2011-06-26
Aurore Martinen auzia. Manifestazioa
Manifestazio jendetsu baten bidez adierazi diote sostengua Martini
Manifestazioaren lehen lerroan jarri zen Aurore Martin, alderdi, sindikatu eta elkarteetako ordezkariekin batera
Frantzia bere erantzukizunen aitzinean jarri behar dela adierazi du kolektiboak
Aitor Renteria Baiona
Euskal Herriko eta Frantziako eragile ugarik babestu dute Martinen euroaginduaren aurkako ekimena. / BOB EDME
Hiru mila antolatzaileen arabera, milaka lagunek txalotu zuten Aurore Martin, hura euroaginduaren aurkako manifestaziora agertu zelarik atzo Baionan. Alderdi, sindikatu eta giza eskubideen aldeko elkarteetako ordezkariek besarkatu zuten heldu zelarik. Ezohiko irudia izan arren, Christophe Martin eta Marie Christine Aragon Alderdi Sozialistako kontseilari nagusiak Xabi Larralde Batasuneko kidearekin mintzatzen ari ziren, Martinen beha zeudelarik. Hurbil Miren Legorburu, ezker abertzalearen izenean, Alice Leizeagezahar Berdeetako Akitaniako kontseilaria, Andde Sainte Marie ABko bozeramailea, Daniel Romestand PCFkoa, Martine Bisauta eta Jean Rene Etxegarai Baionako hautetsiak eta LAB, FSU, CGT edo CFDT sindikatuetako ordezkariak.
Manifestazioa abiatu aitzin, adierazpen batzuk egin zituen Martinek. Manifestazioan egoteko aukerarik ez zuela izanen uste zuen astearteko atxilotze saioaren ondoren. «Gaur, bihar edo etzi, ez dakit noiz , baina atxilotuko nautela jakin arren, pozik nago sortu den mobilizazioa ikusirik. Preso sartzen banaute ere, eztabaia garrantzitsu bat ireki da eragileen artean, testuinguru politiko berri bati buruz abiatzeko». Akidura nabaria da Martinen begitartean, baina borondate argia eta segurtasun irmoa erakutsi zuen.
Eskubide zibil eta politikoen alde, zioen Martinek eta ordezkari politikoek manifestazio buruan zeramaten banderolak. Gibelean hautetsi multzo handi bat, eta ondoren, Aurore libre etxean zioen banderola. Manifestazioa Euskaldunen plazatik abiatu zen, Saint Leon itzulgunerantz, eta handik Paulmy etorbidean behera joan zen. Suprefeturaren ondotik pasatzean, irudi bitxia ikusi zen. Manifestariek plastikozko xingolak zeramatzaten manifestazio burua babesteko. Parean poliziek burdin hesi handi bat ezarri zuten, Suprefeturarako bidea ixteko.
Herriko Etxetik pasatu ondoren, manifestazioa Xaho kaira heldu zen, eta bertan egin zen ekitaldi politikoa, haserretuen kanpalekuaren ondoan eta Poliziak Martin atxilotu nahi izan zuen etxearen parean. Aurore Martin oholtzara igan zelarik, luze jo zuten haren aldeko txaloek, «Aurore, herria zurekin» oihuen artean.
Erantzukizunen aitzin
«Hemen gara, karrikan, Frantzia bere erantzukizunen aitzinean ezartzeko», erran zuten Anaiz Funosas eta Claude Larrieuk, euskaraz eta frantsesez. Frantziak Martin kanporatzeko hautua egin duelarik, salbuespen legedi eta auzitegiak dituen eta tortura baliatzen duen estatuaren esku uztea deliberatu duela salatu zuten, eta errepresioaren «bide itsua» hautatu duela.
Nabarmendu zuten ez dela ohikoa manifestaziora bildutako alderdi eta sindikatuek eman duten irudi bateratua. Egoeraren larria ikusirik erantzun bateratua beharrezko dela jakinarazi zuten, iritzi, adierazpen eta biltzeko eskubideak ez urratzeko. Batasuneko mahai nazionaleko kide izateagatik hamabi urteko espetxe zigorra har dezake Espainian. Lotsagarria dela berretsi zuten, eta bi estatuei dei egin zieten, errepresioaren logika baztertu eta konponbidearen bidea hautatzeko.
Martinen kasua aurrekaria dela azaldu zuten. Gogoan izan zituen Frantziak Ipar Euskal Herrira bizitzera jin diren dozenaka militante abertzale kanporatu dituela, Izpurako itxialdian egondako Segiko zortzi militanteak gogoratuz. Martinen kasuan, aurrekari arriskutsua dela azaldu zuten, lehen aldiz frantses hiritartasuna duen pertsona baten kanporatzea onartzeaz gain, Batasuna Ipar Euskal Herrian legez kanpo uzteko urratsa delako.
Errepresioaren estrategia bertan behera uzteko eskatu zieten bi estatuei, Martinen aurkako euroagindua bertan behera utziz eta Espainiari eskatuz errugabetu behar dituela astelehenean Bateragunearen aferari loturik Madrilen epaituko dituzten zortzi militanteak.
Martinek jaso dituen sostenguen aniztasuna biziki garrantzitsua dela azpimarratu zuten. «Batuz, errepresio forma guztiak geldituko dituen herri harresia eraikiko dugu, gatazka honen konponbide demokratiko eta politikoa bermatuko duen herri harresia».
ESANA. AURORE MARTIN. Batasuneko militantea
«Preso sartu arren, pozik nago; mobilizazioa handia da, eta sakoneko eztabaida ekarri du Euskal Herrira»
7
Hilabeteak.
7 hilabete pasatu dira Paueko dei auzitegiak Aurore Martin Batasuneko kidea Espainiaratzea onartu zuenetik. Gordetzeko hautua egin zuen Martinek, eta sei hilabete iragan zituen horrela, ekainaren 18an bizi publikora agertu zen arte.
Egoterik izan ez duten anitzen sostengua ukan du
Baionara etortzea ezinezkoa izan arren, Basque Friendship taldeko eurodiputatuek bat egin zuten manifestazioarekin. Euroaginduaren aurkako borrokan segituko dutela adierazi diote. Joan den larunbatean Didier Borotra Frantziako senatari eta Miarritzeko auzapezak ere erakutsi zion sostengua Martini.
Marie Christine Aragon. Baionako kontseilari nagusi sozialista
«Adierazpen politikoaren alde biltzera deitzen ditut sozialista guztiak»
Nora Arbelbide Baiona
Pierre Cheret Pirinio Atlantikoetako PSko idazkari nagusiak manifestaldira deitzeko egin prentsaurrekoan parte harturik, manifestaldian sozialista bat baino gehiago ikusi zen. Artean, banderola atxikitzen eta Martinen ondoan jarria, Aragon.
Mobilizazio handi honetatik landa zer egin daiteke?
Galdera horren erantzuna banu... Gutariko batek baleki, jadanik egina izanen genuen. Zer egin daiteke, botere horrek gibelera egin dezan? Orain arte ez dugu nehoiz lortu.
Frantziako gobernuak du gakoa, beraz?
Bai, bistan dena.
Eta Europan?
Ongi liteke. Gure aldetik, saiatzen ari gara sozialisten artean ahal bezain mobilizazio zabala lortzen. Departamenduan federazio osoa mobilizatu da. Eskualdan hitza hartu dute. Diputatu eta senatari sozialistak abisatu ditugu, berek ere zerbait egin dezaten. Mobilizazioak izan dezake eragin bat.
Hego Euskal Herriko eta Espainiako sozialistei begira?
Pertsonalki ez dut harremanik haiekin. Ezin dizut erran.
Manifestaldi honetan izatea dei berezi bat izan daiteke menturaz haiei begira?
Elkartzea beharrezkoa da. Demokrata guztiek, errepublikano guztiek mobilizatu behar dugu adierazpen askatasunaren alde. Demokrazia batean ezinezkoa da presondegi zigorra arriskatzea iritzi batengatik. Deitzen ditut sozialista guztiak, hego, ipar, eki eta mendebaldeko Euskal Herrikoak, Frantziakoak, Europakoak, mundu osokoak, biltzera adierazpen politikoaren alde.
Sozialista izanik, ezker abertzalearen ondoan izatea manifestaldi berean, berezia?
Niretzat ez da berezia. Nik aspalditik parte hartzen dut horrelakoetan. Ezker abertzalea aipatzen duzu, hau da, ezkerra. Beraz, ezkerra ezkerrarekin izatea logikoa iruditzen zait. Borroka komun anitz baditugu. Baditugu ere ez direnak. Baina ezadostasunak ere baldin badira, politikoki erratekoa dutena, erran behar dute. Elkarren aurka borrokatu behar badugu, arrazoi politikoekin izan behar du, boz kutxetan, baina ez Justiziaren bidez.
Erreakzioak
Christophe Desprez
Giza Eskubideen Ligako Baionako burua
«Baliabide guztiak erabili dira, baina, halere, berriz hor gara berresteko ez gaudela alde. Erabakia politikoa denez, beha gaude Frantziako eta Espainiako gobernuek ardura politikoak har ditzaten».
Miren Legorburu
Ezker abertzaleko kidea
«Aurorek erakusten duen ausardiari erantzuten ari zaio herria. Dei egin behar zaie estatu espainolari eta frantsesari, esateko aski dela. Aro berri honetan, errepresioa eten behar dute».
Martine Bisauta
Baionako hautetsia
«Jean Grenet Baionako auzapeza eta diputatua Kortsikan da, baina duela zenbait hilabete Aurore Martin eta Xabi Larralde errezibitu zituen, eta gutun bat bidali zuen, euroagindua kritikatuz».
Daniel Romestant
Alderdi Komunistako ordezkaria
«Sarkozy boterean deno, mobilizazioak du bakarrik balio. Euskaldunak tradizionalki sostengatzen dituztenetatik at, sindikatu, alderdi eta elkarte, denek bildu behar dugu, askatasun arazo bat delako».
Alain Iriart
Hiriburuko auzapeza, kontseilari nagusia
«Hautetsiek bat egin behar dute, errateko hori ez dela onartzen ahal. Legea ez da horretako egina izan. Egoera ikertu behar dute bai gobernuek, baita Europako diputatuek ere, eta ez dute kanporatu behar».
Maulen ere bildu dira euroaginduaren aurka
Baionako ekitaldiaren tenore berean, Maulen ere elkartu ziren atzo. Euskararen Eguna zuten Zuberoako hiriburuan. Baina euroaginduaren salatzearen inportantziagatik, manifestaldiaren egitea erabaki zuten hainbat eragilek, Martinen sorterrian. 130 bat pertsona bildu ziren jazarpena salatzeko.
Asteartean Poliziak ezin izan zuen atxilotu Aurore Martin
Polizia Aurore Martin atxilotzen ahalegindu zen joan den asteartean Baionan, baina, berehala, bertan bildutako berrogei bat herritarrek atxiloketa oztopaturik, ez zuten lortu, eta alde egin zuten poliziek Martin askatu ondoren. «Euroagindua beteko da», erran du Claude Gueant Frantziako Barne ministroak.






