Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 15:05

2011-06-21

Nuklearrak ixtea eskatzeko, martxa egingo dute bihar Bilbon

Garońako zentrala Fukushimakoaren modukoa dela eta, hark dituen arrisku berberak dituela salatu dute

Alemaniako eredua jarraituz, zentralak zarratzeko plana exijitu diote Zapaterori

Ibai Maruri Bilbo

Iberdrolako dorre erraldoiaren aurrean, atzo, manifestaziorako deia egiteko agerraldian. / MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Zentral nuklearrak ixteko eskatzea eta beste energia kontsumo eredu bat aldarrikatzea izango dira bihar Bilbon egingo den manifestazioaren helburuak. Hogei gizarte eragilek deituta, Arriagatik abiatuko dira, 19:30ean. Batez ere, Euskal Herritik lau kilometrora dagoen Garońako (Burgos, Espainia) zentrala ixteko eskatuko da, «zaharrena eta arriskutsuena delako». Gainera, aurreikusitako funtzionatze aldia aspaldi gainditu zela salatu dute.

Talde ekologistak, alderdi politikoak, sindikatuak eta bestelako eragileak daude deitzaileen artean. Atzo, Bilboko Euskadi plazan egin zuten agerraldia, atzeko aldean Iberdrolaren dorretzarra zutela. Ekologistak Martxan-eko Xabier Abianek eta LABeko Ainara Plazaolak hitz egin zuten. «Garońa guztiz amortizatuta dagoenez, Iberdrolak eta Endesak irabazi handiak jasotzen dituzte, eta gure osasunaren kontura egiten den negozioa da», ohartarazi zuen Abianek. «Egitura arazo larriak dituen instalazio nuklear zaharkitua da, Fukushimako lehenengo erreaktorearen berdina, eta, ondorioz, arrisku berberak dituena».

Espainiako Gobernuko Presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori ere kritika gogorra egin diote, bozetan hitzemandakoa bete ez duela egotzita. «Agindutakoaz bestera, Zapaterok ez du nuklearrak bere bizitzaren bukaerara iristen direnean ixteko egutegirik egin, ezta Garońa itxi ere, erabakia hurrengo gobernuaren esku utziz». Alemaniako gobernuburu Angela Merkelek zortzi zentral behin betiko itxi eta gainontzeko bederatziak datozen hamar urteetan ixteko hartutako erabakia txalotu dute eragileok. «Hemen ere jarraitu beharreko bidea hori dela uste dugu».

Eredua eta kontsumoa

Zentral termikoen aurka ere agertu dira, eta Pasaiako portukoa (Gipuzkoa) ixteko eskatu dute. Talde hauek energia berriztagarrien aldeko apustua aldarrikatzen dute, batez ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: «Nafarroan energia berriztagarrien ekoizpena %85ekoa da, eta EAEn, aldiz, ez da %5era iristen».

Kontsumo eredua aldatzea ere, helburu. «Energia oso gaizki eta gehiegi erabiltzen dugu». Adibidea gertu zuten atzoko agerraldian, Euskadi plazako lorategietan belarretan dauden fokuei egin zieten aipamen: «Egun argiz piztuta daude, eta belarretan argiak gauez piztuta edukitzeak ere ez du zentzu handirik».



 

Osasuna indartzera etorri dira ekialdetik

Uda Euskal Herrian igaroko duten Ukrainako ia 400 umeak iritsi dira. Euskal Herrian egingo dituzten egonaldiei esker, defentsak indartuta itzuliko dira euren herrietara. Bost egonaldirekin egonkortu egiten zaizkiela diote medikuek, onura nabarmena izaten dutela.

I. Maruri Loiu

Aztoratuta ibili ziren atzo Euskal Herriko ia 400 familia. Txernobil eta Txernobileko Umeak elkarteek ekarrita, Ukrainako 365 ume baino gehiago iritsi ziren —iaz baino ia 90 gehiago—, uda Euskal Herrian igaro eta etxera bueltan gorputzeko defentsak indartuta itzultzeko asmoz. Gehienak Loiuko (Bizkaia) aireportura iritsi ziren, eguerdian eta arratsaldean lur hartu zuten bi hegazkinetan. Gainontzekoei Zierbenako (Bizkaia) portuan egin zieten ongietorria iluntze partean. Umeak zein harrera familiak «pozik eta urduri» zeuden era berean.

Hegazkinak lur hartu baino ia ordubete lehenagotik zegoen zain Ana Otalora zamudioztarra. Aurten, zazpigarren urtez igaroko du udako oporraldia eurenean Nikita izeneko mutikoak. «Lau urte zituela etorri zen lehen urtean. Ekainaren 11n bete berri zituela. Normalean ez dira hain umetan etortzen», gogoratu du. Argal-argal iritsi zela dio. «Aurpegia biribila zuen, baina gorputzeko hezur guztiak markatzen zitzaizkion». Garai hartan eztarriarekin arazoak zituen Nikitak, baina Euskal Herrian igaro dituen oporraldiei esker, gaur egun ia ez da gaixotzen. «Ia guk baino katarro gutxiago harrapatzen ditu».

Nahiz eta Ukrainan dauden bitartean kutsadurarekin harremanetan egon, Euskal Herrian egindako egonaldiei esker askoz gutxiago izango dira duela 25 urte Txernobileko zentralean izandako istripuak Nikitari eta gainontzeko umeei eragingo dizkieten ondorioak. «Medikuek diotenez, bost urtez etorrita defentsak normaldu egiten zaizkie».

Sendatzeaz gain, kultura berri bat ezagutzeko aukera dute umeok. Eta noski, lagunak egitekoa. Olav gustura etortzen da Getxon dituen bi anaiekin uda pasatzera. Hirugarrenez biziko da Pablo eta Bosco Gomezen familiarekin. «Mutil lasaia da, eta oso jatorra», dio Pablok, Gomez anaietan zaharrenak. Hirurak adin bertsukoak dira, 10, 11 eta 12 urte dituzte. «Igeri egiten dugu, edo tenisean jokatu. Olav noiz etorriko irrikan egoten gara», dio Boscok.



 

Zentralei ausazko azterketak egitea proposatu du IAEAk

Segurtasun nuklearra «hobetzeko» asmoz, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak egun martxan dabiltzan 440 zentraletan ausazko azterketak egitea proposatu du. Datozen hiru urteetan 440 zentraletatik %10 inguru aztertzea da plan berriaren asmoa. «Edozein planta azter daitekeela jakiteak segurtasun neurri zorrotzenak ezartzera behartzen ditu arduradunak», azaldu du agentziako zuzendari nagusi Yukiya Amanok. Azterketak gobernuekin hitzartuko dira.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia