Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 15:28

2011-09-25

'Bateragune auzia'. Manifestazioa

Milaka urrats Bilbon, epaiketa politikoak bukatzeko eskatuz

Arnado Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletari ezarritako zigorrak salatu dituzte

Manifestaldiaren burua udaletxera iritsi zenean, amaiera Zabalburun zen artean

Iraia Oiarzabal Bilbo

Kaleen moduan, udaletxe inguruak mukuru bete ziren herritarrez. / JUANAN RUIZ-RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Epaiketarik ez, zigorrik ez. Aterabide demokratikoak orain. Horixe zioen epaiketa politikoak salatzeko atzo Bilbon eginiko manifestaldiaren leloak. Milaka lagun batu ziren Bateragune auzian Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaletari ezarritako zigorra salatzeko, zenbait gizarte eragile eta eragile politiko eta sindikalek antolatutako manifestazioan.

EA, Alternatiba, ezker abertzalea eta Aralar alderdiek eta LAB, EILAS, Hiru, EHNE eta ESK sindikatuek deitu zuten manifestaziora. Gizarte eragileei dagokienez, Lokarri, ESAIT, Euskal Herriak Bere Eskola, Giza Eskubideen Behatokia, Euskal Herrian Euskaraz, Gazte Abertzaleak, Ikasle Abertzaleak, Bai Euskal Herriari eta TATek babestu zuten.

17:00etarako deituta bazegoen ere, 17:25ean abiatu zen Casillatik. Ordurako, manifestaldira batzeko esperoan, jendez betea zegoen Autonomia kalea eta Casillaren ingurua. Eskuan kartelak zituzten gehienek, epaiketa eta zigorrekin bukatzeko eskatzen zutenak. Ibilidea hasi zutenek euskal presoen kaleratzea eskatzen zuten bitartean.

Ordutegi aldaketa zela eta —hasiera batean 17:00etarako egin baitzuten deialdia—, ohi baino jende gutxiago zegoen sentsazioa nagusitu zen lehen minutuetan. Martxa hasi orduko, inguruko kaleetan sakabanatutako jendea batzen hasi zen, eta segituan bete zen Autonomia kalea.

Pankartaren atzean, Rufi Etxeberria, Iñigo Iruin, Txelui Moreno, Jone Goirizelaria, Tasio Erkizia eta Maribi Ugarteburu (ezker abertzalea), Pello Urizar eta Rafa Larreina (EA), Rebeka Ubera eta Iñaki Aldekoa (Aralar), Oscar Matute (Alternatiba), Martin Garitano (Gipuzkoako ahaldun nagusia, Bildu) Ainhoa Etxaide (LAB), Txiki Muñoz (ELA), Jesus Uzkudun (CCOO-Euskadi), Paul Rios (Lokarri) eta Martxel Toledo (ESAIT) egon ziren, besteak beste. Pankarta zabaldu bezain pronto, kazetari eta argazkilari ugari gerturatu ziren kameraz unea jasotzeko, aurrera egin ahala jendeak txalo zaparradaz jasotzen zuen biartean. Nafarroako banderak eta presoen aldeko zapi ugari ikus zitezkeen jende uholdean sakabanatuta.

Askotariko aldarrikapenak

Bideari ekin eta Zabalburu plazara iritsi zenerako, milaka ziren manifestaldian ikus zitezkeenak. «Presoak kalera, amnistia osoa» edota «independentzia» ziren aldarri nagusiak; ozen oihukatzen zuten protestariek.

Ibilbidearen erdia eginda, Zabalburu plazan, Ertzaintzaren hiru furgoneta zeuden zain, eta manifestazioaren buruaren aurrean egin zuten udaletxerainoko bidea. Amaieran ere baziren Ertzaintzaren furgonetak, eta airean, helikopteroa.

Plaza Zirkularrera iristear, artean ere, bazen espaloian zain zegoen jendea, aurrean bi pankarta zituztela. Batean Kukutzaren aldeko mezua ikus zitekeen. Bestea, hurrengo astean Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten Iruñeko gazteen aldekoa, urriaren batean egingo den manifestaldira deituz. Biak txalo eginez igaro zituzten manifestariek.

Udaletxera bidean, kalean gora zihoan autobus batek bidea oztopatu zion martxari eta Ertzaintzak desbideratu egin behar izan zuen, manifestazioak aurrera jarraitu ahal izateko. Etenaldiaren ostean, aurrera jarraitu zuen manitestaldiak, helmugara iritsi nahian. Zaintza epaitegitik pasatzean, «atxilotuak askatu» zioen mezua nagusitu zen, ostiralean Kukutza gaztetxearen eraistean izandako liskarretan atxilo hartutakoak aska ditzaten eskatuz.

Manifestazioaren burua udaletxera iritsi zenean, bukaerak ez zuen artean Zabalburu pasatu. Minutu batzuen ostean hasi zen hitzaldia, amaieran zeuden manifestariak iristear zirela.



 

Kukutzaren aldeko aldarria nonahi atzo ere

Babes handia jaso zuen, atzoko manifestazioan ere, Kukutzak. Pello Urizarrek eta Maribi Ugarteburuk elkartasuna espresuki adierazi, eta Ertzaintzak erabilitako bortizkeria salatu zuten protesta hasi aurretiko adierazpenetan. Manifestazioa Zabalburura iristen ari zela, Periko Solabarria militante historikoak zabaldu zuen mezua, Kukutzaren ikurra pankarta nagusiaren aurrean zabalduta. Ondoren, Plaza Biribilaren ondoan, gaztetxekoek beraiek egin zuten aldarria eskuz egindako pankartari eutsita. Txalo zaparrada jaso zuten. Amaierako ekitaldian, Kukutzan «urte guzti hauetan lanean aritutakoei» eskerrak ematera eta gaztetxeko kideei elkartasuna adieraztera zuzendu zituzten lehen hitzak.



 

Ertzaintza aurretik, atzetik eta gainetik

Inolako istilurik ez zen izan atzoko manifestazioan, baina zaintza berezia izan zuen. Ertzainek gertutik jarraitu zuten burua, hiru furgonetatan manifestazioaren aurretik joanda. Protestaren atzealdea ere furgonetetatik jarraitu zuten. Helikoptero batek ere ibilbide osoa egin zuen protestarien gainean.



 

ESANA. ARNALDO OTEGI. Bateraguneko kartzelatuen izenean idatzitako gutuna

«Irribarre egitea hortzak erakusteko beste modu bat da. Egin irribarre, irabazi egingo dugu eta!»



 

«Konpromisoa biderkatzeko» eskatu dute, prozesuak aurrera egin dezan

Antolatzaileek mobilizatzen jarraitzeko eskatu dute, eta Otegik, gutun bidez, hartutako bidean sakontzeko

Aitziber Laskibar Bilbo

«Euskal Herrian zabaldutako bakerako aukeren eta konponbide demokratikoaren aurkako oztopo bat gehiago» da Bateragune auzian epaitutakoei ezarritako zigor epai gogorra, manifestazioa antolatu duten alderdi eta eragileen ustez. Egoitz Askasibar ESAITeko kideak eta Marijo Romero LABekoak protestaren amaierako ekitaldian salatu dutenez, «Euskal Herrira bakea, demokrazia eta askatasuna ekartzeko borondatearen aurkako erasoa» da. Izan ere, haien hitzetan, urte luzeetarako espetxeratu dituzten bost politikarien «delitu bakarra Euskal Herrian eta nazioartean aski ezaguna eta aitortua den lan politikoa egitea izan da». Areago, Bateragune auzia sortu izanaren «arrazoi bakarra» horixe dela ohartarazi dute.

Horregatik, «nahikoa dela» esan diote, «ozen», Espainiako Estatuari. «Epaiketa eta zigor politikoek behin betiko eten behar dute. Euskal Herriak aterabide demokratikoak behar eta exijitzen ditu».

Eskaera horixe egiteko alderdi politiko, sindikatu eta «mota guztietako eragileak» beste behin elkartu egin direla gogorarazi dute. Bilboko kaleak elkarrekin ibili dituztela, «milaka eta milaka herritarrekin batera».

Baina, Espainiako Auzitegi Nazionalak, «urteetan eraikitako makinatzar juridiko-politiko horrek, salbuespenean oinarritutakoak eta bultzada politikoz aritzen denak», bere horretan jarraitzen duela ohartarazi dute. Ondorioz, Euskal Herrian oinarrizko eskubideak urratzen jarraitzen duela, eta «zabaldutako prozesu demokratikoa galarazten eta blokeatzen duten egoerak egiten» jarraitzen duela.

Halako «erasoen» aurrean konpromisoa biderkatzeko» deia egin dute, beraz. «Horrela lortuko dugu oinarrizko eskubideen urraketa guztiei amaiera ematea eta betirako soluzioen prozesua galarazten duten egoerak bukatzea, gure etorkizunaz bake eta askatasunean erabakitzeko behar dugun egoera berria eratu dadin».

«Epaiketak, kondenak, atxiloketak eta espetxeratzeak betirako amaitu» eta pertsona guztien eskubide guztiak errespetatu daitezen, «mobilizatzen jarraitzeko» eskatu diete herritarrei.

Horrez gain, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioa babestuta erakutsitako «konpromisoa» txalotu dute eragileek, «egoerarik zailenean ere aterabide demokratikoen alde egin duen apustuagatik».

Bateragune auziagatik hamar eta zortzi urteko zigorra jasota espetxean dituzten Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Miren Zabaletak, Arkaitz Rodriguezek eta Sonia Jacintok ere zuzenean hartu dute hitza, Otegik espetxetik igorritako eskutitzaren bidez. Prozesuari jarritako oztopoak salatu, eta konpromisoak hartu eta betetzera dei egin dute.

Espetxeratutako politikarien hitzetan, «ezker abertzalearen estrategia aldaketa modu ordenatu eta bateratuan egitea saihestea» zen duela bi urte Bateragune auzia sortuta egindako sarekadaren helburua. Orain, epai gogorraren helburua ere argi du Otegik: «Datozen aste eta hilabeteetan, hartutako estrategia berriaren norabidean urratsak egin eta Euskal Herrian agertoki berri bat behin betiko ezar dadin saihesten saiatzea». Baina, Otegiren hitzetan, duela bi urteko helburu hura ez zuten lortu, «eta ez dugu utziko bigarrena lor dezaten».

Zigortuen ustez, estatuan badira oraindik «Euskal Herriko bakea eragoztea helburu duten ahalmen handiko indarrak». Eta, horren aurrean, «euskal prozesu demokratikoaren alde» daudenei luzatu die deia: «Erabakitako bidean sakondu, eta hartutako erabakiak zein konpromisoak bete —gure herriarekin eta nazioarteko komunitatearekin— , guk hautatutako estrategia berrian sakontzea delako erantzunik hoberena».



 

Datorren asteburuan gazteen alde Iruñera joateko deia

Datorren astebururako beste nazio manifestazio bat dago iragarrita: Espainiako Auzitegi Nazionalak aurki epaituko dituen Iruñerriko gazteen aurkako auzia salatzekoa. Iruñean izango da, larunbatean, eta auzipetutakoen gurasoek bertaratzeko deia egin zuten pankarta eta guzti.



 

Orduarekin nahastuta, berandu bete ziren kaleak

Ohi baino jende gutxiago zegoen hitzordu unean Casillan. Berandu iritsi zen jende asko, manifestazioaren orduarekin nahastuta. Izan ere, 17:30erako egin zuten deia antolatzaileek hasieran, eta ostegunean iragarri zuten 17:00etara aurreratu zutela. Jende askok ez zuen jakin, eta 17:25ean abiatu zen protesta.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia