2011-09-06
Hezkuntza. Ikasturte hasiera
Lehen ikasgaia: murrizketak
Ikasturtea asteon hasiko dute 500 bat mila ikaslek; kopurua etengabe ari da hazten, eta, aldi berean, murrizketa hotsak dira nagusi
Eskolak hasi bezperan Nafarroako ikastetxe batzuetan irakasleak falta direla salatu dute
Garikoitz Goikoetxea
- Egutegia
- Nafarroako irakasleek bilera dute, mobilizazioak adosteko
- NUPeko finantzaketa jaitsiko dela iradoki du Jose Iribasek
- ESANA. JOSE IRIBAS. Nafarroako Hezkuntza kontseilaria
- Eskola publikoko ikasleen gurasoen gastua.
- ESANA. ANGEL GABILONDO. Espainiako Hezkuntza ministroa
- Unibertsitateetan ere hasiak dira eskolak, ohi baino lehen
Koadernoko lehen orria zabaldu eta ikasketei ekiteko garaia asteon hasiko dute Euskal Herriko ikasleek. Azken urteetako joerari jarraiki, aurtengo ikasturtean ere handitu egin da ikasleen kopurua; 500.000 inguru izango dira —datu zehatzak falta dira, matrikulak berrestea eta iraileko azterketen emaitzak jasotzea falta delako oraindik—. Matematikari lotua izango dute lehen ikasgaia: murrizketak. Zenbat diru gutxiago izango den aurten hezkuntza sisteman, eta horrek zertan eragingo dien. Nafarroako Gobernuak 250 irakasle postu kendu dituela salatu dute sindikatuek —gobernuak esan du 112 izango direla—; Jaurlaritzak ere kendu dituela salatu dute sindikatuek. Ukatu egin du hori Hezkuntza Sailak.
Iragan astean hasi ziren lanean irakasleak, baina uda gorabeheratsua izan dute haien ordezkariek. Nafarroan nabaritu da, batez ere: ikasturtea amaituta eta aurtengoa prest zutela, gobernuak gutun bidez jakinarazi zien institutuetako irakasleek astean ikastordu bat gehiago eman beharko dutela. «Antolaketa lana orain, irailean, egin behar dugu. Konpromisoa hartu genuen ikasturteari ahalik eta oztopo gutxienekin ekiteko. Hori da gure asmo bakarra orain». Javier Mangado da, Nafarroako institutuetako zuzendarien elkarteko presidentea. Lanez lepo dabiltzala adierazi du.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan bazuten etorriko zen egoeraren berri. Itsaso Briz, Gipuzkoako Zuzendarien Batzarreko ordezkaria: «Ekainean aurreikusi genuen zer gertatuko zen. Eta orain ikusi dugu. Duela bi urte hasitako bidea segitu dute».
Eta kontua bera da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Murrizketen bideari irmo jarraitzen dio Frantziako Gobernuak, Jon Irazola LABeko eledunak dioenez. «Etengabe jaisten ari da hezkuntzarako diru kopurua. 1995ean BPGaren %7,6 eman zuen; iaz, %6,6. Diruaz ari gara, eta horrek badu eragina irakasleetan eta azpiegituretan». 2007tik, irakasleak gutxitzeko plan bat abian jarria du Parisek.
Postuez eztabaidan
Ikasleak gehitu direnean gertatu da. Azken hamar urteetan etengabe igo da matrikulazioa. Hegoaldean, kasu, 2004-2005eko ikasturtean 400.004 ikasle zeuden, eta aurten, aurreikuspenen arabera, 449.600. «Ikasle gehiago badaude eta postu gehiago ez, hori bera ere bada murrizketa. Erraza da ekuazioa», dio Brizek. Ukatu egin du hori Isabel Zelaak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, BERRIAk galdera eginda: «Aurten irakasle gehiago egongo dira, eta zailtasunik gabe erantzun ahalko diote hazkundeari». Nabarmendu du aski baliabide badirela egoerari aurre egiteko. Nafarroan, Mangadok azaldu du institutuan bost irakasle gutxiago dituztela.
Zelaak dio aldea badagoela gobernutik gobernura: «Ingurura begiratu besterik ez dago. Alor soziala krisi egoeratik salbuestea erabaki dugu guk». Eta eskola orduak ez gutxitzekotan, nondik ari dira kentzen? «Eskola orduak bakarrik ez ditugu. Beste hainbat lan baditugu: tutoretzak, dibertsifikazioa, bizikidetza planak... Denbora gutxiago izango dugu», azaldu du Mangadok. Brizek adierazi du Gipuzkoan ere ari direla: «Irakasle gutxiago daudenez, denbora gutxiago dugu premia bereziak dituztenei kasu egiteko, proiektuak gauzatzeko...».
Gobernuen eta irakasleen arteko ika-mikaren erdian harrapatuta daude ikasleak eta gurasoak. Herrikoa Nafarroako gurasoen elkarteko presidente Santiago Alvarezek dio ezustean harrapatu zutela murrizketek: «Ikasturtea amaitu aurreko azken egunean jakin genuen zerbait. Saiatu ginen gobernuarekin harremanetan jartzen, baina, aldaketarekin, ez zegoen norekin». Udan baieztatu diete murrizteak izango direla.
Ikasturtea murrizketekin hasita, zalantza da norainoko eragina izango ote duten hezkuntzaren kalitatean. Erakundeek ezetz diote: eraginik ez dutela izango, eta kalitatea ez dagoela ezbaian. Jose Iribasek, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, hala esan du. Zelaak honakoa dio: «Balizko hezkuntza kalitatearen murrizketa orokorra izango litzateke, edo beharbada apalagoa euskal hezkuntza publikoan, sistema hobea baitu».
Irakasleak, gurasoak eta sindikatuak, ordea, bat datoz: murrizketen eragina pairatuko dute ikasleek. Iparraldean dagoeneko gertatzen ari dela ohartarazi du Irazolak: «Geletan ikasle gehiegi dago: bigarren mailan, batez beste, 28-30 ikasle egonen dira gela bakoitzean; lizeoan, 35 ere bai».
Jaurlaritzaren menpeko eskoletan ere ari da gertatzen, Gipuzkoako zuzendarien batzarreko kidearen esanetan: «Mugak etengabe ari dira gainditzen». Ikastetxe bakoitzari gela kopuru bat aitortzen dio Jaurlaritzak; bakoitzean zenbat ikasle egon daitezkeen ezarrita du legeak. «Ikasle gehiengoren eskaria egon arren, Jaurlaritzaren erantzuna da ez duela gela gehiago jarriko. Eskola bakoitzak bere gain hartu behar izaten du, legeak agindutako mugen gainetik. Eskolen esku uzten dute». Ikasle horiek eskolatu gabe ez geratzea dutela xede esan du Brizek.
Mangadok eta Alvarezek uste dute nahitaez eragingo dutela Nafarroako Gobernuaren murrizketa handiek. «200 irakasleren lana desagertu egingo da; ordu asko dira horiek. Eskola orduak emateko modua izango dute, baina beste jardunekin zer gertatuko da?», galdetu du gurasoen elkarteko buruak. Zain dago zuzendaria: «Bat-bateko gorabeherak eta gaixoaldiak hasten direnean, haiek ordezkatzeko irakasle gutxiago izango dira. Elkartu beharko dira taldeak, ezingo zaie eskola egoki eman. Hori ezin da zenbakitan neurtu. Orduan ikusiko da kalitatea zertan den».
Berdintasuna gutxitzea eragingo dute horrelako egoerek, LABeko kidearen irudiko: «Jatorriagatik edo ikasleen berezitasunengatik, laguntza beharra izaten dute hainbat ikaslek. Frantzia urtez urte ari da laguntzaileak kentzen, eta, hala, berdintasuna kentzen».
Ordezkapenek sortuko dute ika-mika. Aurreko ikasturtean hala izan zen. Jaurlaritzak lau egunera egiten dituela salatu dute irakasleek: «Talde bat egon daiteke egunean bost-sei irakaslerekin. Beste zeregin batzuk dituzte, eta bertan behera utzi behar dituzte, lehentasuna ikasleak baitira», dio Brizek. Zelaak esan du ezin dela orokortu, batzuk lehen egunean ordezkatzen dituztela. «Arau konplexu eta orekatua da».
Lantaldeak, osatu gabe
Mangadok dio murrizketen ondoren zailtasunak izango dituztela ordezkoa heldu aurreko egunetan: «Zaintzan dauden irakasleekin moldatu behar izaten da, eta gaixoaldian dagoenarekin; lana prestatzen du hark. Orain, zaintzan gutxiago izango dira, eta ordezkatzeko ere bai, beraz». Azaldu du 15 egun baino gutxiagoko ordezkapenak ez dituztela egiten.
Ikasturte hasieran bertan, behin-behineko langileek hartu beharreko postuekin jada badituzte arazoak. Ikasturtea hasteko bezperan Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzan hainbat eskolatan lantaldeak osatzeko daude. Hala jakinarazi zuten atzo arratsean sindikatu guztiek, ohar bateratu batean. Haien arabera, gobernuak agindua eman du hilaren 16ra arte kontraturik ez egiteko; alegia, hasi eta astebete eta gehiagora arte. Bigarren Hezkuntzan ostiralean hasiko dira, eta 26an egingo dituzte kontratuak.
Eta egoera horretan uste oker bat hedatu dela diote irakasleek. Briz: «Gure egiteko bakarra eskolak ematea dela zabalduta dago gizartean. Handik kanpo gauza asko egiten ditugu. Gure hanka-sartzea izango da agian, baina administrazioarena ere bai: lantaldeak osatzeko garaian, eskola orduak soilik hartzen ditu aintzat».
Egutegia
• Irailak 5. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa.
• Irailak 6. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako HH Haur Hezkuntza, LH Lehen Hezkuntza, DBH eta Lanbide Heziketa.
• Irailak 7. Nafarroako HH eta LH.
• Irailak 9. Nafarroako DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa.
Nafarroako irakasleek bilera dute, mobilizazioak adosteko
Nafarroako bigarren hezkuntzako irakasleek bilera dute gaur eguerdian, La Cruz institutuan, Nafarroako Gobernuak egindako murrizketei nola erantzun erabakitzeko. Sindikatu guztiek dei egin diete maisu-maistrei bileran parte hartzera eta iritzia ematera. Mobilizazioak adosteko egingo dute bilera; mahai gainean dago lanuzteak edo grebak egiteko aukera ere. Jose Iribasek, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, erantzukizunez jokatzeko eskatu die behin eta berriro irakasleei, eta ez egiteko grebarik. Nafarroako institutuetako zuzendariek hilaren 20an erabakiko dute nola erantzun murrizketei; dimisioa ematea dute aztergai. Ipar Euskal Herriko irakasleak grebara deituta daude hilaren 27rako.
NUPeko finantzaketa jaitsiko dela iradoki du Jose Iribasek
Murrizketek NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoari ere eragingo diotela iradoki du Jose Iribasek, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak. «Ahal denik eta onena izan dadin saiatuko gara, baina dugun egoera ekonomikoaz jakitun izan behar dute». Julio Lafuente errektorearekin bildu zen atzo Iribas.
ESANA. JOSE IRIBAS. Nafarroako Hezkuntza kontseilaria
«Euskara eta euskaraz ikastea posible eta eskuragarri da Nafarroan; gaur egungo egoera egokia da»
610
Eskola publikoko ikasleen gurasoen gastua.
Eskola publikora bidalitako ume bakoitzeko 610 euro gastatu beharko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gurasoek; sare pribatuan, 930. Nafarroan, publikoan 595, eta pribatuan, 850. Kontsumitzaileen elkarteen datuak dira.
ESANA. ANGEL GABILONDO. Espainiako Hezkuntza ministroa
«Hezkuntzak murrizketetatik at geratu behar du; horretan inbertitzea garestia da, baina ez inbertitzea, oso garestia»
Unibertsitateetan ere hasiak dira eskolak, ohi baino lehen
Ikasleak bueltatu dira Euskal Herriko unibertsitateetara ere. Orain dela urte batzuk, iraila ondo amaitutakoan hasi ohi zituzten eskolak, baina, Bolognako prozesua dela eta, irailaren hasieran ekiten diete. Ikasturtea hasiagatik ere, matrikulazio garaia ixteko daukate oraindik, eta daturik ez dute jakinarazi.






