizonak izan dira, eta guztira 68 pertsonak eman dute positiboa. «Diagnostiko goiztiar bat izan dute 68 pertsona horiek, eta, horren ondorioz, tratamendu egokia izan dute, beren bizi-kalitatea eta aukerak era neurrigabe hobetuz», azaldu du Cortinak. Ruizek, berriz, azaldu du testa debalde egiten dela hainbat erakundetan; Hiesaren Aurkako Arabako Batzordean eta Bizkaikoan, kasu. «Testak oso errazak zirela ikusita, eta fidagarritasun handia zutenez, egiteko erabakia hartu genuen». «Programa honek aukera ematen dizu pertsonarekin ordu erdiz sexu ziurrari eta prebentzioari buruz hitz egiten egoteko», nabarmendu du.

Botiken ondorioak

1996an hiesa kroniko bihurtu duten botikak agertzen hasi ziren. «Seropositiboen tratamenduan mugarria izan zen», oroitarazi du Bengoak. «Baina sexu ziurra alde batera uzteko efektua ere izan zuen gizonekin sexua duten gizonen artean». Erakutsi dituzten datuetan ageri denez, 2005 eta 2010 bitartean EAEn atzemandako sifili kasuen %74 gizonen artean erlazioak dituzten gizonen artean topatu dira. Gizonekin sexua duten gizonak biztanleria osoaren %2,5 direla azaldu Bengoak. EHGAMekoek erabili ohi dituzten kalkuluak %10ekoak dira.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia