Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 15:56

2011-11-19

Poliziak «legez kanpoko» kaleratzeak egin dituela dio Bilboko Okupazio Bulegoak

Erredakzioa Bilbo

Ertzaintzak Kukutza II hustu zuen asteazkenean. / MARISOL RAMIREZ/ARP

Bilboko Okupazio Bulegoak kritikatu egin ditu Poliziak azken asteetan egin dituen «legez kanpoko kaleratzeak». Okupazioaren legitimitatea gizarteratzea helburu duen taldearen arabera, igaro den hilabetean, «epailearen inongo agindurik gabe» hustu dituzten eraikinak hiru izan dira : Bilbon, Kukutza II; Donostian, Arte Ederren eraikina, eta Erandion, gaztetxea (Bizkaia). Hala, «okupazioaren aldeko mugimenduaren aurka eta, batez ere, gaztetxeen aurka» doazela uste dute.

Okupazioaren Bulegoak gogorarazi du «zuzenbideko estatu batean» delituak epaile batek aplikatu behar dituela; ez politikariek eta ez Poliziak. Okupazioaren kasuan, gainera, «egungo jurisprudentziaren» arabera, jabeen baimenik gabe eraikin batean sartzea beti ez dela delitua esan dut. Jabeak eraikina erabiltzeko asmorik erakusten ez duenean okupazioa «desegokia» izan daitekela diote, «baina ez delitua».

Ostegunean, bestalde, Uxotegi gaztetxera (Donostia), —irailean hainbat gaztek okupatu zuten — joan zen Ertzaintza eta hiru gazte identifikatu zituen bertan; ondorioz, inputatu egin dituzte hirurak, eraikin pribatu bat «legez kanpo okupatzea» leporatzen baitiete. Datorren astean joan beharko dute epailearen aurrean deklaratzera.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia