Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 15:43

2011-10-21

Gipuzkoa Zero Zabor sartu da partzuergoan

Juan Carlos Alduntzin GHK-ko presidente berriak «zero zabor» helburuan bidea egiteko asmoa agertu du

Mikel Peruarena Donostia

GHK berritzeko bilera, atzo, Donostian. Eskuinetik lehena da Alduntzin. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Gipuzkoan hondakinen gaineko politikak gidatzeko tresna bere eskuetan hartu du Bilduk. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietateko administrazio kontseilu berria osatu da, eta Bilduko bi kide izango ditu agintari: Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatua izango da presidentea, eta Jose Maria Ribadeneyra San Marko mankomunitateko kidea izango da presidenteordea. Osaketan berrikuntza bat izango du administrazio kontseiluak: GZZ Gipuzkoa Zero Zabor taldeko ordezkari batek parte hartuko du bertan. Orain arte, diputazioak eta mankomunitateek bakarrik osatu izan dute.

«Hondakinen arazoa» soseguz aztertu behar dela eta «zero zabor helburua» eskuratzeko «anbizioz» jokatzea beharrezko izango dela adierazi du Alduntzinek kargua hartu bezain pronto. Hondakinen partzuergoaren sozietatea da GHK, hondakinak kudeatzeko azpiegitura nagusien ardura duena, errauste planta tartean. Atzo egin zuten administrazio kontseilua berritzeko bilera, Donostian, foru aldundiaren egoitzan. Ekainetik, pixkanaka joan dira eskualdeetako mankomunitateak osatzen, eta haiek berritu artean ezin izan dute GHKren administrazio kontseilua berritu.

Gipuzkoako zortzi mankomunitateetatik seitan eskuratu du presidentetza Bilduk, eta bitan PSE-EEk. Horrela, GHK-ko administrazio kontseiluko kide gehienak Bildukoak eta Bilduk proposatutakoak izango dira. Nora Galparsoro, Leire Egańa, Ińaki Errazkin, Amaia Gurutzeta, Ainhoa Ugalde, Azeari Andonegi eta Imanol Azpiroz izango dira administrazio kontseiluan.

PSE-EEko bi kide ere izango dira GHK berrian: Arcadio Benitez eta Denis Itxaso —aurreko lau urteetan GHK-ko kide izan zen bakarra—. GZZren ordezkaria Ainhoa Arrospide izango da.

Mankomunitateek «protagonismo» handiagoa behar dutela adierazi du Alduntzinek, eta administrazio kontseilu berriaren «aniztasuna» nabarmendu du, mankomunitateak izan baitira administrazio kontseilurako ordezkariak proposatu dituztenak. Nolanahi ere, adierazi du kide berriak hartzeko irekia dagoela administrazio kontseilua.

Txingudi gabe

Txingudiko mankomunitateko ordezkariak faltatu ziren atzoko bileran. Hondakinen partzuergoa osatu zenean, 2007an, Txingudi ez zen bileran izan; 2008ko martxoan sartu zen partzuergoan. Iazko azaroan, Donostiako Probintzia Auzitegiak ebatzi zuen ez zela legezkoa Txingudik partzuergoan parte hartzea. Helegitea aurkeztu zion Txingudik erabaki horri. Nolanahi ere, ez dute gonbidatu GHK berria osatzeko, eta mankomunitateko presidentea, Jose Antonio Santano (PSE), haserre agertu da erabaki horrekin.

EAJk, bestalde, GHKri seinalatu dio Gipuzkoako Batzar Nagusiek dutela hondakinei buruzko plangintza erabakitzeko eskumena. «Partzuergoak du hondakinen tratamendurako eskuduntza», ohartarazi du Arantza Tapia EAJko diputatuak: «Hala ere, errespetatu behar du egun indarrean dagoen araudia eta plangintza, eta horretan batzar nagusiek dute eskumena».



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia