Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 15:57

2011-11-24

Azaroaren 25a. Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Defendatzeko eskubidea ikasten

Mugimendu feministarentzat, autodefentsa da emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko tresna eraginkorrenetako bat

Azaroaren 25eko aldarrien harira, bihar kalera irtetearen garrantziaz ohartarazi dute

Maite Asensio Lozano Bilbo

Kolpeak ematen ikasteaz gain, emakumeek beldurra gainditzeko xedea ere badu autodefentsa feministak. / MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

«Jotzea oso erraza da; zeure burua defendatzeko eskubidea daukazula sinestea da zailena». Autodefentsa feministaren ikastaro guztietan premisa hori errepikatzen du Maitena Monroy irakasleak. «Blokeoa» izaten dute ahotan eraso sexistak jasan dituzten emakumeek: pentsatzeko, erantzuteko, egoerari aurre egiteko ezintasuna. Gizarte eraikuntzaren eta genero roletan oinarritutako sozializazioaren ondorio bat dela uste du Monroyk. Sentipen hori desagerraraztea eta indarkeria egoerei aurre egiteko tresnak ematea dira, hain justu, autodefentsa feministaren helburuak. Urtero, azaroaren 25aren atarian ikastaro ugari egiten den arren, hausnarketa sakona eskatzen du prozesuak, feministen iritziz.

Ukabilkadak eta ostikoak nola eman irakasten baino gehiago, hitz egiten eta eztabaidan pasatzen du Monroyk ikastarootako denboraren erdia. Lan fisikora heldu aurretik, ezinbestekoa da psikologikoa egitea. Beldurra deseraikitzea da lehen urratsa, eta, horretarako, andreek bakarrik sentitzen duten beldur horren jatorria aztertu behar da: «Emakumeak ez gara beldurrarekin jaiotzen; beldurrean hezten gaituzte. Txikitatik esaten digute kontuz ibiltzeko, zerbait gerta dakigukeelako, zerbait hori zer den zehaztu gabe».

Hori dela eta, beldurraz baino gehiago, «terrore sexualaz» mintzatzen da. «Beldurrak zehatzak dira; abagune batean kokatzen dira, identifikatzen. Terrorea ez». Andreak kontrolatzeko modu bat dela gaineratu du, eta hori azaltzeko ere termino politikoagoa erabili du: «Kontrol horrek emakumeen aurkako indarkeria sinbolikoa sendotzen du: harresi sinbolikoak eratzen ditu, eta, hala, espazioak eta momentuak ukatzen dizkigu. Apartheid-a dakar».

Apartheid-a estalia dela erantsi du, kontrol hori ingurune afektiboetatik datorrelako, familiatik gehienbat: «Eta horrek pentsarazten digu babesten gaituztela». Ustezko babes horrek, ordea, erabat mugatzen du emakumeen askatasuna. Aski ezagunak dira neskatoei egin ohi zaizkien gomendioak: gauez bakarrik ez ibiltzea, leku zehatz batzuetara ez joatea... Eta gizonak izan ohi dira segurtasunaren erreferente, arazorik izatekotan aitari edo nebari deitzeko aholkatzen baita. «Zentzugabea da emakumeak babesteko modu bakarra emakumeak kontrolatzea izatea. Indarkeria saihesteko, andreek mugak jartzen dizkiote beren buruari; eta indarkeriaren ostean ere haien gain erortzen dira babes neurriak».

Horren ondorioz, ondorioztatu du andreak ahulezian, «babesgabetasun ikasian» hezten direla. Monroyk ikastaroetan entzun ohi die zenbait andreri: «Edozer eginda ere ezingo dut erasoa saihestu, ez dago nire esku». Izan ere, ez erantzuten ere irakasten zaie andreei, sozializazio prozesuan ematen zaizkien ezaugarrien eta funtzioen bidez: adeitsuak izatea, mundu guztia maitatzea, besteei minik ez egitea edo deseroso ez sentiaraztea, sakrifikatzea, besteengan gehiago pentsatzea norbere buruan baino... «Ez gara subjektu sentitzen», laburbildu du.

Lotsa eta erruduntasuna

«Sexu terrorearen eraikuntzan, emakumeoi ez digute esaten eskubidea dugula bortxatuak ez izateko, errespetatuak izateko. Aldiz, kontuz ibiltzeko ohartarazi didate; beraz, niri erasotzen badidate, kontu nahikoarekin ibili ez naizelako da. Ondorioa: erruduna naiz». Arriskuak behar bezala ez definitzeak erantzuteko tresnak garatzea oztopatzen du, baina emakumeek badute hezkuntzan jasotako beste zama bat: lotsa eta erruduntasuna.

Horren aurrean, erasoaren ardura egilearena dela nabarmendu du Monroyk: «Gezurra da gizon erasotzaileek ezin dutela beren burua kontrolatu. Borondatea, inposizioa eta gizonen gehiegizko boterea praktikan jarri nahi izatea dira emakumeen aurkako indarkeriaren ezaugarriak. Beraz, andreei erasotzen dieten gizonek nahi dutelako erabiltzen dute bortizkeria».

Ohiko tratu txarrei buruz egindako ikerketetara jo du hori azaltzeko. Adituen arabera, indarkeria zuzena jasan duten emakume gehienek enborrean eta adarretan dauzkate kolpeak. «Ubeldurak ikusten ez diren tokietan», zehaztu du; «Oso ondo dakite nor, nola eta non jo».

Hori kontuan hartuta, autodefentsa irakasleak uste du emakumeak beste posizio batean kokatu behar direla, indarkeriari dagokionez. Batetik, erruduntasun sentimendua alboratu: «Guk ez dugulako erantzukizunik erasotzaile sexistek egiten duten indarkerian»; eta bestetik, subjektu bihurtu: «Guk erabaki». Emakumeen jabekuntzak helburu hori duela berretsi du, hots, eskubideez jabetzea eta horiek erabiltzea: «Pertsona bat ezin da eskubideen jabe izan, aurretik bere gorputzaren jabe ez bada. Horrek esan nahi du niri gertatzen zaidanaren inguruan nire autoritateak balio duela, nik erabakitzen dudala zer gertatzen zaion nire gorputzari, eta norekin».

Era berean, erasoak identifikatu eta izendatu beharraz jardun da, eta nabarmendu du intentsitate baxuko indarkeria dakarten jokabideak ere ezin direla normaltzat jo: «Ez da eskua hankan jartzen didala, baizik eta erasotzen didala; nire espazioa inbaditzen ari da, nire gorputza ukitzen, nire baimenik gabe. Gertaera ondo izendatu behar da, hitza jarri: eraso». Eta egileekin, berdin: «Ez da taberna batean etortzen zaidan tipo astuna, erasotzailea baizik, ez nauelako ni errespetatzen, ezta nire espazioa, nire askatasuna, nire erabakiak ere».

Halere, erasoak identifikatzeko zailtasunak dituzte emakume askok, eguneroko bizitzan batik bat: «Egiten eta sentitzen dugunarekin eta garenarekin lotuta dagoelako sexismoa». Izan ere, bikote harremanetako desorekak ikusteko ere baliagarria da autodefentsa feminista. Maitasun erromantikoak duen eragina deitoratu du Monroyk: «Eredu horretan, gizonen egitekoa emakumeak kontrolatzea da, eta emakumeena, berriz, gizonak barkatzea, mendeko izatea, dena ematea. Andreok gure izaera alboratzeko hezten gaituzte, hala maitatuak izango garelakoan».

Hortaz, eredu horrek indarkeria sexista bultzatzen duela uste du. Andreen aurkako bortizkeria, fisikoa eta zuzena izan aurretik, sinbolikoa eta egiturazkoa delako: «Gure gizartean, gizonak legitimatuta daude emakumeen aurkako indarkeria erabiltzeko, eta indarkeria hori, gainera, instrumentala da, emakumeak kontrolatzeko eta mendean hartzeko baliatzen delako». Eta, haren ustez, helburuari eta bitartekoari legitimazioa kentzean dago gakoa.

Horrekin batera, ezinbestekotzat du feminismoaren ekarpena kontuan hartzea eta mugimenduak betidanik egin duen planteamendura itzultzea: «Indarkeria genero desberdintasunarekin lotuta dago: zenbat eta berdintasun gehiago, orduan eta indarkeria gutxiago».

Bidea ibiltzeko «tresna bat gehiago» da autodefentsa, feminismoaren parte bat. «Ikastaroetan gure ezinegona kolektibizatzen dugu, eta izena jartzen diogu, aurka egiteko praktikak bilatzen ditugu, hausnartzen dugu. Eta, ondoren, areago goaz, mundua eraldatzeko helburuz. Gure ezinegon horrek, gure amorruak gizartea eraldatzeko motore bihurtu behar du».



 

Biharko deitutako manifestazioak

Bilgune Feministaren deiak



Ekitaldi ugari egingo dira Euskal Herri osoan. Hona Bilgune Feministak hiriburuetarako egindako deialdiak:

Baiona. 18:00etan, elkarretaratzea. Baionako Herriko Etxearen aurreko aldean egingo dute bilkura.

Donostia. 19:00etan manifestazioa abiatuko da Bulebarretik.

Bilbo. 20:00etan manifestazioa irtengo da Arriagatik.

Iruńea. 20:00etan, manifestazioa Gazteluko plazatik.

Gasteiz. 20:30ean manifestazioa irtengo da Andre Mari Zuriaren plazatik.



 

Oroimenarentzako plaza bat nahi dute Bilbon

Bizkaiko Emakume Asanbladak genero indarkeriaren biktima izan direnen «oroimenerako» leku bat nahi du Bilbon: plaza bat. Hori dela eta, maiatzean, Bilboko plaza bati Azaroak 25 izena jartzeko eskatu zioten udalari. Salatu dute egindako eskaera onartu arren oraindik ez dutela gauzatu.



 

Andreak babestean haien hitza lehenesteko eskatu dute

Indarkeriaren aurkako neurriek emakumeen jabekuntza sustatu behar dutela berretsi du Bilgune Feministak

M. Asensio Lozano

Bikotekide edo bikotekide ohien aldetik indarkeria jasaten duten emakumeak babesteko neurriak «protekzionismoan eta paternalismoan» oinarritzen direla salatu zuen atzo Euskal Herriko Bilgune Feministak, Gasteizen eginiko agerraldian. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira bihar egingo dituzten mobilizazioetako mezua aurkeztean, indarkeriatik ateratzeko emakumeen jabekuntzan sakondu beharra nabarmendu zuen Miren Arangurenek: «Emakumeon hitzak egun daukana baino indar gehiago hartu beharko luke, subjektu politiko bilakatzeko prozesuaren lehen pausoa baita».

Indarkeria sexistaren aurrean, borondate politikoa 0. Partxeo gehiagorik ez! leloaren bidez, erakunde publikoen jardunak hartu duen norabidea kritikatu du taldeak. Alde batetik, lege esparruaren ikuspegia mugatua dela ekarri du gogora, bikotekide edo bikotekide ohiek eginiko tratu txar kasuetan baino ez direlako babes neurriak aktibatzen. «Bikotekide edo bikotekide ohi heterosexuala ez diren gizonen aldetik indarkeria jasaten duten emakumeentzako laguntzak non daude? Zein legitimitate ematen die legeak emakume horiei?», galdetu du Arangurenek.

Bestetik, azaldu du instituzioetatik heldutako babes neurriek andreen biktimizazioa sustatzen dutela: «Diskurtso biktimizatzaileak ez ditu eraldaketarako gakoak ematen; ahuldu egiten gaitu». Adibide gisa tratu txarrak jasandako andreei jarritako bizkartzain eta kontrazaintzarako ertzain kopuruaren gorakada jarri du. Erakundeen jarreran bertan ikusten du arazoa: «Subjektu pasiboak bagina bezala tratatzen gaituzte, geure burua defendatzeko gaitasunik ez bagenu bezala, zer nahi dugun jakingo ez bagenu bezala».

Era berean, neurrien arteko koordinaziorik ez dagoela esan du, eta Eusko Jaurlaritzak Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzaren bidez abiatutako «leihatila bakarra» ez dela eraginkorra: «Zerbitzuak zentralizatu dira, baina ez koordinatu. Ez dago emakumeen eskura, eta, gainera, ez du kontuan hartzen salaketak leku askotatik jaso daitezkeela, oinarrizko gizarte zerbitzuetatik edo familia medikutik adibidez».

Leihatila hori Herrizaingo Sailaren barruan dagoela ekarri du gogora, gainera. «Poliziaren neurriak eta babesa-kontrola binomioa lehenesten dira, baina, gure ustez, jabekuntzatik abiatu behar da». Izan ere, Bilgune Feministak aldarrikatu duenez, indarkeria egoeratik ateratzeko neurriek «emakumeen protagonismoa, babesa eta eskubideen jabetzea ekarri» behar dute.

Ildo horretan, autodefentsa ezinbesteko tresnatzat jo du Arangurenek, andreen «babesa, autoestimua, konfiantza» sustatzen baitu. Halere, ondorioztatu du aurrera begira helburuak erasook ez gertatzea izan behar duela: «Emakumeon eskubideen aitortza eta bermea helburu duen prebentzio lan handia dugu egiteko».

Lege aurreproiektua hizpide

Indarkeria matxistaren aurkako legea prestatzen ari da Jaurlaritza, baina aurreproiektua kaleratu berritan aurkako iritziak jaso ditu mugimendu feministatik. «Jantzi zaharretan partxe bat gehiago» jartzea besterik ez dela adierazi du Bilgune Feministak. Indarkeriaren kontrako neurriek «Polizia indarren jardunari garrantzia» ematen diotela salatu du Arangurenek, eta, beraz, ez dituela kontuan hartzen hezkuntza, publizitatea, kultura eta bestelako lan esparruak.

Hala, taldearen ustez, aurreproiektuak garrantzi «eskasa» ematen dio prebentzioari, eta, gainera, baliabideak emateko baldintzak gogortzen ditu: «Orain 20.000 biztanletik gorako herriak daude behartuta babes errekurtsoak edukitzera; aurreproiektuak 60.000ra igotzen du muga; hala, laguntzak murrizten ditu».



 

Bikotekidea haserretzearen beldur izaten al zara?

Azaroaren 25aren harira antolatu diren ekintza ugariren artean, Bilbon galdetegi bat plazaratu da hainbat talde feministak sustatuta. Inkesta emakumeentzat lagungarri izatea da xedea, beren bizitzan genero indarkeriaren zantzurik baden argitzeko. Lerroon goiburuan agertzen dena galdetzen dute tartean.



 

Ezkerraldean ibilaldi bat egingo dute larunbatean

Azaroaren 25aren harira, larunbatean Bizkaiko Ezkerraldeko emakume taldeek ibilaldi bat egingo dute Portugalete, Sestao eta Barakaldo artean. Antolatzaileek gogorarazi dute Portugaletekoa zela aurten emakumeen kontrako indarkeriaren ondorioz Euskal Herrian hil diren emakumeetako bat.



 

Genero indarkeriaren aurka, maitasun keinuak

Gizon Sareak, berdintasunaren aldeko Euskal Herriko gizon taldeak, jendearen maitasun keinuak bildu ditu azken hilabeteetan. Horrela, genero indarkeriaren inguruan herritarrek zer jarrera duten erakutsi nahi dute: «Gure esku dago zerbait egitea. Bestelako errealitatea sor eta eraiki dezakegu elkarrekin».

Duela bi urte abiatu zuten proiektuaren bigarren zatia izan da keinu bilketa, 2009an keinu ibiltarien bila ibili baitziren hiriburuz hiriburu. Hainbat plazatan bizikletak eta arraun tresnak jarri zituzten, eta jendeak gogor eragin zien pedalei eta arraunei; genero indarkeriaren aurkako 151 kilometro jaso zituzten. Ekimen horiekin egin duten bideoa larunbatean aurkeztuko dute, Laudion (Araba).



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia