Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 15:41

2011-10-14

Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Pobrezia gutxitu, aberastasuna kontrolatuz

«Mugagabeko hazkunde ekonomikoaren» ordez txikitzearen aldeko apustua aldarrikatu du Zero Pobrezia plataformak

Bazterkeria arriskuan daudenen artean %80 emakumeak direla salatu dute

Aitor Renteria-Jon Rejado

Berri Otxoak taldeak deituta atzo gizarte bazterketa salatzeko Barakaldon egindako protesta. / LUIS JAUREGIALTZO / ARP

Hego Euskal Herriko 36.000 biztanlek 37.502 milioi euroko ondarea zuten 2009an. Hau da, Nafarroako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %1,3k lurralde horietako barne produktu gordinaren %44,4rekin pareka daitekeen aberastasuna zuten. Urteen joanarekin joera hori indartzen ari dela jakinarazi du Zero Pobrezia gobernuz kanpoko erakundeen koordinakundeak. Hortaz, datu horiek ikusita, Aberastasunaren aurka jo, orain! leloa aukeratu du Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean kalera ateratzeko.

«Ezin da pobrezia kontrolatu ez bada aberastasuna kontrolatzen, batik bat kontuan hartuta baliabideak mugatuak direla», nabarmendu du Janire Saenz de Buruagak, Zero Pobreziako kideak. Aberastasunaren pilaketa azken hamarkadetan gertatzen ari dela egiaztatzen duten datuak ere eman ditu. 1960. urtean, aberats bakoitzeko pobrezian bizi ziren 30 pertsona zeuden; 1997an, berriz, aberats bakoitzeko 80 txiro zeuden.

«Sistema kapitalista eta patriarkalak» pobrezia eta bazterkeria geroz eta sektore gehiagotara hedatzen ari direla kritikatu du Zero Pobreziak, Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleen %4,1 pobrezian bizi ziren 2008an, eta %20 inguru pobrezia edo bazterkeria arriskuan bizi ziren. 2008tik gaur egunera arte krisi ekonomikoak gora baino ez du egin, eta, datu gaurkoturik ez badago ere, zenbait elkartek jakinarazi dute azken hilabeteotan egoera okerrera doala.

Emakumeak eta gazteak

«Pobrezia kopuruan eta larritasunean ari da handitzen», nabarmendu zuen Mikel Ruiz Bilboko Caritaseko zuzendariak 2010eko memoria aurkeztean. Hain zuzen ere, bertako zerbitzuetara lehenengoz gerturatzen diren pertsonen kopurua apur bat jaitsi arren, geroz eta gehiago dira behin eta berriz itzultzen direnak behar egoeratik ateratzeko aukerarik ez dutelako. Ruizek nabarmendu zuen babesgabetasun egoeratik ateratzeko ezintasuna dela-eta pertsona horien egoerak «txarrera» egin duela eta are zailagoa bihurtu dela gizarteratzea.

Caritasen datuetan agerian gelditzen da krisiarekin areagotu den zerbait: emakumeek pairatzen dute babesgabetasun egoera handiena. Arabako Caritasera joan ziren hamar pertsonetatik sei emakumeak izan ziren 2010ean, eta gehienak 25 eta 40 urte artekoak. Pobrezia eta bazterkeria egoeran bizi diren pertsonen artetik %80 emakumeak direla jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak.

Txikiagotzearen alde

Krisi ekonomikoak gazteengan duen eragina ere nabarmendu dute: lan baldintza eskasak, behin-behineko kontratuak... 18 eta 30 urteko Bizkaiko gazteen %42k mila euro baino gutxiagoko soldatak dituztela nabarmendu du Berri-Otxoak Gizarte Bazterkeriaren aurkako plataformak. Bide batez, pentsioak jasotzen dituztenen egoerak ere kritikatu dituzte, eta, batez ere, alarguntza pentsioak jasotzen dituztenenak. Azken horien %70 pobreziaren mugaren azpitik bizi direla gogorarazi dute.

Krisi ekonomikotik ateratzeko agintariek «mugagabeko hazkunde ekonomikoa» proposatu izana kritikatu du Zero Pobreziak. «Egungo egoera konpondu beharrean mugagabeko hazkundeak pobrezia eta desberdintasuna sortzen duen sistema iraunaraziko du». Hala, hazkunde horrek helbururik ez duela berretsi dute, helburu bakarra hazkundea bera baita. Horren aldean, aberastasuna bidezko moduan banatzen duten ereduen alde egiteko beharra aldarrikatu dute.

Agintari politikoen partetik aldaketa horri ekiteko borondaterik sumatzen ez duten arren, Zero Pobreziak gizabanako bakoitzak har ditzakeen erabakien garrantziaz ohartarazi du. «Injustizia sortzen duten gaur egungo politika hauek aldatu nahi baditugu, gizarteak mobilizatu egin behar du, eta egoera hau salatu». Hori egiteko proposamenen artean banka etikoa eta kontsumo arduratsua aldarrikatu dituzte.

Iparraldea eta Frantzia

Ipar Euskal Herriak ez du egitura administratiborik, eta, horren ondorioz, ez dago pobreziaren jarraipena egiten duen erakunderik. Frantziako INSEE inkesta etxeak egin dituen galdeketa eta ikerketetan Frantziako erreferentzia hartzen da aintzat. Frantziako Sokorri Katolikoaren arabera, larriki emendatu da pobrezia. Frantzian pobreziaren heinaren azpitik bizi dira biztanleen %13,5 (%13 2008an), alegia, zortzi milioi pertsonatik gora. Hilabetean 954 euro baino gutxiago irabazten duten biztanleak kokatzen dira pobreziaren heinean. 2009ko emaitzetan oinarritzen da ikerketa, eta errealitatea «oraindik larriagoa» dela azpimarratu du Julian Laupetre Sokorri Katolikoko presidenteak.

Izan ere, behartsuenei laguntza ematen dieten elkarteen eskariak gero eta handiagoak direla jakinarazi dute. Baionako elikadura bankuak hiru hilabetez xahutu zuen iaz urte osorako aurreikusi zuena. Ipar Euskal Herriko Sokorri Katolikoak ere nabarmendu du laguntza eskatzen dutenen kopurua emendatu dela. «Gero eta gehiago dira hilabetea bukatu ezin duten familiak, langabeak, baina baita lan prekarioa dutenak eta gure laguntzarik gabe hilabetea bukatu ezin dutenak ere».

Adinari dagokionez, gazteenek eta zaharrenek pairatzen dituzte pobreziaren emendatze handienak. Gazteek ezin dute lan munduan sartu, eta, zaharren kasuan, erretretak ez dira biziaren garestitzearekin parekatzen. Pobreziarekin batera, miseriarik gorrienean bizi diren jendeen kopurua gero eta handiagoa dela dio Sokorri Katolikoak.



 

Ekimenak Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Iruñea



Urriak 15. Udaletxe plazan, 12:00etatik aurrera haur eta helduentzako ekimenak izango dira, eta 13:00etan elkarretaratzea egingo dute. Nahi dugun mundua; pertsonak lehenesten dituen sistema nahi dugu, murrizketa gehiago ez manifestua irakurriko dute.

Gasteiz



Urriak 15. 11:00etan, Probintzia plazan informazioa emateko mahaiak jarriko dituzte; txapa tailerra eta truke merkatua ere izango dira. 12:30ean, batzarra kaltetutako pertsonekin.

Donostia



Urriak 15. 12:00: Kalejira eta batukada Donostiako Parte Zaharrean. 13:30: Herri bazkaria pobreziarne eta bazterketaren aurka, Trinitate plazan. 18:00: Manifestazioa, Aldaketa globalak elkartuta lelopean.

Bilbo



Urriak 17. Pobreziaren aurkako manifestazioa, 19:00etan.



 

%39

Langabezian, eta laguntzarik gabe.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langabeen herenek baino gehiagok ez dute inolako laguntza ekonomikorik jasotzen. Horrez gain, EAEko 416.190 pertsonak mila euro baino gutxiagoko soldatak dituzte.



 

Teresa Burgi. Nafarroako GKE Koordinakundeko kidea

«Politikarien bi aurpegiko diskurtsoaz aspertzen ari gara herritarrok»

Nafarroako Gobernua 2012ko aurrekontuak prestatzen ari dela, pertsonen eskubideen alde lan egiten duten elkarteei ematen dizkieten diru sailak murriztuko dituela salatu dute.

J. Rejado

Pobrezia amaitzeko nazioarteko egunaren harira, zenbait ekimen egingo ditu Gizarte Ekimeneko Nafarroako Elkarteen Plataformak datozen egunetan. Ordea, munduan gosea pairatzen duten milioika pertsonak gogorarazteko ekimenaz gain, pobrezia amaitzeko helburua duten politiken balorazioa egin du plataforma horrek. «Krisia eta mozketak dira nagusi gizarte politiketan», laburbildu du Teresa Burgik.

Garapenerako lankidetzaren alorrean Nafarroako egoera irauli egin dela ematen du.

Egia da Nafarroan garapenerako laguntzetan gorako bilakaera egon dela urtetan. Barne produktu gordinaren %0,7ra heltzen ez baginen ere %0,45 ematen genuen garapenerako lankidetzara; inguruko datuak ikusita, poztekoa zen datu hori. Aurten mozketak egon dira, ordea. 2012ko aurrekontuetan ere murrizketak egongo direla ematen du.

Garapenerako lankidetzaz gain, beste arloetako elkarteek bat egin duzue aurtengo deialdian. Zergatik?

Zero Pobrezia plataformak egin ohi du deialdia, baina aurten deialdia zabaldu dugu plataforman ez dauden sektore batzuetara: osasuna, elbarritasunak… Guztiok pertsonen eskubideen alde egiten dugu, bakoitzak ildo ezberdin batean lan egiten duen arren. Politika publikoak abiarazten ditugu, eta aurten gure aurrekontua murriztu dute. Horregatik egoki ikusi dugu elkartzea eta plataforma zabalagoa osatzea sektore guztiekin: ekonomia solidarioa, immigrazioa, osasuna, lankidetzarako garapena, gizarte bazterketa…

Norantz zuzenduko duzue aurtengo pobreziaren aurkako egunaren aldarrikapena?

Pobrezia bukatzera bideratutako ekintzetan gertatutako murrizketetan zentratu gara aurten. Munduan 1.400 milioi pertsona muturreko pobrezian bizi dira. XXI. mendeko lehen gosetea gertatu da Afrikako adarrean, 13 milioi pertsonengan eragiten duena. Testuinguru horretan penagarria da Nafarroako Gobernuak %11 murriztea garatzeko bidean dauden herrialdeei ematen dien laguntza.

Datorren urteko aurrekontuetan zer bilakaera egongo den ba al dakizue?

2011ko aurrekontuetan murrizketa %11koa izan da, baina 2012ko aurrekontuetara begira alarma egoera piztu da. Garapenerako laguntza bi eta hiru milioi euro artean murriztuko da. Datuak konfirmatuz gero, %25 jaitsiko litzateke garapenerako lankidetzara bideratutako aurrekontua 2011. urtearekiko. Bi urtetan %35 eta %40 artean jaits daiteke, eta 2005eko kopuruetara itzuli.

Mundu mailako desorekaz gain, zein da Nafarroako egoera?

Pobreziaren mugaren azpitik bizi direnen kopurua %5,4tik %7,4ra igaro da, Espainiako estatistika institutuaren datuen arabera. Horrek esan nahi du, nolabait esateko, 46.000 txiro daudela Nafarroan. Krisi ekonomikoaren sorreran zerikusi gutxien izan duten pertsonak dira gehien sumatzen ari direnak.

Nolakoa izan da politikariekin izan duzuen harremana murrizketa horien harira?

Erabakiak hartu ahala zegoen gardentasun falta salatu nahi dugu: albiste nahasiak… 2007an sinatu zuten Nafarroako Pobreziaren Aurkako Itunarekiko konpromiso falta argia erakutsi dute. Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza zuten alderdi guztiek sinatu zuten, eta horietako bi gobernuan daude. 2012. urtean 31 milioi euro emateko helburua berretsi zuten, eta ematen du erdira baino ez direla helduko.

Testuinguru horretan, nola ikusten duzue etorkizuna?

Garapenerako lankidetzak lehentasunezko politika izan beharko luke, eta ez diogu uko egiten %0,7ari, ezta Pobreziaren Aurkako Itunean dauden helburuei ere. Hori sinatu zuten alderdiek ez diote uko egin, eta ezin diegu onartu bi norabideko hizkuntza horren erabilera. Politikarien bi aurpegiko diskurtsoaz aspertzen ari gara herritarrok. Haserrea gora doala ikus daiteke egunero.

Larunbateko ekimenetan M-15 mugimenduarekin bat egingo duzue.

M-15 mugimenduak zenbait ekimen egin nahi ditu larunbatean, eta Iruñeko hainbat tokitara hedatzen saiatuko gara. Gaztelu Plazan egongo da M-15 mugimendua, eta plataformako kideek ere parte hartuko dugu bertako tailerretan.

Aipatu duzun haserrea beste ildo batzuetatik lantzen ari da mugimendu hori: etxetik bota nahi dituztenen aldeko ekintzak… Parekotasunak al daude zuekin?

Denok norabide berera begiratzen dugu, eta herritar askoren ezinegonak biltzen ditugu. Erabilitako bide guztiak baliagarriak dira, eta zenbat eta gehiago egon, hobe. Gizarteak elkartasuna adierazteko erabiltzen dituen moduak dira, eta denak dira ongietorriak. Gizarte eredu ezberdina proposatzen dugu guztiok.



 

5.200

EAEko babes sozialak Europakoarekin duen aldea (milioi eurotan).

Barne produktu gordinaren %19 ematen da babes sozialera EAEn. Europako batez bestekoa %27 da, eta kopuru horretara heltzeko 5.200 milioi euro gehiago eman beharko lituzke.



 

Gasteizko desjabetze bateko zozketa, bertan behera

Aurelia Gigirey gasteiztarraren eta haren bizilagunaren etxebizitzen zozketa bertan behera utzi du epaitegiak. Emakumea, Vital Kutxa eta jakinarazi ez duten erakunde publiko bat hitz egiten ari dira egoerari irtenbidea emateko. Uztailean saiatu ziren bi etxebizitza horiek zozkatzen, baina atzeratu egin zuten.



 

Bizkaiko Eroski dendetan janari bilketa hasiko dute

Gaur eta bihar janari bilketa egingo dute Bizkaiko Elikagai Bankuko kideek probintziako azalera handiko Eroski dendetan. Lekaleak, esnea, pasta eta olioa lortu nahi dituzte, besteak beste, babesgabetasun egoeran dauden pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia