Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 15:05

2011-06-19

Ezkerraldeko lan politika aldatzeko eta industria ez ixteko eskatu dute

Kaleratzeak iragarri dituzten enpresetako langileek eta langabeek manifestazioa egin dute Sestaotik Barakaldora

Irune Berro Sestao

Ehunka manifestarik egin zuten Sestaotik Barakaldora arteko bidea. / LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Ezkerraldean lan eta bizi egin nahi dutela aldarrikatu zuten atzo ehunka lagunek. Langabezia eta gizarte laguntzen murrizketen kontra, gastu militarrik ez! lelopean, manifestazioa egin zuten Sestao eta Barakaldo artean, Berri-Otxoak elkarteak eta Bizkaiko Langabeen Asanbladak deituta. Hemezortzigarrenez egin dute martxa, eta hobetzetik urrun egoerak okerrera egin duenez, aurten hainbat gizarte erakunderen babesa jaso du mobilizazioak. ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk osatutako euskal gehiengo sindikalak eta CCOOk ere bat egin dute protestarekin.

Kaleratzeak iragarri dituzten enpresetako langileek parte hartu zuten martxan. Pankarta nagusiaren ondotik, Ezkerraldea hiltzen ari da. Jaurlaritza inplikatu zaitez zioeneko pankarta zeramaten ABB Asea Brown Boveriko beharginek. Turkiara eraman nahi dute Trapagarango lantegia, «mozkin handiagoak lortzeko asmoz», Ian Cabrera ABBko langileak jakinarazi duenez.

Alabaina, kaleratzerik onartuko ez dutela esan du irmo, eta murrizketak eragingo dituen akordiorik ez dutela izenpetuko. «Zikoiztasunak agindutako politika egiten ari dira ABBko buruzagiak», esan du Cabrerak. «Dirua egon badago. Enpresa lehiakorra da oso. Azken urteetan 30 milioi euroren etekinak izan ditu. 2009an, inoizko gehien irabazi zuen. Ulertezina da hainbat langile kaleratu nahi izatea».

Dioenez, 50 urte inguruan dauzkate ABBko langile gehienek, eta kalean geratuz gero, beste enpresaren batean lana topatzea «oso gaitz» izango dute. «Pobreziara kondenatuko dituzte».

Jaurlaritzari eskaera

Itxaropentsu egoteko arrazoi askorik ez daukate. Haatik, «azkeneraino borrokatuko» direla ziurtatu du. «Aurrez aurre izango gaituzte, eta ez dugu pauso bakar bat ere atzera emango». Egunero egiten dituzte batzarrak. Eta Eusko Jaurlaritzak gatazkan esku hartu beharko lukeela sinetsita daude. Enpresa bateko langile batzuen etorkizuna ez ezik eskualde eta herri oso baten geroa ere kolokan dagoela uste baitute.

Ezkerraldeko herrietan langabezia tasa %19koa da. Eta datozen asteetan 650 lanpostu zuzen galdu egingo direla adierazi du Berri-Otxoa elkarteko David Gonzalezek, «ABB, Naval, Aldaiturriaga, Nervacero, Fersint, Choymo, Conforama, Ikea, Jokalde, Befesa eta beste enpresa batzuetan erregulazio espedienteak abian baitira». Gainera, kaleratze horiek beste 1.400 lanpostu arriskuan jar ditzaketela ohartarazi du.

Halaber, Ezkerraldeko 40.000 langilek hilean 900 eurotik behera kobratzen dutela salatu du Berri-Otxoak elkarteak. 40.000 horietatik %60 emakumeak dira. Bankuek 380 familiei kendu zizkien etxeak iaz.

Egoera aldatzeko, kapitalaren bestelako banaketa eskatzen dute. «Arlo militarra, armada eta polizia finantzatzeko erabiltzen duten dirua gizartean inbertitzeko», eskatu du Gonzalezek. «Aberastasuna herritarren artean banatu behar dute».

Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoak hamazortzigarrenez parte hartu zuen atzo martxan. Dudarik ez du industria desegitea nahita harturiko erabakia izan dela. «Prekarietatean oinarritutako zerbitzuen sektorean lanpostu ezegonkorrak sortzea ondo neurtutako estrategia izan den bezala». Bestelako politika bat eskatu du, «enplegua sortzea erabaki politikoa delako». Solabarria urrunago doa: «Euskal Herria gelditu nahi dutenek desegin dute Ezkerraldeko industria, miserian itotako gizarteak borrokarako grina galduko duelakoan».



 

Kaleratzeak eta itxierak

Naval. Sestaoko ontziolak 360 langiletik 148 kaleratzeko erregulazio dosierra aurkeztu du aste honetan bertan; lantaldearen %40, hain zuzen .

Babcock Power. Enpresaren jabeak, A-Tec austriarrak, Sestaoko lantegiko lantalde osoa kaleratuko du, 350 langile. Baina ixtearen eragina handiagoa izango dela diote sindikatuek, Babcockentzat lan egiten duten enpresek lan karga galduko dutelako. Guztira mila langile inguru kalean geratuko direla diote.

Asea Brown Boveri (ABB). Trapagarango fabrikako 350 langileetatik 160 kaleratzeko asmoa du multinazionalak, eta beste 24ri ez die kontraturik berrituko. Sindikatuen esanetan, Espainiako beste lantegi batzuetako langileak ekarri nahi ditu lanpostu batzuk betetzera. Langileen ordezkariak eta zuzendaritzako kideak erregulazioaren baldintzak negoziatzen jardun dira azken egunotan. Ez dutela kaleratze bakar bat ere onartuko ziurtatu dute.

Nervacero. Siderurgia enpresak Trapagarango lantegian dituen 430 langiletik 80 kaleratzeko asmoa iragarri zuen duela pare bat hilabete. Bi urtean enpresak aurkezten duen hirugarren erregulazio dosierra litzateke.

PC City. Elektronikako eta informatikako produktuen kateak saltoki guztiak itxiko ditu, baita Barakaldoko Megaparken duena ere. 47 langile kalera.

Ikea. Azken hilabeteetan hamabi langile kaleratu ditu Barakaldoko saltokitik. «Kaleratzeak bidegabeak» izan direla salatu dute sindikatuek.

Saturn. Elektronikako eta informatikako produktuen banatzaileak 27 langile kaleratu ditu Megaparken duen saltokitik .

Bide onera. Urtarrilaren 1etik erregulazio neurrien mende daude Barakaldoko kooperatibako 115 langileak; 48 egunez geratu beharko dute etxean.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia