Berria.info

Igandea, 2013ko maiatzak 19 - 19:08

2011-10-29

Euskaraz bizi nahi dutenak biltzera deitu ditu Kontseiluak

Euskaraz bizitzearen aldeko dinamika bat aurkeztu du Kontseiluak, eta herri mugimendu zabala osatu nahi du

Gizartearen alor guztiak «euskararekin zipriztindu» nahi dituztela dio Paul Bilbaok

Jon Olano Donostia

Paul Bilbao, atzo, Dokan egindako aurkezpen ekitaldian azalpenak ematen. / BERRIA

Herritarrak euskaraz bizitzearen alde biltzeko dinamika bat antolatu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, eta ekimen hori atzo iluntzean aurkeztu zuten, Donostiako Doka aretoan. Kontseiluaren arabera, euska-raz bizi nahi duten herritarren mugimendu zabal bat osatzea da helburua, eta parte hartu nahi duten herritar nahiz gizarte eragile guztien ekarpenei zabalik dago.

Ekimenak topaleku izan nahi du Kontseiluak berak sustatutako Euskaraz bizi nahi dut! leloa bere egiten dutenen artean. Horretarako, besteak beste, posta zerrenda bat osatu eta webgune bat martxan jarriko dute: www.euskarazbizinahidut.org. Bi euskarri horien bitartez, dinamikan parte hartu nahi duen edonork ekarpenak egiteko aukera izango du. Euskaraz bizi nahi duten herritarren «komunitatea» sortu nahi dute horrela: «Norbanakoari adierazi nahi diogu ez dagoela bakarrik. Euskaraz bizi nahi duen orok lekua du dinamika honetan».

Paul Bilbaok, BERRIAri eginiko adierazpenetan, azaldu du helburua ez dela gizartearen alor zehatz batean eragitea, gizartearen alor guztiak «euskararekin zipriztintzea» baizik. Bilbaoren arabera, Kontseiluak politikaren eta erakundeen esparruan egin du lan, eta hala jarraituko du, baina esparru horien mugak ere ezagutzen dituztela dio. Horregatik, herri mugimendu zabal batek politikaren harresiak eraits ditzakeela uste du, eta hala, euskaldunak aintzat hartzen dituzten hizkuntza politikak abiatzea erraztu: «Herri gogoa aktibo bilakatu behar dugu hizkuntza politiketan urratsak egiteko eta modu horretan euskaraz bizitzea ahalbidetzera heltzeko». Hortaz, herritarrei dinamikan parte hartzeko deia egin die Bilbaok.

2010eko maiatzaren 15ean Iruńean euskaraz bizitzearen alde egin zuten manifestazioan du jatorria ekimenak. Martxa hari jarraipena eman nahi dio, eta orduan gertatu zen bezala, atzo aurkeztutako dinamikak herritar andana bilduko duela ziur da Bilbao: «Manifestazio hark gure aurreikuspen onenak gainditu zituen. Ziur gaude oraingoan ere herritar kopuru handia atxikiko dela».

Jada martxan

Bilbaok argitu du euskaraz bizitzearen aldeko dinamika «iraunkorra» dela, eta beraz, ez dela aste edo hilabeteetako kanpaina: «Azken baten, gure helburua dinamika honen baitan herritar guztiak biltzea da». Egitasmoa atzo gizarteratu bazuten ere, jada martxan da. Izan ere, hainbat norbanako anonimok nahiz ezagunek eurentzat euskaraz bizitzea zer den adierazi dute, bideoan grabatutako adierazpenen bitartez. Ezagunen artean dira, besteak beste, Kike Amonarriz eta Maddalen Iriarte telebista aurkezleak eta Julio Soto eta Miren Amuriza bertsolariak.

Esne Beltza musika taldeak ere ekarpena egin nahi izan dio Kontseiluak sustatutako ekimenari, eta abesti bat sortu du espresuki egitasmorako. Atzo abestu zuten publikoki aurrenekoz, dinamikaren aurkezpen festan.



 

Hamaika zio oinarri hartuta

Herritar ezagun eta anonimoen testigantzak izan dira Donostian Doka aretoan dinamika berria aurkezteko egin duten festa giroko ekitaldiaren ardatza.

J. O. Donostia

Donostiako Doka aretoak hainbat herritar jaso zituen atzo iluntzean, Kontseiluak antolatutako euskaraz bizitzearen aldeko dinamikaren aurkezpena jarraitzeko. Etxe giroan, Kontseiluaren egitasmoa gertutik ezagutzeko parada izan zuten bertaratutakoek.

Propio dinamika berriaren harira egindako bideo emanaldi batekin eman zioten hasiera festari: pertsona bat ageri da Iruńeko kaleetan zehar, Euskaraz bizi nahi dut leloa esku artean duela, herritarren besarkadak jaso eta jaso. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok azaldu zuenez, besarkada horiek herritarren atxikimendu eta esker onaren seinale dira.

Ezagun eta anonimoen testigantzak izan ziren ekitaldiaren ardatz. Bideoan grabatutako adierazpenetan, Zer da zuretzat euskaraz bizitzea? galderari erantzuten diote parte-hartzaile guztiek. Kike Amonarriz da irudietan agertzen lehena, eta haren hitzek bertaratutakoen irribarrea sortu zuten. «Euskaraz bizitzea euskaraz maitasuna egitea da, euskara maitatzea baino», dio. Bestalde, Castillo Suarez idazleak irudietan azaltzen du testuak euskaraz sortzen dituela eta ez dituela gaztelerara itzultzen: «Euskara dut buruan eta bihotzean, eta beraz, baita boligrafoan ere».

Miren Amuriza bertsolariak kantuz adierazi du euskaraz bizitzeko arrazoia: «Denok euskaraz bizita biziko baita euskara». Ma-ddalen Iriarte telebista aurkezleak, aldiz, Euskal Herriak bizi dituen «egun historikoak» ekarri ditu gogora bideoan, euskararentzat ere egun historikoak etorriko diren itxaropena azaldu nahi izan du modu horretan.

Harrotasuna hizpide

Bideo emanaldian bildutako testigantzak Dokara bertaratutakoenekin tartekatu ziren atzo. Mikel EHUko medikuntzako ikaslea da. Euskaraz ikasteko hautua egin zuen. «Oharkabean, naturaltasunez». Bilbon ikasi zuen, ordea, zein zaila den euskaraz bizitzea. Bigarren zikloan irakasgaien bi heren gazteleraz ikasi behar dituztela azaldu zuen, eta fakultateko ohiko esapidea ekarri zuen gogora: «Medikuntzaren osasuna ez da ona».

Aritz Larreta Zarauzko (Gipuzkoa) Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kidea da, eta herriko haurrak euskaraz erregistratzeko eskubidea lortu dutela gogoratu zuen. Euskaraz bizi nahi izatearen harrotasuna aipatu zuten gehienek.

www.euskarazbizinahidut.org webgunea izango da Kontseiluaren ekimenaren euskarri nagusia, eta oraindik martxan ez badago ere, webgunearen nondik norakoak azaldu zituzten. Ondoren, Bilbaok eskerrak eman zizkien dinamikan lagundu dutenei. Haren arabera, euskaraz bizitzearen hautuak mugarik ez duela erakusten dute testigantzek, eta ondorioz, ozen aldarrikatu behar da horien mamia: «Euskaraz hizki larriz bizi nahi dugu».

Xabi Solano Esne Beltza taldearen abeslariak eman zion amaiera ekitaldiari, ekimenerako sortutako abestia kantatuz.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia