Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 15:19

2011-09-01

Krisia. Azpiegiturak

Lapurdiko AHTa geratu dute...

Lapurdiko zatian zundaketak gelditzeaz gain, Frantziak Tren Garraioaren Behatokia sortuko du, behin betiko erabakia hartzeko

Suprefeta Lapurdiko hautetsiekin bilduko da ostiralean, xedearen berri emateko

Aitor Renteria Baiona

Abiadura handiko trenaren kontrako mezua Uztaritzen. / MARINA BERBIALE

Frantziak aldaketa nabarmenak onartu ditu AHT xedearen atalean, eta, Lapurdiri dagokionez, jakinarazi du bertan behera utziko dituela zundaketa lanak 2014ra arte. Horrekin batera, bi erabaki garrantzitsu onartu ditu Frantziak, hala nola Tren Garraioen Behatokia sortzea eta 500 metroz gorako ibilbidea lantzeko egin diren lur desjabetzeak indargabetzea, lurra lehengo jabeei itzuliz. Horrek ez du erran nahi AHT xedea bertan behera uzten duela Frantziak, baina, bederen, zundaketak bi urtez gibelatzea lortu dute AHTaren aurkako taldeek eta hautetsiek. Bilkuratik atera ondoren, Mixel Hiriart Hego Lapurdi Herri Elkargoko presidenteak nabarmendu du adostasunerako bidea ireki dela.

Hego Lapurdi, Aturri-Errobi eta Errobi Herri Elkargoetako presidenteak Thierry Mariani Frantziako Garraio ministroarekin bildu ziren atzo, Parisen. Hautetsiak pozik atera ziren bilkuratik. Lapurdiko hautetsiek nabarmendu dute adostasunerako urratsak egin direla lehen aldiz, nahiz eta Frantziak AHT xedea ez duen baztertu. AHT xedeak orain arte finkaturiko egutegia atxikiko du, ibilbidea zehaztuko da eta 2013an inkesta publikoa burutuko da. Baina anartean ez da zundaketarik eginen eta ondorioz, 2014a aitzin ez da deliberatuko egiten den edo ez. Erabaki hori hartzeko prozedura ere aldatu da, Frantziak onartu baitu Tren Garraioaren Behatokia sortzea. Lapurdiko ibilbideaz egindako ikerketa guztiak aztertuko dituzte bertan, tokiko hautetsiak presente egonen direlarik. Hiriarten iritziz, proposamen horrek kontzertaziorako bideak irekitzen ditu, Lapurdiko hautetsiak presente egonen direlako Lapurdiko atala egin edo ez erabakitzeko momentuan. Gainera, hautetsiek berek eskatu ikerketak aztertuko ditu behatokiak. Lapurdiko atala beharren arabera eginen zela agindu zuen Frantziako Gobernuak orain baino lehen. Adierazpen horietan oinarrituz eta behatokiaren sorrera kontuan hartuz, urrats garrantzitsu bat egin dela adierazi du Hiriartek.

Lurren kakoa

Borondatezko hitzen gainetik lurren desjabetzearen auzia dagoela gogoratu du Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta kontseilari nagusiak. Izan ere, prozedura abiatu zuenetik, balizko ibilbidearen inguruko 1.000 metroko lurrak desjabetzeari ekin zion Frantziak. Herriko Etxeek ere horren kaltea pairatu zuten, bertan burutu nahi zituzten xedeak ezinezko bihurtu zirelako erabaki horren ondorioz.

Frantziako Gobernuak onartu du ikerketa eremua 1.000 metrotik 500 metrora murriztea eta ondorioz, eremu horretatik at egin diren desjabetzeak indargabetzea eta lurra lehengo jabeei itzultzea. Baina erabakiak ez ditu hunkitzen 500 metroko eremuan dauden lurrak. Errealitate hori kontuan hartuz, Parisek iragarri duen urratsa zuhurtziaz hartu behar dela azpimarratu du Alain Iriartek.

Bertze alde batetik, Laurent Nuńez Baionako suprefetak bilkura batera deitu ditu Lapurdiko hautetsiak. Bilkura ostiralean burutuko da suprefeturan eta hautetsiek baino ez dute ukanen sartzeko eskubidea. Bertan, Pariseko bilkuran aipatutakoaren berri zehatza emanen die Suprefetak.

Ingurumenaren aldeko taldeek ez dute Parisko bilkuraren baloraziorik egin oraindik, baina AHT xedea kolokan ezar dezakeen bertze atal bat azpimarratu dute. CADEren iritziz, Frantziaren defizitak erabat baldintzatzen ditu AHTa egiteko benetako aukerak. Frantziak ez omen du AHT alorrean burutu nahi dituen lan guztiak egiteko dirurik eta horrek baldintzatuko du Lapurdiko atala egin edo ez.

Gainera, Frantzia aztertzen ari da Pirinioen erdi aldetik Zaragozarako lotura egitea. AHT xede hori ikertzeko 500 milioi euroko aurrekontua osatu behar du.

Bilkuraren ondoren ez da AHT xedea kolokan ezarri. Berrikuntza nagusia Tren Garraioen Behatokia sortzea da eta ustez haren eskutan uztea azken erabakia. Lehen aldiz Lapurdiko hautetsiei erabakiguneen ateak irekitzea ere urrats bat da baina ez die emaitzaren bermerik emanen. Izan ere, oraindik ez dute zehazki azaldu zein izanen den behatoki horren osaketa eta zein izanen den Lapurdiko hautetsien ahala horretan. Lehen aldiz entzunen dituzte egitura ofizial batean eta haiek aurkeztutako txostenak ikertuko dituzte. Ingurumenaren aldeko taldeek espero duten erabaki bakarra AHT xedea bertan behera uztea dela berretsi dute.



 

...Nafarroakoak bultzada jaso du...

Enplegua sustatzeko eta gastua murrizteko neurri gehiago iragarri ditu Barcinak; tartean, AHTa eraikitzen hastea

Aitziber Arzallus

Frantziako Gobernuak hartutako jarreraren kontrakoa hartu du, berriz, Nafarroakoak, enplegua sustatzeko neurrien artean abiadura handiko trena bultzatuko baitu. Hala azaldu zuen Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak atzo, lanpostuak sortzeko eta gastu publikoa murrizteko abian jarriko dituzten neurriak aurkezteko egindako agerraldian. Behin lanak adjudikatuta, datozen asteetan hasiko dira Cadreita eta Alesbes arteko 8,5 kilometroko zatia eraikitzen. Lan horiek ehunka lanpostu zuzen eta zeharkako sortzeaz gain, enpresa hornitzaileetan beste hainbat lanposturi eustea ahalbidetuko dutela adierazi zuen. 30 milioi euro inbertituko ditu Nafarroako Gobernuak.

Langabeziari aurre egiteko beste neurri batzuen berri ere eman zuen: Moderna Fundazioa martxan jartzea, Europako Inbertsio Bankuak emandako 250 milioi euroko mailegua enpresa proiektuetara bideratzeko; urtea bukatzerako 2012tik 2016ra arteko inbertsio plan bat diseinatzea; eta Nafarroako gizarte eta ekonomia arloko eragileen arteko elkarlana bultzatzea. Aurreratu zuen Nafarroako Gobernua, CCOO eta UGT sindikatuak eta CEN patronala lanean ari direla ekonomia bizkortzeko plan bat itxuratzeko.

Horiez gain, gastu publikoa murrizteko neurriak ere iragarri zituen Barcinak. Helburua: defizitari jarritako muga «zorrotz» errespetatzea; aurten, gehienez, BPGaren %1,3. «Hori da Espainiako ekonomiari egin geniezaioken ekarpenik onena». Presidentearen esanetan, aurten, iaz baino diru sarrera handiagoak izango ditu Nafarroako Gobernuak, baina ez aurreikusi adinakoak. Horregatik, datorren astean aurtengo ekitaldia ixteko prozedura onartuko dute eta 2012ko aurrekontuetarako sabaia ezarriko diote gastuari.

Gastua murrizteko neurrien artean, goi kargudunak %24 gutxitzeko eta Administrazioaren egitura %8 txikitzeko prozesuarekin jarraituko dute, produktiboak ez diren bulego eta eraikinak salduko dituzte eta Nafarroako Ikus-entzunezko Kontseilua eta RTVEko Aholku Batzordea kenduko dituzte, besteren artean. Ikus-entzunezko Kontseilua kenduta urtean 500.000 euro aurreztuko ditu Foru Gobernuak.

Bukatzeko, datorren urterako aurrekontuez aritu zen Barcina, «2013an oreka lortzeko lehen urratsa izango direlako». Gastu lerro guztiak berrikusteko, berrantolatzeko eta murriztu edo desagertzeko konpromiso irmoa hartzen duela esan zuen.



 

Aktak egin dituztela eta, protestak Cadreitan

Derrigorrezko lur desjabetzeak egiteko, aktak egiten hasi ziren atzo Cadreitan (Nafarroa). Cadreita eta Alesbes arteko abiadura handiko tren zatia egiten hasteko azken tramitean, lur jabeei dei egin zieten Cadreitako udaletxera joateko aktak sinatzera. Ez zen protestarik falta izan ekitaldian. AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, parodia bat egin zuten hainbat lagunek. Politikariz jantzita eta pailazo ileordeekin atonduta, Zirku bat baino gehiago, lapurreta bat da hau. AHTarentzako lapurreta gehiagorik ez lelopean, pankarta bat zabaldu zuten, eta informazioa zabaldu zieten bertaratu zirenei. Protestan zebiltzan bi lagun udaletxera sartzen saiatu ziren, baina poliziek galarazi egin zieten.



 

Arriola: «AHTa errealitate bat izango da, bai ala bai»

Tren lasterraren inguruan zalantzarik ez dagoela adierazi du Ińaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Herrilan eta Garraio sailburuak, eta errealitate bat izango dela: «Kontra zeudenek ere badakite AHTa errealitate bat izango dela, bai ala bai». Azpiegitura 2016an amaitzeko konpromisoari eutsi dio Arriolak.



 

...eta bideak atzeratu ditu Gipuzkoak

Diputazioak gastua berriro antolatu behar izan du, aurrekontuetan baino 101 milioi euro gutxiago espero baititu

Jakes Goikoetxea Donostia

Gipuzkoako Diputazioak aurrekontua eguneratu eta egokitu behar izan du, 101 milioi euroko zuloa aurkitu baitu. Dirua gastatzeko lehentasunak ezarri behar izan ditu urtea amaitu arte: alde batetik, gizarte gastuari eta garraio publikoari eustea; bestetik, abian jarri gabe dauden inbertsioak atzeratzea, errepideak eta bidegorriak batez ere. Irungo eta Zarauzko saihesbideak eta Hernaniko saihesbidearen zenbait zati, esaterako. Eta Helena Franco Ogasun diputatuak onartu zuen hori guztia ez dela nahikoa izango zuloa estaltzeko. Hala ere, ez dute zorpetzeko asmorik.

Zuloa, Francoren esanetan, ez da kalkuluen akatsa edo ziurgabetasunaren ondorio; aurreko gobernuaren «ardura falta» baizik. Zenbait kasutan erakundeko teknikariek egindako kalkulu zuhurragoei «jaramonik egin ez» eta aurreikuspen baikorragoak egin zituztelako.

Aurrekontuen eta errealitatearen arteko aldea 101 milioi eurokoa dela esan zuen Francok, aurrekontuaren %11: 35 milioi euro gehiago gastatu behar dituzte eta 66 milioi euro gutxiago espero dituzte gastatzeko.

Gastuetan, Francok aurreko agintariei leporatu die gizarte politikako hainbat gastu ez zituztela aintzat hartu —31 milioi euro—, gastuak onartuta zeuden arren.

Diru sarrerei dagokienez, zerga bilketaren emaitzak irauli egin dira: uztailera arte iaz baino %4,4 gehiago bildu dute; abuztura arte, aldiz, %3,5 gutxiago. Balio erantsiaren zergaren bidez (BEZ) espero baino askoz ere diru gutxiago bildu dute, %9ko igoera aurreikusi zuten arren. Aurrekontuen arabera, aurten zergetan iaz baino %7 gehiago biltzea espero zuten zergen bidez. Francok nabarmendu zuen Ogasun Departamentuko teknikariek %4ko igoera proposatu zietela aurreko agintariei.

Dena den, zerga bilketan badago jaitsiera nabarmena eragin duen kanpoko faktore berri bat: Espainiak uztailean euskal erakundeei ez die ordaindu dagokien BEZaren eta zerga berezien zatia. Zergatik? «Kupoa bere irizpideen arabera gaurkotu duelako eta Rover auziari dagokion zorra kobratzen hasi delako», zehaztu zuen Francok. Eusko Jaurlaritza eta diputazioak aintzat hartu gabe.

Zerga bilketaren jaitsierak Gipuzkoako udalei ere eragingo die, 44 milioi euro inguru gutxiago jasoko baitituzte Diputaziotik.

Olano eta Gonzalez, haserre

Francoren datuek eta adierazpenek diputazioko arduradun ohien haserrea eta erantzuna eragin dute. Markel Olano diputatu nagusi ohiak eta Pello Gonzalez Ogasun diputatu ohiak oharra kaleratu zuten. Bientzat «kezkagarria» da Francoren «informazio falta eta harrokeria». Zehaztu dute 73 milioi euroko soberakina dagoela, Batzar Nagusien onespenaren zain, defizitari aurre egiteko; Diputazioak eta Batzar Nagusiek bazutela Gizarte Politikako diru kontuen berri; eta diru sarreren aurreikuspena Finantzen Euskal Kontseiluan egiten dela, beste erakunde batzuekin batera.



 

%47,65

Gizarte Segurantzan, soberakin txikiagoa.

Espainiako Gizarte Segurantzak 3.211 milioi euroko soberakina izan du urteko lehen zazpi hilabeteetan, iaz garai berean baino %47,65 gutxiago. 71.129 milioi euroko diru sarrerak eta 67.917 milioiko gastuak izan ditu.



 

ESANA. HELENA FRANCO. Gipuzkoako Ogasun diputatua

«Ez da kalkulu akatsa. Uste genuen aurrekontuak seriotasun handiagoarekin egiten zirela»



 

ESANA. MARKEL OLANO-PELLO GONZALEZ. Gipuzkoako diputatu nagusi ohia eta Ogasun diputatu ohia

«73 milioi euroko soberakina dago defizitari aurre egiteko, baina informazio hori nahita ezkutatu dute»



 

%2,09

Espainiaren defizita.

Uztailera bitarte, 67.004 milioi euroko diru sarrerak izan ditu Espainiak, eta 89.750 milioi gastatu ditu. Beraz, 22.764 milioiko defizita du, barne produktu gordinaren %2,09aren parekoa. Iaz garai berean baino %11,8 gutxiago da.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia