Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 15:06

2011-06-21

Unibertsitatea. Bolognako prozesua

Unibertsitatea lantoki

Bolognako prozesuak aste gutxiren buruan amaituko du lehen ikasturtea Hego Euskal Herriko unibertsitateetan. Eskolara joatera derrigortu egiten dituztela eta lanez gainezka daudela salatu dute ikasleek. Ezetz diote arduradunek, soilik ikasteko era aldatu dela.

Garikoitz Goikoetxea

Musean jokatzeko leku izan dira unibertsitateetako kafetegiak. Karrera egitera joan, eta karta jokoan ondo ikasita itzultzen ziren etxera estudianteak. Baina gutxitzen ari da ohitura. Afizioa bada, baina ikasteko ofizioak zaildu du gauza. Bolognako prozesuak hordagoa jo baitie unibertsitateko ikasleei: nahitaezkoa da eskoletara joatea. Lantokietan nola, hala egiten dute unibertsitatean: joan direla egiaztatu. Bolognako prozesuak amaitzear du lehenbiziko ikasturtea Hego Euskal Herrian.

Horretarako epea amaituta, Hego Euskal Herriko unibertsitateak irailerako egokituta ziren Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Eremura. Pribatuek lehenago egin zuten —Mondragon Unibertsitatea izan zen lehena: 2008an egokitu zituen graduak; ondoren egin zuten Deustukoak eta Nafarroakoak, Opusenak—; publikoak, EHU eta NUP, izan dira azkenak —amaitzear den ikasturtean moldatu dituzte—. Datorren urtean, Bolognako prozesuaren araberako ikasketak amaituko dituzte lehen ikasleek.

Krisiak eragin du egokitzean: «Berez bazen lan konplexua ikasketak moldatzea, eta horri gehitu zaio baliabiderik eza. Krisi aldian tokatu da. Lehendik geneuzkan baliabideekin edo gutxiagorekin egin behar izan dugu aurrera». Hilabete korapilatsuak izan direla azaldu du NUPeko Irakaskuntza errektoreorde Txus Pintorrek. «Normaltasuna» aipatu du EHUko Ikaskuntza Berrikuntzako errektoreorde Itziar Alkortak.

Sindikatuak bat datoz baliabiderik eza salatzean, baina horiek kudeatzeko moduarekin ere ez dira ados. Hiru alderdi nabarmendu ditu Iñaki Gonzalezek. LABeko ordezkaria da EHUn. «Abiapuntua ez da egokia izan: graduondoei eta ikerkuntzari eman zaie garrantzia, eta graduak ez dira elementu zentrala; irakasleak prestatzeko dirurik eta baliabiderik ez dute jarri, gasturik eza nahi baitute; euskara aldetik ere hutsuneak daude, batik bat graduondoetan». Egoera makurragoa da NUPen: hamar ikasletik batek ikas dezake irakasgairen bat euskaraz.

Gizartearen beharrei erantzuteko sistema gisa azaldu izan dute Bolognako prozesua. Hala dio Jon Altuna MU Mondragon Unibertsitateko kideak. Lehenak izan ziren Euskal Herrian ikasketak berritzen: «Bolognako adierazpena egin zutenean, hausnarketa sakon bat egin genuen enpresekin. Han azaleratu zen gaitasun teknikoetatik aparte beste abilezia batzuk eskatzen dituztela: talde lanean aritzea, ikasten ikastea...». Hala, Espainiako Gobernuak modua jarri bezain laster moldatu zuten ikasketa eskaintza MUn.

«Produzitzea» helburu

Xede horiek betetzeko, ordea, ezinbestekoa da baliabideak izatea: nagusiki irakasle gehiago, horrela taldeak txikitzeko. EHUn izan dituzte gorabeherak, Alkortak aitortu duenez: «Ikasle kopuru handi bati erantzun behar izan diogu, tituluak eskari handia duelako edo hainbat graduk lehen mailako ikasgaiak partekatzen dituztelako. Egoera hobetuko da hurrengo urteetan». NUPen zerbait gutxitu dute taldeetako ikasleen kopurua, hainbat gradutako estudianteak nahasian jarrita.

Etengabeko ebaluazioa da Bolognako prozesuarena, eta horrek irakasleei eskatzen die ikasle bakoitzaren gainean egon beharra. Ezinean ari dira, Ikasle Abertzaleetako kide Irati Mogollonen esanetan. «Klaseek berdin jarraitzen dute. Urte osoko jarraipena ezin dutenez egin irakasleek, eliteak sortzen eta lehiakortasuna sustatzen ari dira». Biologia ikasleei gertatu zaiena jarri du adibide: «Irakasle batek esan zuen: '120 pertsona zaudete, eta ni ez naiz gai guztiei jarraipen zuzena egiteko. Beraz, azterketa honetan nota onena ateratzen duten 16 ikasleei egingo diet jarraipena, eta gainontzekoak hor geratzen dira'».

Irakasleen ezinak areagotuko diren beldur dira NUPen. Espainiako Gobernuak erabakita, gradu gehienak lau urtekoak baitira orain. «Gure hiru ikasletik bik hiru urteko ikasketak egiten zituzten. Hemendik hiru urtera, arazoak izango ditugu, orain arte baino urte bat gehiago eman beharko baitugu. Ikasle kopurua igo egingo da», dio Pintorrek. EHUn txikiagoa da hirutik lau urtera pasatutako ikasketen proportzioa.

Diru kontuek aparteko garrantzia hartzen baitute horrelako egoeretan. NUPek izan ditu gorabeherak azken urteetan, Nafarroako Gobernuak ez diolako eman behar bezainbat baliabide. Orain, gobernu berria eratu zain daude arduradunak, finantzaketa negoziatzen hasteko. EHUn lasaiago dago egoera. Orain hiru aste, 2014ra arteko unibertsitate plana aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak. 1.500 milioi euroko aurrekontua du —aurrekoak baino 200 gehiago—, eta berrikuntza nagusi bat: emaitzen araberako dirutza jasoko dute unibertsitateek.

Produktibitateari lotutako eredua. «Beldur gara EAEko unibertsitate planean ere baliabideak ikerkuntzarako jarriko dituztela, eta gutxiago kalitatezko graduetarako», azaldu du Gonzalezek. Mogollonek nabarmendu du produzitzea dela prozesuaren xedea. Ikasleei agindutako ariketak, adibide: «Inertziaz egiten dituzte, ez dira pedagogikoki egituratutakoak. Produktibitatea da kontua».

Aldea badago, noski, irakaslea nolakoa den. Hala ere, heziketa falta dela diote IAko eta LABeko ordezkariek. «Metodologia prestatu behar da. Egon daiteke irakasle batzuen aldetik arbuioa, eta aurre egiteak denbora eta jendea prestatzea eskatzen ditu», esan du Gonzalezek. Ikasleen ikuspegitik aritu da Mogollon: «Asko kexatu dira irakasleek ez dakitelako metodologia berrian zer egin. Sentitu dira praktiketarako erabiliko balituzte bezala».

Ikasteko beste eredu bat

Alkortak defendatu du maisu-maistrek «urteak» daramatzatela irakasteko modu berrietan trebatzen: «Areago, askok, gradu berriei itxaron gabe, titulazio zaharretan ere erabiltzen dituzte metodologia aktiboak». Aldaketa unea da, eta irakasleak lehengo ereduko titulazioetan eta berrietan ari dira eskola ematen. Hala, Pintorrek onartu du izan direla gorabeherak: «Auzi pertsonal gisa hartu dute irakasle batzuek, eta gehiegikeriak egin dituzte, asmo txarrez ez bada ere: klasera bat ere huts egin gabe joanarazi, lan gehiegi eskatu... Azken batean, ikaslea kolapsatu egin dute».

Kexa horiek ari dira zabaltzen unibertsitatean: eskolara joatera derrigortu egiten dituztela eta lanez gainezka daudela estudianteak. Mogollon: «Bolognarekin nahitaezko dira klaseak, baina soilik joatea da kontua: musean edo marrazkitxoak egiten aritzen dira batzuk». Lan karga irakasleek ere badutela gehitu du LABeko kideak: «Gasturik ez dute gura, eta talde berarekin nahi dute Bologna ezartzea. Ezinezkoa da».

Unibertsitateetako arduradunak ez datoz bat ikasleekin. NUPeko errektoreordeak onartu du izan dezaketela lan gehiago dutenaren sentsazioa, baina uste du ez dela hala: «Metodologian dago aldea. Azterketa aldian orduak pilatzera mugatzen zen lehen ikaslea; orain, banatuta daude ordu horiek». Bat dator Alkorta, EHUkoa: «Eguneroko lana, praktika lantzen da. Jarraitua da ebaluazioa». Eta hobea dela dio Altunak: «Lehen, azterketan jokatzen zen guztia, eta gutxiagok gainditzen zuten. Orain, lanak du garrantzia, eta gehiagok gainditzen dute. Eta ez errazagoa delako».

Unibertsitateek argudiotzat darabilte ECTS kreditu sistema berria. Lehen, eskola orduak soilik kontatzen ziren; orain, handik kanpokoak ere bai. «Lehen, irakasleak nahi zuena eska zezakeen klasetik kanpo egiteko; orain, exijitu dakioke muga bat», nabarmendu du Pintorrek. Bai, baina auzitan jarri du hori IAko kideak: «Ariketa bat egiteko zenbat denbora behar den kalkulatzea irakasle bakoitzaren esku dago».

Egoera horretan, hiru unibertsitateetako ordezkariek aitortu dute beste zereginen bat duten ikasleei zail zaiela martxa segitzea. «Bereizi behar dira denbora osoan daudenak eta ez daudenak», azaldu du Altunak. Hala, hiru unibertsitateetan modua zabaltzen hasi dira ikasle horiei, irakasgai gutxiagoan matrikulatu eta erritmo motelagoan aritzeko.

Gainerakoak eskolatik atera gabe aritzen dira. Kasua jarri du Mogollonek: «Kafetegian nabari da ikasleak oso lanpetuta daudela: Dena euro batean eta horrelako eskaintzak hasi dira egiten».



 

«Lehen bezala jarraitzen dute azterketek»

Eguneroko lanaren balioa indartzea ekarri du Bolognako prozesuak, baina oraindik ere azterketek garrantzi handia dute. Ikasleek azaleratu dute zein den aldea: lehen baino pisu gutxiago dute azken notan, baina etsamina gainditu ezean alferrekoak dira lanak.

G. Goikoetxea

Ezjakintasuna nagusi izan da azken urteetan unibertsitatean. Aldaketa bazetorrela bazekiten ikasleek, baina ez zenbaterainokoa izango zen. Izan da aldaketa, baina lehengo ereduaren ondorenek segitzen dute oraindik ere. Hala diote Irene Barrenetxea eta Irati Odriozola ikasleek. Biak ezagutu dituzte: eredu zaharreko titulazioetan hasi ziren, eta berrietan ari dira orain. Eredu zaharraren garrantziaren adierazgarri, azterketak jarri ditu Odriozolak: «Gutxiago izango zirela zioten, baina lehen bezala jarraitzen dute. Pisu gutxiago dute, baina gainditu egin behar dira. Bestela, pikutara doa lan guztia».

Aurrez beste ikasketa batzuk eginda, aurten Haur Hezkuntza ikasten hasi da Odriozola, eta lehen mailan harrapatu du aldaketak. Barrenetxea, berriz, Fisika ikasten hasi zen iaz, eta Bolognako prozesura egin du jauzi bigarren urtean. Ordea, adierazi du ezer ez zaiola kanbiatu: «Iruditzen zait plan zaharrean segitzen dudala eta Bologna izena jarri diotela». Hala ere, aitortu du lehen mailako ikasleen artean oso desberdina dela egoera; lehen mailako ikasgai bat egiten ari da Barrenetxea, eta hor sumatu du aldea badagoela urte batetik bestera: «Lehen mailako irakasgaietan bai, badago lan zama. Taldeko lanak egin behar dira, bi astean behin mintegiak daude...».

Lehen mailako ikaslea izanik, ari da Odriozola jasaten lan zamaren eragina: «Irakasgai guztietan daude egiteko lanak, eta, aparte, lan modular bat egin behar dugu lauhilekoan: egindako irakasgai guztiak hartzen dituen gai bati buruzko lana. Eta horri guztiari azken azterketa batu beharra dago: gutxiago balio du, baina berdin-berdin gainditu behar da». Fisika ikasleak dio lehen mailako irakasgaian hartzen dizkiotela kontuan lanak, baina bigarrenekoetan, ez: azterketa da oinarria.

Zorroztu dira kontuak. Haur Hezkuntzan, derrigorrez joan behar dute eskolara: «Egunero pasatzen dute zerrenda, edo sinatzeko orria jarri. Joan ezin dutenek utzi egin dute». Haur Hezkuntzan, proba gisa, klasera joan ezin dutenak Interneten bidez ari dira. Barrenetxearen kasua ez da ohikoa: eredu berrian badaude ere, ez dituzte behartu klasean egotera.

Eta estresik badute? «Etxeko lanak dezente gehiago dira, lauhilekoko lana dago, azterketak... Baina ni ez naiz estresatuta bizi. Haur Hezkuntza ari naiz ikasten, eta horrek izango du eragina», dio Odriozolak. Bat dator Barrenetxea: zer ikasten den, horren araberakoa da estresa. «Nire karreran badago estresa Bolognako prozesua izan edo ez. Nahiko estresatuta ikusten dut jendea».

Karreraren bukaeran izango dute gehiago: gradu amaierako lana aurkeztu beharko dute unibertsitatean. Ezinbesteko baldintza da titulua lortzeko. Graduari lotutako gai baten harira egin beharko dute lana. Eta berrikuntza: ahoz defendatu beharko dute epaimahai baten aurrean.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia