Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 15:42

2011-10-16

Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia

Anann, Ahern, Brundtland, Adams, Joxe eta Powell Aieten izango dira

EAJ, ezker abertzalea, PSE, Aralar, EA, AB, EB, Alternatiba, UMP, PSF, Modem, Geroa Bai eta Ezkerra ordezkatuta egongo dira

ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta CFDTk ere baieztatu dute parte hartuko dutela

Koldo Aldabe Donostia

Lokarriko koordinatzaile Paul Rios eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide Sylvia Casale, atzo egin zuten agerraldian. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohi Kofi Anann, Norvegiako lehen ministro izandako Gro Harlem Brundtland, Irlandako lehen ministro ohi Bertie Ahern, Frantziako Barne eta Defentsa ministro izandako Pierre Joxe sozialista, Sinn Feineko lehendakari Gerry Adams eta Tony Blair lehen ministro zela haren kabineteburu izan zen Jonathan Powell dira bihar Donostian egingo den Euskal Herriko Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentzian parte hartuko duten nazioarteko pertsona ezagunak.

Atzo eman zuten horren berri HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide Sylvia Casalek eta Lokarriko koordinatzaile Paul Riosek. Biek baieztatu zuten Tony Blairrek ere Aieteko konferentzian parte hartzeko asmoa bazuela baina Ekialde Hurbilean egiten ari den bitartekaritza lanek aginduta ezin izango zuela azkenean parte hartu. Blairrek Powell bidali du bere ordezko gisa.

Pisu handiko nazioarteko ordezkaritza osatzen du seikoteak, guztiek parte hartu izan baitute hainbat gatazka konpontzeko prozesuetan, dela alde batean, dela bitartekaritzan, eta batzuek bi alorretan.

«Bake prozesuetan eta gatazken eraldaketan eskarmentua, ezagutza eta zuzeneko inplikazioa dute guztiek. Normalizazio politikoa lortzeko gobernuak, erakundeak, alderdi politikoak eta gizarte taldeak gauzatzen ari diren ahaleginak aberats ditzakete horiek guztiek», azaldu zuen Casalek.

HNTko ordezkariak berretsi zuen nazioarteko konferentziaren helburua dela «erabateko normalizazio, gardentasun eta inklusio politikoan oinarritutako egoera lortzea». Egoera hori « soilik baliabide demokratikoak baliatuz eta inongo indarkeriarik edo indarkeriaren mehatxuaren erabilerarik gabe» lortu behar dela ere nabarmendu zuen. Era berean, konferentziaren erakunde eta talde bultzatzaileek «bake prozesu barneratzaile bat sostengatzen duen nazioarteko komunitatea» ordezkatzen dutela azpimarratu zuen, «era xume eta errespetuzkoan, modu partekatuan hain desiratua den normalizazio politikoa lor dezazuen adoretu eta laguntzeko».

Antolatzaileen izenean, Casalek desio bat azaldu zuen: «Euskal gizarteak itxaropena berreskuratu duen une honetan, Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia aurrerapauso adierazgarriagoa izan dadila, nazioarteko komunitatearen ekarpen berri bat izan dadila».

Ia alderdi politiko guztiak

Paul Riosek konferentzian izango diren alderdi politiko eta sindikatuen zerrenda aurkeztu zuen. Hauek parte hartuko dute: EAJk, PSE-EEk, ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Abertzaleen Batasunak, Alternatibak, Ezker Batuak, Geroa Baik, Ezkerrak, UMPk, PSFk eta Modemek, alderdi politikoei dagokienez; ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta CFDTk, sindikatuei dagokienez.

Konferentzia 14:00etan hasiko da; osoko bilkura bat izango da, baina ateak itxita egingo dute. 17:00etan, nazioarteko pertsona ezagunek ondorioen berri emango dute. Parte hartuko duten ordezkari guztiek hartuko dute hitza, eta guztiei eskatu zaie aurretik euren ekarpenak, proposamenak eta iradokizunak helarazteko, nazioarteko pertsona ezagun horiek aurretik azter ditzaten eta ondorioak prestatzeko denbora gehiago izan dezaten.

PPk, UPNk eta UPDk ez dute parte hartuko nazioarteko konferentzian. Riosek haientzako hitzak ere izan zituen. Hartu duten erabakiari «errespetua» adierazi zion Lokarriko ordezkariak. Dena den, Riosek aurreratu zuen asmoa dutela konferentzian aterako dituzten ondorioak bihar Aieten izango ez diren alderdiekin ere partekatzeko.



 

ESANA. JOSEBA EGIBAR. EAJren GBBko presidentea

«ETAren indarkeriaren amaieran gaude. Iragarpen horren aurreko urratsa izango da konferentzia»



 

Gizarte eragileekin bilduko dira gaur Bakearen Etxean

Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentziaren sustatzaileak euskal gatazkaren testuinguruan lan egin duten Euskal Herri osoko gizarte eragileekin eta pertsona ezagunekin bilduko dira gaur haien ekarpenak jasotzeko. Bilerak Donostiako Bakearen Etxean egingo dituzte egun osoan.



 

Ingelesez emango dituzte konferentziaren ondorioak

Antolatzaileek iragarritakoa betetzen bada, konferentziaren ondorioak arratsaldeko 17:00etan emango dituzte, prentsaurreko bidez. Nazioartetik gonbidatutako sei pertsona ezagun nagusiek aurkeztuko dituzte ondorioak, ingelesez, euskarazko, frantsesezko eta gaztelaniazko itzulpenekin.



 

ESANA. ARALAR

«Konferentzia hau urrats kualitatibo bat da bakegintzaren eta normalkuntzaren bidean»



 

70

Konferentzia zuzenean entzungo duten komunikabideak.

70 komunikabidek Bakearen Etxean bertan entzungo dute konferentzia. 200dik gora profesional izango dira han, horien artean Madrilen kreditatuta dauden nazioarteko kazetariak.



 

Nazioarteko parte hartzaileak

Kofi Anann



NBEko idazkari nagusi ohia

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia izan zen Kofi Annan (Kumasi, Ghana, 1938), 1997tik 2006ra bitartean. Aurrez kargu gehiago izan zituen NBE barruan, eta 1960ko hamarkadan Munduko Osasun Erakundean. Bakearen Nobel saria eman zioten 2001ean.

Jonathan Powell



Tony Blairren ondokoa

Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro izan zen 1997tik 2009ra, eta alboko izan zuen Jonathan Powell (Erresuma Batua, 1956). Donostian ere Blairren ondoko izango da Powell. Irlandako bake prozesuko negoziazioen eragile nagusietako bat izan zen.



 

Bertie Ahern



Irlandako lehen ministro izandakoa

1997 eta 2008 bitartean, Bertie Ahern (Dublin, Irlanda, 1951) izan zen Irlandako lehen ministroa, Fianna Fail alderdiarekin aurkeztuta. Irlandako bake negoziazioetan esku hartu zuen, eta Ostiral Santuko akordioaren sustatzaileetako bat izan zen, 1998an.

Gerry Adams



Sinn Feineko presidentea

Gerry Adamsek (Belfast, Irlanda, 1948) Sinn Fein alderdi politikoaren presidente gisa 25 urte egingo ditu heldu den urtean. Irlandako bake akordioko protagonista nagusietakoa izan zen. Euskal Herrian bake prozesua sustatzearen alde ere maiz agertu du babesa.



 

Gro Harlem Brundtland



Norvegiako lehen ministro izandakoa

Norvegiako lehen ministro izan zen Gro Harlem Brundtland (Baerum, Norvegia, 1939), 1981ean, eta 1986tik 1996ra. Alderdi Laboristako kide da, eta gatazken prebentziorako zein bakerako nazioarteko hainbat erakundetan parte hartzen du.

Pierre Joxe



Frantziako Barne ministro ohia

Frantziako Gobernuan ardura anitz izan ditu Pierre Joxek (Paris, Frantzia, 1934): Charles De Gaullekin Justizia ministro izan zen, eta François Mitterrandekin Barne eta Defentsa ministro. PSFko lider eta Konstituzio Kontseiluko kide ere izan da.



 

ESANA. RODOLFO ARES. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua

«ETAri desegiteko eskatu behar dio konferentziak; hori da espero dugun mezua»



 

@sarean

BERRIAk arreta berezia jarriko du konferentzian bihar. Egunez, Berriketan.info sare sozialaren bidez emango du Donostian gertatuko denaren berri. 17:00etatik aurrera, berriz, konferentziaren ondorioak aurkezteko agerraldia zuzenean emango du, BERRIAerria telebistan.

www.berria.info.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia