2011-06-17
Berdintasunaren aitzakian
Ipar Euskal Herriko ikasleek baxoari ekin zioten atzo, Filosofia azterketarekin. Seaskako langileek eta gurasoek protesta egin zuten Baionan, etsamina euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko.
Aitor Renteria Miarritze
Filosofia azterketaren eskutik abiatu da Baxoa, Ipar Euskal Herriko milaka ikasleren probarik garrantzitsuena. Seaskako guraso eta langileen arrangura eta haserrea ere presente egon dira Baionako Cassin lizeoaren aitzinean. Ikasketa guztiak euskaraz burutu dituzten ikasleek frantsesez egin behar dituzte azterketa guztiak, Historia-Geografia salbu. Bordeleko Errektoretzak erran zuen aurten bertze gairen bat euskaraz egiteko parada izanen zela. Ez da hala gertatu, eta hitza jan duela salatu du Seaskak.
Aldarrikapenen arrangura bazterrera utzita, Seaskako Etxepare lizeoko azken urteko ikasle gehienek Miarritzeko Malraux lizeoan zeukaten azterketa. Euripean sartu ziren ikasgeletara zortziak jo aitzin. Lau ordu zituzten aitzinean, filosofiaren harian egindako galderei ihardesteko. Hamaikak aldera atera zen Iban Hiriart-Urruti, ekonomia eta gizarte saileko ikaslea. Pozik, egindako lanaz, baina filosofiak berezkoa duen zalantza ezin baztertuz.
Hiru hautu zituzten, eta horietan «Berdintasunak askatasuna mehatxatzen ote du?» galderari ihardestea hautatu zuen Hiriart-Urrutik. Berdintasunik gabe askatasuna ezin daitekeela berma ihardetsi du; baina, aldi berean, ikasketak euskaraz egin dituen ikasleak ezin du ahantzi berdintasunaren izenean azterketa euskaraz egiteko askatasuna ukatu diotela.
Haren ondoan zegoen Quimay Biancolini, hura ere Etxepare lizeoko ikaslea. Testu lanketa hautatu zuen. Eta biek egutegiari beha zeuden lehen azterketa bukatu orduko. Gaur Historia-Geografia, astelehenean Bigarren Hizkuntza, asteartean Ekonomia eta asteazkenean Matematika. Gaindituz gero, itxaropena datorren ikasturtean dago jarrita. Hiriart-Urruti Tarbesera joanen da kirol irakasle ikasketak egiteko, eta Biancolini, Pauera, merkataritza ikastera. Hezkuntek elkartearekin harremanetan sartu zen, ikasketak Gipuzkoan egin zitzakeen aztertzeko, baina, egutegia aitzina joan ahala, Pauera joatea deliberatu du.
Biek Euskal Herritik at joan beharko dute ikasketak egitera. Herria ez ezik, hezkuntza hizkuntza ere aldatuko da. Ikas prozesu osoa euskaraz egin ahal izatea ametsa da oraindik.
Hitza hitz
Emandako hitza errespeta dezala eskatu dio Seaskak Bordeleko errektoreari: «Berriz ere agintariek agerian utzi dute euskararekiko axolagabekeria. Euskararen aldeko ele ederrak dituzte, baina ondotik ez da deus aldatzen errealitatean, eta ikasleek frantses hutsez egin behar dituzte azterketak, ikusten dutelarik berdintasunaren izenean haien eskubideak zangopilatzen direla», erran zuen Filipe Laskarai Etxepare Lizeoko langile eta gurasoak. Duela bi urte abiatu ziren negoziaketak, azterketa euskaraz egin ahal izateko. Bi urteko epea eskatu zien Bordeleko Errektoretzak urratsa egiteko. Epea agortu da, sei urte pasatu dira Euskararen Erakunde Publikoa sortu zenetik, baina arlo horretan deus ez dela aldatu nabarmendu du. Agintariek hartu dituzten engaiamenduak bete arte borrokan segituko dutela jakinarazi du.
Seaskaren protestarekin bat egin zuten Euskal Konfederazioak, Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Ione Josie Ipar Euskal Herriko arduradunak azpimarratu du baxoa euskaraz egiteko aldarria sostengatu dutela hastapenetik. Euskaraz ikasteko eskubidea aitortzen baldin bada azterketak frantsesez egitera behartzea eskubide urraketa dela dio. Etsamina horretan kalteturik baldin bada, horiek ikasleak direla adierazi du Josiek. Azterketaren eraginez, ikasle anitzek euskara baztertu eta euren burua frantsesez aritzera behartzen dutela erran zuen. «EEPk dio belaunaldi gazteengan eragin nahi duela, baina ikasleek ez dute azterketa euskaraz egiteko eskubiderik».






