2011-11-19
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Urkulluk dio herritarren esku egongo dela estatus politiko berria lortzea
Instituzioetan egindako «lan emankorra» jarri du berme gisa, eta esan du «EAJren ereduak» funtzionatu egiten duela
Jokin Sagarzazu
Iñigo Urkullu, atzo, EAJk Bilboko Casilla pabiloian kanpaina amaieran egindako mitinean. / MONIKA DEL VALLE / ARP
«Euskadirentzako estatus politiko berria lortzea». Hori da 2015era begira EAJk jarrita daukan erronka. Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak atzo azaldu zuenez, bidea ez da erraza izango eta herritarrak helburu horretara erakartzea izango da gakoa. «Euskadik jantzi berri bat behar du, eta hori herritar guztien artean moztu eta josi behar dugu». Buruzagi jeltzaleak adierazi zuenez, lan hori gidatzeko «berme» gehien ematen duen alderdia EAJ izango da. «Denborak erakutsi digu asmatu genuela, eta asmatuko dugu. Gure ereduak funtzionatu egin du».
EAJren hauteskunde kanpaina ixteko ekitaldian esan zituen hitzok Urkulluk, atzo. PSE-EEk eta PPk ezarri duten «alderdi bitasunaren» eta Amaiurren «ameskerien» aldean EAJ Espainiako Gorteetan «Euskadiren interesen alde» egingo duen alderdi bakarra izango dela adierazi zuen.
Aurreko hauteskundeetan bezala, Bilboko Casillan bildu ziren jeltzaleak. Alderdiaren zaleek lepo bete zuten kiroldegia. Independentziaren aldeko oihuak nagusitu ziren, eta ikurrinen eta musuen artean, Espainiako Kongresurako hautagaiek, Iñigo Urkullu buru zutela, jende artean jarritako tapiz berdea zeharkatu eta pistaren erdian kokatuta zegoen agertokira iritsi ziren. Lehena hitza hartzen Emilio Olabarria Arabako zerrendaburua izan zen. Arabarren ahotsa defendatzen duen «bakarra» EAJ izango dela nabarmendu zuen.
Bigarrena hitz egiten Arantza Tapia Gipuzkoako zerrendaburua izan zen. EAJren programaren helburua «euskaldun guztien ongizatea defendatzea» dela adierazi zuen, eta EAJk krisialdi ekonomikoari aurre egiteko «alternatiba sinesgarri bat» eskaintzen duela. Euskal Herriaren nazio aldarrikapena Espainiako Gorteetan entzunaraziko dutela ziurtatuz amaitu zuen hitzaldia.
Urkullurekin batera, Erkorekak jaso zuen txalo zaparradarik handiena. EAJren programa eskuetan zuela txantxa eginez hasi zen. «Hau da Euskadiko best seller-a», esan zuen, bere kanpinaren oinarria programa izan dela nabarmenduz. «Gu gara Euskadiren alde Madrilera joango garen bakarrak. Joan, gero itzultzeko». «Euskadiren interesen alde egunero egin behar da, toki guztietan, ez beste batzuek bezala», adierazi zuen hautagai jeltzaleak Amaiur gogoan zuela.
Taldeari eutsi, aurrera egiteko
J. SAGARZAZU
Kongresuan duen taldeari eustea izango da EAJren helburua. Eustea, luze gabe jeltzaleek izango dituzten erronkei aurre egiteko (EBB berria osatu, bake prozesua, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak).
EAJren emaitzetan bi faktorek izango dute eragina: Amaiurren presentziak eta PPren eta PSOEren arteko lehiak. Jeltzaleek zail dute Arabako diputatua lortzea, baina ziurtatuko balute, Gipuzkoan eta Bizkaian lortu beharko lituzkete gainontzeko laurak.
Gipuzkoan, bi diputatu lortu zituen 2008an, eta PSE-EEk hiru. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako emaitzekin (80.000 boto), larri eskuratuko luke bigarrena EAJk. Sintomatikoa da bi alderdiek Gipuzkoan egin duten kanpaina: PSE-EEk ez du EAJren aurkako mezurik eman ia, Elorzaren hitzetan galtzeko gehiago daukatelako irabazteko baino. Egibarrek, berriz, sozialistak izan ditu jopuntuan.
Bizkaian, hiru diputatu lortu zituen EAJk 2008an. Oraingo honetan PSE-EEk nabarmen egin dezake behera, baina, kasu honetan, PP azaltzen da jeltzaleen arerio nagusi gisa. Diputatu bat bietako batena izango da.•
Egibar: «EAJ da inbertsio sozial eta politiko seguruena»
PSE-EErentzat eta Amaiurrentzat hitz egin du GBBko buruak kanpainako azken ekitaldian
J. S.
Donostiako Miramongo Teknologia Parkean egin zuten hauteskunde kanpainako azken ekitaldia atzo goizean Gipuzkoako hautagaiek, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak babestuta. Han, Egibarrek EAJren aldeko botoa eskatu zuen, haren arabera alderdi hori delako «inbertsio sozial eta politiko seguruena». «EAJren alde bozkatzeak ez du arriskurik: konpromiso osoko boza da, joan-etorria duena; hau da, inbertsiorik onena».
Irudi hori indartzeko, Espainiako Gorteetan diputatu jeltzaleek egin duten lana jarri zuen «berme» gisa EAJren GBBko presidenteak; aldiz, beste alderdiek «Euskadiren interesen» alde zer egin duten galdetu zuen. «EAJ alderdi fidagarria da. Azkeneko hamarkadetan erakutsi dugu, eta herri honen alde, euskal herritar guztion alde lan egin dugu. Horregatik, herritarrek politika zein gizarte maila inbertsioa egin behar badute, EAJ da balio seguruena», nabarmendu zuen.
Hitzaldian ez zuen EAJ ez beste siglarik aipatu Egibarrek, baina mezuak, bereziki, PSE-EErentzat eta Amaiurrentzat izan zirela agerian utzi zuten haren adierazpenek. «Batzuk soilik hauteskunde kanpaina dagoenean azaltzen dira, baina behin hauteskundeak pasatzen direnean ez ditugu berriro ikusiko. Izan ere, lau urte emango dituzte talde handiago batzuetan murgilduak; eta beste batzuk, ordea, orain erabaki dute joatea; ongi etorri. Jardun horretan, EAJ aitzindari izan da bidea egiten, eta orain beraiek etorri dira».
«Lehen mailako» herria
Arantxa Tapia Espainiako Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak, berriz, Miramongo Teknologia Parkean zirela baliatu zuen EAJk berrikuntza eta teknologiaren alde egiten duela nabarmentzeko. «Hori izan da gure apustua, eta horretan jarraituko dugu lanean. Gure herria erreferente izatea nahi dugu, lan egiteko aukerak sortzen dituena, kalitatezko lana alegia; eta ez, beste batzuk nahi duten moduan, bainuetxea».
Tapiak azaldu zuenez, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko ezinbestekoa da arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana sustatzea. «Guztion artean lortuko dugu gure enpresen berpizkundea eta, ondorioz, lanpostuen sorreran aurreratuenak izatea».
ESANA. IÑIGO URKULLU. EAJren EBBko presidentea
«Euskadik jantzi berri bat behar du, eta hori herritar guztion artean moztu eta josi behar dugu»
Botoa Geroa Bairi emateko esan du NaBaiko hautetsi talde batek
NaBaiko hautetsi talde batek Geroa Bairen aldeko botoa eskatu du, Amaiurren alde azaldu den beste talde bati erantzunez. Tartean dira Ricardo Gomez de Segura eta Javier Leoz zinegotziak. Amaiurren alde azaldu dira Pello Gurmindo eta Xabier Lasa alkate ohiak, besteak beste.






