2011-08-27
2011. urtean abuztuaren 26. egunean
Zarauzko hondartzan goizean goiz agertu den balea ateratzeko komeria handiak izan dituzte; garabiak erabili dituzte azkenean
Aranzadik ikertuko du animaliaren gorpua, eta Donostiako Aquariuma egingo da kargu
Garikoitz Goikoetxea Donostia
Itsasbeheran, agerian geratu zen kaxalotearen gorputz osoa. / GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Dozenaka lagun jiran, eta erdian balea, atzo goizean. / GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Bi mila eta hamaikagarren urtean, abuztuaren 26. egunean, Zarauzko herriko malekoiaren aurrean, balea agertu zen zazpiak aldean. Horra atzo goizeko kronika Zarautzen (Gipuzkoa). Artean bizirik zegoen kaxalote bat azaldu zen herriko hondartzara, goizean goiz. Gaixorik zela uste dute adituek, eta lehorrera jo zuela. Bi orduren buruan, 09:00etan, hila zen. Lanak izan zituzten ateratzen; garabiak erabili zituzten azkenean.
Handia bazen, eta mantsoa ibilian. Hasiera, hondarra harrotuz zebilen murgil igerian; gero, gorputz erdia hondarpean geratu zen. «Lehorreratzen direnean, toraxa estutzen hasten zaie, arnasa bizkortzen...». Animalia bizirik zela heldu zen Zarautzera Ilargi Goenaga Ambar elkarteko kidea, egoera zertan zen jakiteko asmoz.
Ez zen bakarra izan. Zarauztarrak, ikusi zutenean han zebilela, berehala joan ziren kameraren bila. Hurbil-hurbiletik egon ziren batzuk begira; gertuegi ere bai. «Ezin da esan jendearen eraginez hil denik, noski. Baina guk saiatu behar dugu estres gehiago ez sortzen animaliari. Jendea hezteko beharra geratu da agerian: errespetua gordetzen, distantziari eusten... Gaixorik egon baitaiteke», dio Goenagak. Ertzainek atzerarazi zituzten balearen ondotik. Hantxe goizeko irudia: dozenaka lagun jiran, eta erdian balea.
Eguerdian hasita egin zuten, bai, nahiko pelea. Ambar elkarteko kideek aurrena: «Goizetik, gure nahia zen zerbait egitea. Gaztea zen, fresko zegoen, eta norbaitek hartzea nahi genuen, gero hezkuntzan erabiltzeko. Ezin zen utzi hondartza erdian». Ados jarri ziren Aranzadi zientzia elkartea eta Donostiako Aquariuma, animaliaren kargu egiteko. «Animalia oso berezia da kaxalotea. Jendeak badu ikusteko gogoa. Galdezka etorri zaizkigu, noiz eta non jarriko dugun», adierazi du Aquariumeko ordezkari Esther Irigaraik.
Arratsean hasi ziren ateratzen. Handia baitzen: hamabost metro luze, gerria ere lodi; gorputzez zen 1.700 arroa —hogei bat tona—. Ontzia iristen ez, eta garabien bidez lehorreratzea erabaki zuten.
Aranzadiko ikertzaileek aztertuko dute, eta Aquariumak lurpean gordeko du, lau-bost urtez. Gero jarriko du erakusgai. Orioko balearen historia da ezaguna, baina Donostiako Aquariumean Zarauzko bigarren balea izango da atzo hildakoa. 1878an harrapatu zuten orain dagoena; euskal kostan modu tradizionalean harrapatutako azkena. Hark ere badu berea: getariarrek eta zarauztarrek elkarrekin harrapatu zuten, baina norena zen ados jartzen ez, eta bitartean usteldu zitzaien. Nahita ustelduko dute atzokoa.
«Balea, balea!»
Zarauzko hondartzan ikaragarrizko ikusmina eragin du balea agertzeak. Goizean goizetik jendetza handia batu da. Harrituta denak, inoiz halakorik ikusi gabe.
Elixabet Epelde Zarautz
Euripean, argazki kamera eskuan eta galtzak belaunetaraino jasota, balea bertatik bertara ikustera jendetza hurbildu zen atzo goizeko lehen orduetan Zarauzko hondartzara (Gipuzkoa). Goiztiarrenek atzeman zuten kaxalote trabatua, hondarretatik askatzeko ahaleginetan, buztana astinduz. «Balea, balea!!», oihukatzen zuten, aspaldian arrantzaleek egiten zuten bezala.
«Bizirik al dago?». Horixe zen galdera eta kezka nagusia goizeko lehen orduetan. Izan ere, olatuen kolpeekin, batera eta bestera mugitzen zen balearen isatsa. Goiz hurbildu zirenek hasieran gehiago mugitzen zela azaldu zieten, ordea, gainontzekoei. «Animalia gaixoa», errukitu zen bat baino gehiago.
«Ez dut sekula halakorik ikusi!», zioen gizon batek. «Izurdeak, bai, tarteka, baina balearik hondartzan? Inoiz ez!». Ikusmin handia piztu zuen, eta herritar asko animaliarekin argazkiak ateratzera hurbildu zen. Denek nahi zuten gertutik ikusi, eta ukitu. «Zer nazka, likatsua da!», harritu zen haur bat balearen isatsa laztantzean. «Pneumatikoa dirudi!», zioen besteak.
Irratiaren bidez jakin zuten albistea zenbaitek, eta lagunei zein senideei deika zebilen hondartzan mundu oro. «Etorri azkar, eraman egingo dute eta!», oihukatu zuen batek telefonotik. Bigarren batek lanetik ihes egin duela azaldu zion lagunari, eta hirugarrenak, berriz, oso berandu zihoala lanera. Ezin halako aukera galdu.
Mareak berriz gorantz ekin zion, eta kaxalotea berriz itsasoratu ahalko zutenaren esperantza zuten askok. Ordurako, baina, ez zuen arnasarik hartzen.
09:00ak inguruan itsas fauna ikertzeko eta zaintzeko Ambar elkarteko kideak azaldu ziren, eta jendea sakabanatzeari ekin zioten. «Utzi balea bakean, eta ez ukitu, ez dakigu-eta gaixorik ote dagoen!», oihukatu die elkarteko kide batek animaliaren ondoan bildutakoei. Eskuak begiratu, eta atzera egin dute, atsekabetuta. Inork, ordea, ez du etxerako bidea hartu; han bildutako emakume baten esanetan, «halakoak bizitzan behin bakarrik gertatzen baitira».






