Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 15:14

2011-07-31

Ehunka pertsonak egin dute bat presoen eskubideen alde errepide eta hondartzetan

Jokaleku politiko berrian eskubideak urratzeak ez duela lekurik eta ezin duela «minutu bat gehiago» iraun adierazi dute

Egin Dezagun Bideak herri ekimenak irailerako manifestazio nazionalera deitu du

Nagore Ares Bilbo

Euskal presoen eskubideen alde giza katea egin zuten atzo Hendaiako kai muturrean. / BERRIA


Bilbon bizikleta martxa egin zuten. / MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS


Errepide eta zubietan ere erakutsi zituzten presoen aldeko ikurrak. / M. V. / ARP

Ehunka pertsonak mobilizazio eguna egin zuten atzo, euskal presoei elkartasuna adierazteko eta haien egoera salatzeko. Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatu zituen ekimen horiek. Komunikabideei igorritako ohar batean adierazi duenez, jokaleku politiko berrian presoen eskubideen urratzeek ezin dute «minutu bat gehiago» iraun. Besteak beste, «bizi guztiko espetxe zigorra» ahalbidetzen duen Auzitegi Goreneko 197/2006 dotrina (Parot dotrina) bertan behera uzteko exijitu du, eta gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak aske uzteko edo Euskal Herriratzeko eskatu du. «Konpontze eta jokaleku demokratiko baten bidean, ezinbestekoa da euskal preso eta iheslarien eskubideen urratzeak gainditzea», nabarmendu du Egin Dezagun Bidea ekimenak.

Herritar andana bildu zen Euskal Herriko kale, plaza, errepide, aireportu eta hondartzetan, espetxe politikaren ondorioak salatu eta horren inguruko informazioa zabaltzeko eginiko ekimenetan. Elkarretaratzeak egin, eta hainbat hizkuntzatan idatzitako eskuorriak banatu zituzten jendea informatzeko. Bizikleta martxak, giza kateak eta bestelako ekintza batzuk ere antolatu zituzten hiriburuetako erdiguneetan, turistak biltzen diren toki eta hondartzetan.

Puntu estrategikoetan

Eguraldia alde, hondartzak bete egin ziren, eta, hala, salaketarako toki aproposa bihurtu zituen; presoak etxeratzearen aldeko kartel zuriek hondartzetan eguzkitan zeuden jakin-nahi askoren begirada eta arreta bereganatu zuten. Zarautzen, adibidez, 360 pertsonak giza katea egin zuten; hondartza zeharkatu zuten.

Errepideetan ere jende andana bildu zen. Izan ere, oporretako irteera aprobetxatu zuten presoen egoera salatzeko eta familiek eta adiskideek bisitan joateko egin beharreko bidaia luzeak salatzeko. N1 errepidean eta AP8 autobidean euskal presoen eskubideak aldarrikatzen zituzten kartelak ikus zitezkeen.

Bilboko Guggenheim museoaren inguruan ziren turistek ere jakin-minez begiratu zieten presoen aldeko banderatxoak zeramatzaten bizikletei eta pankartei.

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, oso jendetsuak izan ziren atzo Euskal Herri osoan egindako ekimenak. Besteak beste, leku hauetan bildu ziren herritarrak: Agurain (40), Arabako Lautada (30), Gasteiz (130), Urkabustaiz (20), Deba (150); Donostian, Gros (80), Kontxa (125), Antigua (100); Lezo (40), Errenteria (55), Tolosa (100), Villabona (100), Zarautz (360), Hondarribia (92), Irun (50), Bermeo (30), Bilbo (300); Ibarrangelun, Laga hondartza (46), Laidako hondartza (80); Loiuko aireportua (25), Abanto (80), Ea (97), Lekeitio (200), Muskiz (100), Sopela (110), Hendaia (220), Baiona, Donibane Lohizune eta Miarritze.

Manifestazio nazionala

Atzoko ekintzez gain, manifestazio nazionala antolatu du Egin Dezagun Bidea ekimenak irailaren 17rako, Donostian. Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira, Egin dezagun bidea lelopean hiriko kaleetan zehar euskal presoen eta haien senideen eskubideak aldarrikatzera deitu dute; horien artean, Parot doktrina bertan behera uztea, sakabanaketa amaitzea eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak berehala askatu beharra. «Espetxe politika erabilpen, errepresio eta konfrontazio terminoetatik konponbide demokratiko baten klabeetara igaro beharra» dagoela azaldu du Egin Dezagun Bidea ekimenak.



 

Auto istripua izan dute Zigor Ruiz presoaren senide eta lagunek

Zigor Ruiz Iruńeko euskal presoaren senide eta lagun talde batek auto istripua izan zuten atzo Herrera de la Manchako (Espainia) espetxetik hurbil. Ruiz bisitatzera zihoazela izan zuten ezbeharra. Etxerat-ek jakinarazi duenez, autoa «txikituta» geratu da, eta istripuaren ondorioz, ospitalera joan behar izan zuten senide eta lagunek. Ruizen amak, lesio bat izan du bizkarrean, eta lepokoa jarri behar izan diote. Euskal Herrira taxian bueltatu behar izan zuten. Etxerat-ek zabaldutako datuen arabera, euskal presoen senide eta lagunek aurten izandako zortzigarren istripua izan zen atzokoa.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia