Berria.info

Igandea, 2014ko apirilak 20 - 20:23

2011-07-23

Espainiako bozetara Bildurekin joatea aztertzen ari da Aralar

Erabakitze eskubidea ardatz izanik, Espainiako Senaturako EAJrekin koalizioan joatea proposatzen du

Joanes Segurola

Koalizio posibleak proposatu dizkio Aralarrek bere militantziari alderdiaren urriko kongresurako prestatu duen ponentzian. Koalizioak aztertzeko Etorkizuneko ezker abertzalearen bidean, elkarlan estrategiko eta taktikoa ponentzia politikoaren ebazpenean Bildurekin hainbat koalizio osatzea proposatzen du. Tartean, Nafarroa Bai-Bildu Nafarroan, eta Bildu-Aralar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Baina, azken koalizio horren kasuan, indar ezkertiar eta ekologistei ere atea irekita utzi nahi die Aralarrek. Bat-egite horiek, betiere, Espainiako Diputatuen Kongresurako hauteskundeetarako izango lirateke.

Espainiako Senaturako hauteskundeetan, berriz, EAJrekin bat egiteko aukera ikusten du Aralarrek, erabakitze eskubidean oinarrituta. Horrela, Euskal Herria Bai koalizioa osatuko lukete bi alderdi horiek.

Militantziari bidalitako ponentzia politikoan, gainera, Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek bultzatutako Bil Gaiten babesten du Aralarrek, Ipar Euskal Herriko hautetsiek duten «eskubidea» ardatz hartuta.

Horiek publiko eginda, Noticias taldeko egunkariek kaleratutakoa «guztiz» gezurtatu du Aralarrek, «inon proposatu, eztabaidatu eta bozkatu ez dena» argitaratu dutelako.

EAren babesa

Espainiako hauteskunde orokorretan Nafarroa Bai-Bildu koalizioa proposatzea «begi onez» ikusten du Nafarroako EAren Batzordeak, bere iritzian horrela «jarrera baztertzaileak zuzendu» baititu Aralarrek, 2011ko udal eta foru hauteskundeetan izan zuen jarreraren ostean. Hala, Nafarroa Bai-Bildu koalizioa osatzeko aukera egongo litzateke EAren ustez.

«Aldaketa politiko eta soziala lortzeko beharrezkoa da betorik eta bazterketarik gabeko batasuna», dio Nafarroako EAren Batzordeak, eta Aralarrek hori onartu duela adierazi du. Baina gogora ekarri du EAJk, Aralarrek eta independenteek hori saihestu zutela orain dela hilabete gutxi, «EA Nafarroa Bai koaliziotik kanpo utziz».



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia