2011-10-21
ETAren jardun armatuaren amaiera. Agiria
ETAk behin betiko amaitu du jarduera armatua
«Indarkeria eta errepresioaren aurrean elkarrizketak eta akordioak ezaugarritu behar dute aro berria», dio talde armatuak
Ohar laburrean elkarrizketarako deia egiten die Espainiako eta Frantziako gobernuei
Oihana Elduaien
ETAko hiru kide, jarduera armatuaren amaieraren berri ematen. / BERRIA
ETAk jarduera armatuari amaiera eman dio. Argia da berria ematen duen esaldia: «ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du». Ez du hori bakarrik esaten BERRIAra igorritako agiri motzean. Nazioarteko hainbat eragilek astelehenean egindako eskaerari erantzunez, «gatazkaren ondorioei» konponbidea emateko elkarrizketa prozesu «zuzena» zabaltzeko deia egiten die Espainiako eta Frantziako gobernuei. Zalantzarik balego, honakoa gehitzen du: «Adierazpen historiko honekin ETAk bere konpromiso argi, sendo eta behin betikoa erakusten du». Gainera, «konfrontazio armatua gainditzeko» prestasuna erakusten du, eta horretarako deia egiten die Espainiako eta Frantziako gobernuei ere. Ez du ezer esaten desarmeari buruz, izan ere, gobernuekin egin beharreko elkarrizketa horietan hitz egiteko gaietako bat litzateke hori. Preso eta iheslarien gaia zein biktimena ere han landu beharko lituzkete.
Astelehenean Donostian izandako Nazioarteko Konferentziak azkar izan du aurreneko ondorioa. Ebazpenean jasotako bost puntutatik aurrena bete da. Erabaki historikoa hartu du ETAk, eta inolako ordain politikorik gabe, jarduera armatua behin betiko indargabetzea erabaki du. Gidoi hura jarraituz, Espainiako eta Frantziako Gobernuen txanda litzateke orain, «gatazkaren ondorioez» hitz egiteko erakunde armatuarekin elkarrizketak abiatzeko eskatu baitzieten sona handiko eragileek bi gobernu horiei.
ETAk 52 urteetako borroka amatuari amaiera eman dio erabaki honekin. 1959an sortu zenetik hainbat su-eten eman ditu gaietara egokituz. Eztabaida sakonaren ondorioz etorri da amaiera, era progresiboan. Aurreneko urratsa iazko irailaren 5ean egin zuen, hilabete batzuk lehenago «eraso ekintza armatuak» bertan behera uztea erabaki zuela jakinaraziz. Urtarrilaren 10ean eman zuen bigarren pausoa, «aldebakarreko su-eten orokor eta egiaztagarria» iragarriz. Orduan hasitako bideari amaiera ematera dator atzoko iragarpena: ekintza armatuak behin betiko baztertzea.
Euskal Herriko gatazka konponbidearen arrastoan sartu izanak nazioarteko oihartzuna hartu du, besteak beste, astelehenean Donostian egindako Nazioarteko Konferentziarekin. Horregatik, euskal gizartera ez ezik nazioarteko komunitatera ere iritsi nahi izan du ETAk borroka armatuaren amaieraren berri ematerako orduan. BERRIA,
«Euskal Herrian aro politiko berria zabaltzen» ari dela ulertzen du ETAk. «Mendeetako gatazka politikoari konponbide justu eta demokratikoa emateko aukera historikoa» dagoela dio. Aro horretan borroka moldeak aldatu egin behar direla ematen du ulertzera: «Indarkeria eta errepresioaren aurrean elkarrizketak eta akordioak ezaugarritu behar dute aro berria». Garai berrian gertatu beharrekoaren inguruan bere ustez euskal herritarren gehiengoaren nahia zein den ere ekarri du gogora ETAk, bere agirian: «Euskal Herriaren aitortza eta herri borondatearekiko begirunea ukazioari gailendu behar zaizkio».
Deia gizarteari
Gizarteari ere dei zuzena egiten dio erakunde armatuak. «Konponbide prozesuan murgiltzeko» eskatzen dio, «bake eta askatasun agertoki bat sortu arte».
ETAk argi dauka «urte luzeetako borrokak» sortu duela aukera. Bidea ez dela erraza izan nabarmendu du, eta hemendik aurrerakoa ez dela «errazagoa» izango gehitu du. «Oraindik orain dirauen zapalkuntzaren aurrean, urrats bakoitza, euskal herritarren ahalegin eta borrokaren emaitza izango da».
Historiari erreferentzia asko ez dizkio egiten ETAk publiko egindako agiri laburrak, baina paragrafo bat baliatzen du, historian zehar bere militante izandakoei goratzarre egiteko: «Borrokaren gogorrak burkide asko betiko eraman dizkigu. Beste asko espetxea edo erbestea pairatzen ari dira. Bihoakie guztiei gure aitortza eta omenaldirik sentituena».
Komunikabideetara zabaldutako bideoa eta audioa euskaraz eta gazteleraz bakarrik grabatu dituzte, baina, agiri idatzia bi hizkuntza horietan ez ezik frantsesez eta ingelesez ere osatu dute. Laburrak dira ETAk borroka armatuaren akaberaz egindako agiria eta bideoa —bi minutu eta erdi pasatxo—. Hiru lagun ageri dira irudietan. Emakumezko baten ahotsean entzuten dira euskarazko hitzak, eta gizonezko batenean gaztelerazkoak.
Agiria
ETAren Adierazpena
Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, Adierazpen honen bidez bere erabakiaren berri eman nahi dio Euskal Herriari:
Euskal Herrian burutu berri den Nazioarteko Konferentzia garrantzi politiko handiko ekimena dela deritzogu. Adostutako ebazpenak gatazkaren konponbide osorako osagaiak biltzen ditu eta nazioartearen eta euskal jendartearen sektore anitzen babesa du.
Euskal Herrian aro politiko berri bat zabaltzen ari da. Mendetako gatazka politikoari konponbide justu eta demokratikoa emateko aukera historikoa dago. Indarkeria eta errepresioaren aurrean elkarrizketak eta akordioak ezaugarritu behar dute aro berria. Euskal Herriaren aitortza eta herri borondatearekiko begirunea ukazioari gailendu behar zaizkio. Hori da euskal herritarren gehiengoaren nahia.
Urte luzeetako borrokak sortu du aukera. Ez da bide erraza izan. Borrokaren gogorrak burkide asko betiko eraman dizkigu. Beste asko espetxea edo erbestea pairatzen ari dira. Bihoakie guztiei gure aitortza eta omenaldirik sentituena.
Hemendik aurrerako bidea ere ez da erraza izango. Oraindik orain dirauen zapalkuntzaren aurrean, urrats bakoitza, lorpen bakoitza, euskal herritarren ahalegin eta borrokaren emaitza izango da. Bide honi ekiteko Euskal Herriak aski esperientzia eta indar metatu du urteotan eta badu horretarako erabakitasuna ere.
Etorkizunari itxaropenez begiratzeko unea da. Baita ausardiaz eta arduraz jokatzeko unea ere.
Honenbestez,
ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du. ETAk Espainia eta Frantziako gobernuei dei egiten die, gatazkaren ondorioei konponbide ematea helburu izango duen elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko, konfrontazio armatua gainditu ahal izateko. Adierazpen historiko honekin ETAk bere konpromiso argi, sendo eta behin-betikoa erakusten du.
ETAk, azkenik, euskal jendarteari dei egiten dio konponbide prozesuan murgil dadin, bake eta askatasun agertoki bat sortu arte.
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!
JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE!
Euskal Herrian, 2011ko urriaren 20an
Euskadi Ta Askatasuna
E.T.A
Agiria datutan
• Euskarriak. Idatziko agiria, argazkiak, bideo grabazioa eta audioa zabaldu dituzte komunikabideetara.
• Hizkuntzak. Idatzizkoa euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez. Bideoa eta audioa euskaraz —emakume baten ahotsarekin— eta gazteleraz —gizonezko batek.
• Etakideak. Hiru etakide ageri dira, mahai baten atzean. Beltzez jantzita daude, oihal zuriarekin aurpegia tapatuta. ETAren anagrama dute ezkerreko paparrean. Erdikoak mikrofonoa du aurrean, eta inork ez du paperik.
• Agertokia. Oihal zuri batekin tapatutako mahaiaren atzean ageri dira hiru etakideak. Atzeko pareta urdinaren gainean ETAren anagrama handi bat ageri da, Bietan jarrai leloarekin. Irudiaren ezkerraldean, ikurrina bat dago zutik; eskuinean, berriz, Nafarroako bandera eta arrano beltzarena.






