Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 15:50

2011-11-02

Zorraren krisia. Grezia

Papandreuk alarma eragin du

Iragan astean hitzartutakoa betetzea beste aukerarik ez duela esan diote Merkelek, Sarkozyk eta Europako Batzordeak

Papandreuren etorkizun politikoa eta herri galdeketa bera zalantzan daude

Jakes Goikoetxea

Argi gorri guztiak piztuta daude. Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak erabaki bakar batekin kolokan jarri ditu Europako Batasunaren kudeaketa gaitasuna, euroaren bideragarritasuna, finantza merkatuak, Greziaren etorkizuna eta gobernuaren iraupena. Euroguneko agintariek, teorian, iragan ostegunean «behin betiko konponbidea» onartu zuten Greziarentzat; egun batzuk geroago dena kolokan dago, Papandreuk akordioari buruzko erabakia greziar haserretuen esku utzi duelako.

Papandreu Cannesen (Frantzia) izango da gaur. Herri galdeketari buruzko azalpenak eman beharko dizkie Europako Batasuneko, Europako Banku Zentraleko (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) arduradunei. Epelak entzun beharko ditu, bai herri galdeketa egitea erabakitzeagatik, bai erabakitzeko moduagatik. Papandreuk ez zion ezer esan inori, agintarien doministikuek finantza merkatuetan ekaitzak eragiten dituzten garaiotan.

1. Zer erabaki du Papandreuk?

Herritarrek erabakitzea ea Greziaren bigarren erreskatearen baldintzak onartzen dituzten edo ez. Ostegunean euroguneak hiru erabaki hartu zituen: bankuek Greziari zorraren erdia barkatzea; barkamenaren zuloa estaltzeko bankuen kapitalizazioa handitzea; eta arazo handiagoak saihesteko EFSF funtsaren ahalmena handitzea. Ez musu truk. Greziak murrizketa gehiago onartu beharko lituzke, eta onartutakoak indarrean jarri.

2. Zergatik hartu du erabakia?

Auskalo. Haserre ditu herritarrak, Pasokeko alderdikideak eta oposizioa. Denak. Iragan astean ez zuen auzitan jarri akordioa. Egun batzuk geroago, ordea, zalantzan jarri ditu bere kargua —konfiantza mozioa du etzi— eta erreskatea: alde batetik, Parlamentuan ez dauka ziurtatuta beharrezko babesa karguari eusteko; bestetik, herri galdeketaren emaitza ezezkoa izango da ziurrenik. Murrizketek eta zerga igoerek itota, nola onartuko dituzte gehiago? Papandreuren suizidio politikoa dirudi. Ministroen Kontseilua bildu zuen atzo arratsaldean. Bileraren ostean Angelos Tolkas bozeramaileak esan zuen etziko konfiantza mozioa gainditzea espero dutela eta eutsi egingo diotela herri galdeketari.

3. Zer erantzun diote?

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak elkarrekin hitz egin zuten atzo arratsaldean. Haien esanetan, «inoiz baino beharrezkoagoa» da iragan asteko akordioa aplikatzea. Prest daude akordioa lehenbailehen indarrean jartzeko, herri galdeketari jaramonik egin gabe. Baina nola aplika daiteke akordio bat herrialde bateko agintariek nahi ez badute?

Europak Greziari ez dio dirurik utziko, trukean defizita murrizteko neurririk onartzen ez badu. Europa orain arte ez da hain eskuzabala izan Greziarekin. Ez dirudi izango denik. «Beti da bidezkoa herritarrei galdetzea, baina ezin da eurogunearen elkartasuna jaso beharrezko ahaleginak egin gabe», esan zuen Sarkozyk, atzo, ministroekin premiazko bilera egin eta gero. «Ez dago beste aukerarik», gehitu zuen. Europa Greziarekin eskuzabala bada, hurrengo egunean ate-joka izango ditu Irlanda eta Portugal ere, baldintza samurragoak eskatuz.

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluak konpromisoak betetzeko eskatu diote Greziari.

4. Herri galdeketa egingo al da?

Agian ez. Papandreuk dimisioa eman dezake datozen egunotan, bai etziko konfiantza mozioaren aurretik, bai mozioaren ostean. Lehen ministroak eta herri galdeketak kontrario asko dituzte: Europako Batasuna, NDF, EBZ, bankuak, Pasokeko hainbat alderdikide... Zaila izango da horien guztien presioari eustea.

Gainera, konfiantza mozioa galtzeko aukerak gero eta handiagoak dira, gehiengo justua baitauka, 300 diputatutik 152.

5. Zer gerta daiteke bankuekin?

Berez, iragan asteko akordioaren arabera, Greziaren zorraren hartzekodun pribatu nagusiek, bankuek, zorraren erdia barkatzea onartu zuten, 100.000 milioi euro inguru. Horrez gain, bankuen kaudimen baldintzak gogortu egin zituzten, zorra barkatzeak eragingo dituen zuloei aurre egiteko. Nazioarteko Finantza Institutuak (IIF), munduko banku nagusien elkarteak, atzo berretsi zuen prest dagoela Greziari zorraren erdia barkatzeko baldintzak negoziatzeko.

Greziarrek baldintza horiei uko egiten badiete, nazioarteko erakundeen mailegurik gabe, ezingo ditu zorrak ordaindu, eta porrot egingo du. Nolabait esateko, porrot ordenatu batetik kontrolik gabekora pasa daiteke. Hartzekodun publikoek eta pribatuek ez dute kobratuko Greziak zor diena, eta zuloa espero baino handiagoa izango da. Greziak 355.000 milioi euro inguruko zor publikoa du. Greziaren porrotak, gainera, beste herrialde batzuk nabarmen kutsatuko ditu, Italia eta Espainia batez ere.

6. Greziak euroa utziko al du?

Herri galdeketa egin eta herritarrek bigarren erreskatearen kontra bozkatuz gero, ziurrenik bai. Merkelen gobernuko bazkideek, FDPk eta CSUk, argi eta garbi esan diote Greziari: maileguen truke murrizketarik aplikatu nahi ez badu euroa utzi beharko duela eta «bakarrik» atera beharko duela «miseriatik».

Papandreuren arabera, herri galdeketako galdera sinplea izango litzateke: «Akordio berria aplikatu nahi al dugu? Edo baztertu egin nahi dugu?». Beste era batera esanda, murrizketak ala porrota eta eurotik ateratzea.

7. Eta zergatik ez herri galdeketa bat?

Europako Batasuneko agintari guztiek —Euskal Herrikoek barne— herritarrei galdetu gabe erabaki eta indarren jarri dituzte murrizketak eta zerga igoerak. «Ezinbestekoa da», errepikatu dute behin eta berriz.

Papandreuren erabakia harrigarria da, orain arte ez dielako herritarrei iritzia eskatu indarrean jarri diren neurri gogorrei buruz —praktikan, Greziako politika Europako eta Nazioarteko erakundeen esku utzi du—. Herritarrek, ordea, eman diote murrizketei buruzko iritzia, antolatutako greba egunetan eta protestetan.

Krisiak haserretuen mugimendua sortu eta zabaldu du. Greziak herri galdeketa eginez gero, beste herrialde batzuetako herritarrek ere eska ditzakete.



 

Burtsak behera, arrisku sariak gora, eta euroa ahulago

Alemania eta Frantziako finantza erakundeek %8 eta %16 artean galdu dute Greziaren iragarpenaren ostean

Erredakzioa

Europak Greziaren bigarren erreskatea onartu izanak burtsetan sortutako euforia bat-batean gerarazi du herri kontsultaren iragarpenak. Zer gertatuko da, Greziak ezetz esaten badu? Galdera horrek beldur handia eragiten du inbertsoreen artean. Argi ikusi zen atzo hori Europako merkatu nagusietan, zenbaki gorrietan amaitu baitzuten guztiek.

%6,92 galdu zuen Atenasko burtsak; %6,8 Milangoak; %5,38 Pariskoak; %5 Frankfurtekoak; %4,29 Bilbokoak; %4,19 Madrilgoak; eta %2,21 Londreskoak. New Yorkeko Dow Jones indizeak ere beheranzko joerarekin ekin zion egunari. Beste behin ere finantza erakundeek pilatu zituzten galerarik handienak: %8 eta %16 artean galdu zuten BNP Paribas, Societe Generale, Deutsche Bank eta Commerzbankek; %4,76 Santanderrek eta %3,99 BBVAk. Bigarren erreskate plana onartzeko, zorraren erdia barkatzeko eskatu diete Europako agintariek bankuei. Frantziako eta Alemaniako finantza erakundeei eragingo lieke kalterik handiena neurri horrek.

Arrisku saria, inoizko goren

Burtsak jaitsi, eta arrisku sariak igo. Italiarena inoizko mailarik handienera iritsi zen. 450 puntuko muga gainditu ostean, 442 puntuan itxi zuen. Inbertsiogileek %6,16ko interesa eskatzen dute Italiaren hamar urterako bonuengatik. 450 puntuko muga gainditu, eta berehala eskatu zuten erreskatea Irlandak eta Portugalek. Espainiako arrisku saria 372 puntura iritsi zen atzo.

Papandreuren iragarpenak euroan ere izan du eraginik. Hiru egunetan jarraian galdu du balioa dolarrekiko; atzo, lau zentimo. 1,3685 dolar behar dira euro bat erosteko.



 

Lehen ministroaren aldeko babesa kolokan dago

Diputatu batek alderdia utzi du, beste bik bozak aurreratzeko eskatu dute, eta ez dago argi mozioa gaindituko duen

Miren Garate

Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak gero eta babes txikiagoa du Pasok bere alderdian ere. Diputatuetako batek talde parlamentarioa utzi du; beste bik hauteskundeak aurreratzea galdegin dute; eta zuzendaritzako sei kidek dimisioa emateko eskatu diote. Papandreuk, beraz, lanak izango ditu etziko konfiantza mozioan behar adinako babesa lortzeko. Litekeena da datozen ordu edo egunetan gobernua erortzea.

300 diputatuetatik 151ren aldeko botoa behar du lehen ministroak. Atzo artean 153 diputatu zituen Pasokek. Milena Apostolaki diputatuak talde parlamentarioa utzi ostean, 152ra jaitsi da kopurua. Gutun bat bidali dio Filipos Pechalnikos Parlamentuko presidenteari, herri galdeketarekin inondik inora ere ez dagoela ados esanez. Bere eserlekuari eutsi egingo dio Apostolakik, baina aurrerantzean independente gisa arituko dela iragarri du. «Herritarrak eurek aukeratutako diputatuek ordezkatu behar dituzte, eta horregatik mantenduko dut nire lekua».

Gaiari buruzko gutun gehiago ere egon dira. Papandreuri berari idatzi dio Eva Kaili diputatuak. «Ekimena hartu behar duzu, batasuneko gobernu berri bat sortzeko. Gehienek babesten duten pertsona bat jarri behar da lehen ministro, euroguneko akordioa salbatzeko», esan dio. Haren arabera, herri galdeketarik ez da egingo, eta hauteskundeak aurreratzea galdegin dio Papandreuri. Eskaera berbera egin du Vasso Papandreu diputatuak ere.

Oposizioko kideek eta Pasokeko hiru diputatu horiek ezezko botoa emanez gero, Papandreuk ez luke lortuko konfiantza mozioa aurrera ateratzerik. Kargua hartu zuenean, orain bi urte, Parlamentuan 160 ordezkari zituen Pasokek. Erreskateekiko eta murrizketa neurriekiko ezadostasunak direla medio, gutxituz joan da kopurua.

Beste adibide batek ere erakusten du Papandreuren lanak alderdikideak ere ez dituela konbentzitzen. Sei kidek dimisioa ematea galdegin diote. Costas Simitis lehen ministro ohiaren aholkulari izandakoak dira guztiak. «Herrialdeak politikoki zilegia den gobernu bat behar du lehenbailehen», azaldu dute. Papandreuk Evangelos Venizelos Finantza ministroari ez ziona jakinarazi herri galdeketa antolatzeko asmoa zuenik, konfiantza mozioaren berri soilik zuen.

Berez, 2013rako daude aurreikusita hurrengo hauteskundeak Grezian. Nea Dimokratia (ND) oposizioko alderdi nagusiak uste du egun hori aurreratu egin behar litzatekeela. «Ahal den guztia egingo dut Europako ikuspegia eta Greziaren etorkizuna arriskuan ez jartzeko», azaldu du Antonis Samaras NDko buruak.

Hainbat iturriren arabera, Parlamentuan dituen ordezkari guztiei —300etik 85— dimisioa emateko eskatzeko asmoa izan dezake Samarasek. Horrek hauteskundeak aurreratu behar izatea eragingo luke.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia