Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 15:27

2011-09-18

Euskal presoak. Donostiako manifestazioa

Aterki uholdea euskal presoak etxeratzearen alde

'Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira' lelopean, milaka lagun batu dira Egin Dezagun Bidea ekimenak deituta

Aurrenak Bulebarrera iritsi zirenean, amaiera Perla inguruan zegoen

Oihana Elduaien Donostia

Jendetza batu zen Donostian atzo, euskal presoen eskubideen alde. / J. C. RUIZ / ARGAZKI PRESS


Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eskatu zuten. / J.C. RUIZ / ARG

Euria goian behean, aterki uholdea osatu zen atzo Donostian, euskal presoak etxeratzearen alde. Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira goiburua zuen mobilizazioak, baina jendearen oihuetan eta amaierako testuan urrats bat gehiago egin zuen aldarrikapenak. Presoak etxeratzea eskatu zuen batu zen jendetzak. «Amnistiarik gabe bakerik ez!» leloa ohiukatu zuten gehien, eta amaieran honela irakurri zuten Beńat Zarrabeitiak eta Mari Feli Etxeandiak: «Kartzelak hustuko ditugu, eta gure konpromisoa sendoa eta irmoa da: euskal preso eta iheslari politiko guzti-guztiak etxera ekarriko ditugu!».

Oihartzun handiarekin entzun zen amnistiaren aldeko aldarrikapena Antiguako tunelean, manifestazioa abiatzeko pankarta zabaldu bezain pronto. Abiatu baino ordu laurden lehenago hasi zen euria, eta tunelean babestuta zegoen jende asko. Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideek ez ezik, arte eszenikoetako hainbat lagunek ere eutsi zioten alderik alde zabaldutako pankartari. Bazterretan bildutako jendearen txalo zaparrada eta oihuen artean egin zuten bidean aurrera. «Presoak kalera, amnistia osoa», «amnistiarik gabe bakerik ez», euskal presoak etxera», «ez, ez, ez, sakabanaketarik ez», «bizi guztiko zigorrik ez» eta «gaixo larriak askatu» izan ziren oihukatutako lelo batzuk. Independentziaren aldekoak ere entzun ziren.

Hala egin zuten Bulebarrera arterainoko bidea, euriari aurre eginez. Alferrik izan ziren aterkiak, txapelak eta zirak. Manifestazio buruan batutakoek busti-busti eginda amaitu zuten. Ordubete inguru behar izan zuten aurrenek Bulebarrera iristen. Ekitaldiarekin hasita zirela, manifestazioaren amaiera Perla inguruan zegoen artean, eta ekitaldia amaitu ostean, jendeak bidea egiten jarraitzen zuen oraindik.

Zinemaldiko egunak izanik, protagonismo berezia izan zuten arte eszenikoetan aritzen direnek. Manifestaziorako deiarekin bat egin zuten hainbatek, eta bertan ere asko izan ziren. Itziar Ituńo, Ramon Agirre, Gotzon Sanchez, Aizkoa Olabarrieta, Kandido Uranga eta Eneritz Artetxe, adibidez.

Maria Cristina parera iritsitakoan nabari zen Zinemaldiko giroa. Euria erasorik gogorrena egiten ari zela, jende mordoxka zegoen izarren zain, kamerak eta koadernoak eskuan. Han zeuden Igor Elorza, Unai Iturriaga eta Erika Lagoma bertsolariak ere —atzo estreinatu zen Bertsolari dokumentala Zinemaldiko Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo—. Hirurek manifestazioarekin bat egin zuten, Bulebarrerainoko azken metroak egiteko. Ez ziren horiek mobilizazioan ikus zitezkeen aurpegi ezagun bakarrak. Sustrai Colina bertsolaria, Fermin Muguruza musikaria eta Eider Rodriguez zein Lander Garro idazleak ere han ziren.

Presoen eskubideen aldeko martxan parte hartu zuten politikariak ere asko izan ziren. Ezker abertzaletik Rufi Etxeberria, Niko Moreno, Txelui Moreno eta Maribi Ugarteburu joan ziren, besteak beste; EAtik Pello Urizar, Ikerne Badiola eta Jesus Mari Larrazabal; eta Alternatibatik Oskar Matute. Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarola eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre ere han ziren. Aralarren eta Abertzaleen Batasunaren babesa ere bazuen manifestazioak, baita ELA, LAB, Hiru, ESK, EILAS eta EHNE sindikatuena ere.

Bateragunekoak gogoan

Bateragune auzian epaitutako Amaia Esnal eta Rafa Diez ere han izan ziren. Esnal absolbitu egin dute, baina Diezek astelehenean jakingo du baldintzapean aske jarraitzerik izango duen edo ez. Izan ere, hamar urteko espetxe zigorra jarri dio Auzitegi Nazionalak, Arnaldo Otegiri bezala, eta Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Amaia Zabaletari zortzina urteko zigorra jarri die.

Espetxe zigorra jaso duten bost lagun horiek oso presente izan zituzten atzoko manifestazioan. Politikariek zigorra salatu zuten adierazpenetan, eta amaieran ere hainbat erreferentzia egin zizkieten: Beńat Gaztelumendi bertsolariak aurrena, eta Zarrabeitiak zein Etxeandiak ondoren: «Atzokoan Auzitegi Nazionalak kondena berriak ezarri zituen, Bateragune auziko epaiarekin. Baina bukatu dira kartzelak euskaldunez betetzen jarraitzeko garaiak. Bukatu dira atxilotzeko, torturatzeko, epaitzeko, kondenatzeko eta jendea kartzelara bidaltzeko garaiak. Euskal jendarteak hasia du, erabakimen osoz, Euskal Herrira betiko bakea, demokrazia eta askatasuna ekartzeko bidea».



 

%24

Gaixorik dauden presoak.

Euskal presoen %24 gaixorik daude, eta presoen %6k gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzte. Minbizia, hiesa, bihotzeko zein buruko gaixotasunak eta bestelako gaitz larri eta sendaezinak dituzte, hortaz, euskal presoen ia laurdenek.



 

@sarean

Manifestazioaren berri emateko sareak garrantzia izan du oraingo honetan:

www.ateakireki.com. Webgune horretan eman dute zuzenean manifestazioa streaming bidez.

www.irailak17manifestazionazionala.blogspot.com. Manifestaziorako deia egiteko sortu duten webgunea da.



 

Manifestazioaren iragarpena filmetan oinarrituta

Manifestaziorako deia egiteko, hainbat bideo egin ditu oraingo honetan Egin Dezagun Bidea ekimenak. Horretarako, eta euskal presoek jasan behar izaten dituzten egoerak islatzeko, hainbat filmetan oinarrituta: esaterako, La vida de Brian o Rajoy, La vida es bella sin carceles eta El club de los poetas muertos filmetan. Egunotan, gainera, Donostiako 59. Zinemaldia ospatzen da, eta testuinguru horretan oinarrituta ere egin dituzte iragarpen bideoak. Manifestazioan arte eszenikoetako hainbat pertsona ezagunek ere parte hartu dute, hala nola Itziar Ituńok, Ramon Agirrek, Asier Hormazak, Aiora Zulaikak eta Carlos Gilek. Guztira 40tik gora aktorek babestu dute manifestazioa.



 

Euskal presoek jasaten duten «tratu ankerra» salatu dute

Espetxe politikak Euskal Herrian «irekiriko prozesua oztopatzen» duela azaldu dute

J. S.- O. E. Donostia

«Europako indarkeria politikorik handiena da euskal presoek bizi duten errealitate ankerra», salatu du Egin Dezagun Bidea ekimenak, manifestazioaren amaieran. Beńat Zarrabeitiak eta Mari Feli Etxeandiak irakurri duten testuan larritzat jo dute presoen egoera, eta haien eskubideak «berehala errespetatzeko» eskatu dute.

Atzoko manifestazioa «urrats handia» izan zela nabarmendu zuten, baina bidea pausoz pauso egiten dela gogora ekarri ostean, hurrengo puntu hau jarri zuten: «Guztion artean urtarrilerako herri mobilizazio orokor bat prestatzeko gonbita egiten dizuegu. Posible delako eta egin dezakegulako. Konbentzituta gaude Euskal Herrian badugula nahikoa indar eta kemen preso eta iheslariak etxera ekartzeko. Horretarako giltza antolaketa eta mobilizazioa izango dira, eta gure indarrak batzen eta antolatzen baditugu, urtarrilean inoiz izan den mobilizaziorik handiena egingo dugu». Pauso «handi eta luzeak» emateaz gain, urrats «txiki eta xumeak» egiteko ere eskatu dute.

Gainera, esan dute azken urteetan euskal presoen kopuruak «gora» egin duela frankismo garaiko kopuruekin alderatuz gero. Baina ez kopuruak bakarrik, baita preso horien aurkako «neurri krudelek» ere. Hori hala, sakabanaketa politikak «ondorio larriak» eraginez hogei urte baino gehiago daramatzala adierazi dute Egin Dezagun Bidearen bozeramaileek. Hori bai, sakabanaketaren «aurpegirik gordinena» errepideetan hil diren euskal presoen senideena dela gaineratu dute.

Horrez gain, eta hori ikusita, kartzela politikak Euskal Herrian «zabalduriko prozesu demokratikoa oztopatzen eta galarazten» duela azaldu dute. Horregatik, esan dute «demokraziak eta askatasunak» izan behar dutela prozesu horren oinarriak, eta kartzela politikak «errepresio eta erabilpen» giltzetatik «erresoluzio demokratikoen» parametroetara pasa behar duela, eta hori «berehala» egin beharrekoa dela.

Izan ere, Parot doktrina izenez ezagutzen den 197/2006 doktrinak kartzelan «urte gehiago» egotea dakarrela adierazi dute, eta hori «bizi osorako zigorra ezkutuan indarrean izatea» dela salatu. Gainera, «gatazkaren erroak eta ondorioak» gainditzeko Euskal Herrian «irekiriko aro politiko berriaren» aurkakoa dela diote.

«Neurri horrek ez du lekurik bazterketarik eta errepresiorik gabe eskubide guztien errespetuan oinarritutako garai berri batean», adierazi dute. Horregatik, neurri hori «berehala» amaitzeko eta zigorra bete duten presoak aske uzteko eskatu dute.

«Mendekua eta xantaia»

Euskal presoek jasaten dituzten «mendeku eta xantaia» neurriei, nozitu behar izaten duten «tratu gizagabea» gehitu behar zaio, bozeramailearen iritziz. Izan ere, esan dute tratu horren barnean daudela «bakartze erregimenak, kontrol neurri zorrotzak eta funtzionarioek eta poliziek euskal presoei jipoiak emateko zigorrik eza».

Hori dela eta, euskal presoei aplikatzen zaien kartzela politika «mendekuan, xantaian eta errepresioan» oinarritzen dela salatu dute, eta «salbuespenekoa» den legedian sostengatzen dela.

Hori bai, kartzelak euskal herritarrez betetzen jarraitzeko garaia «amaitu» dela azaldu dute, baita euskal herritarrak «atxilotzeko, torturatzeko, epaitzeko, kondenatzeko eta kartzelara bidaltzeko» garaiak ere.

Euripean egin zituzten adierazpenok, Beńat Gaztelumendik bertsoa bota ostean. Aurretik, Oreka TXko txalapartariek egin zien harrera manifestariei.



 

Jone Lozano eta Alex Zobaran presoak gose greban daude

Jone Lozano eta Alex Zobaran euskal presoak gose greban dira Marixol Iparragirreri ezarri nahi dioten euroaginduaren aurka. Preso horiek Lyon Corbas espetxean (Frantzia) daude. Gainera, euroaginduaren aplikazioaren kontrako gutunak bidali dizkiote Frantziako Estatuaren abokatuari eta prokuradoreari.



 

Uribe Kostako 11 gazteek ere egin dute protesta

Bizkaiko Uribe Kostako 11 gazte epaituko ditu datorren astean Espainiako Auzitegi Nazionalak, ETAko kide izatea eta kale erasoetan parte hartzea egotzita. Guztira 128 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak atxilotu zituztenean —duela lau urte— egin zituzten adierazpenetan oinarrituta. Astelehenean hasiko den epaiketaren aurrean, gazte horiek ere protesta egin dute, Miramar jauregira igotzeko bidean Euskal gazteria, libre eta legala lelopean pankarta bat jarrita. Auzipetuek hainbat eragile, talde eta herritarren babesa eta elkartasuna jaso dute. Eragile horien artean daude Eleak giza eskubideen aldeko mugimendua eta Torturaren Aurkako Taldea.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia