2011-06-10
Hizkuntza eskubidea delako
Hizkuntz Eskubideen Nazioarteko Adierazpena berretsi zuten atzo hizkuntza gutxituetako hainbat ordezkarik Andoainen. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 10 urte bete dituela ere gogoratu zuten.
Ainara Arratibel Andoain
Adierazpena berretsi zuten ordezkariak, atzo, Martin Ugalde kultur parkean. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Galiziako ordezkaria hizketan. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Hizkuntza guztiak «askatasunez eta berdintasunez» erabil daitezen, Hizkuntz Eskubideen Nazioarteko Adierazpena berretsi zuten atzo hizkuntza gutxituen hainbat ordezkarik Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). 15 urte dira sinatu zela, eta oraindik ere lan tresna «emankorra» izan daitekeela aldarrikatu zuten. Idatzizko konpromiso hori egia bihurtzeko deia egin zuten. Hala, Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Adierazpenaren osagarri bihurtzeko egingo dute lan.
Bartzelonan onartu zuten Hizkuntz Eskubideen Adierazpen Unibertsala gobernuz kanpoko 61 erakundek, 41 PEN klubek eta 40 adituk. Egun hauetan Donostian egin duten hizkuntz eskubideei buruzko nazioarteko sinposioaren karietara, haren balioa berretsi nahi izan du Behatokiak. Garbińe Petriati zuzendariak etorkizunerako erronka gisa aipatu izan du, adierazpenak hizkuntz komunitateak aitortzen baititu. Petriatiren arabera, horixe behar dute euskaldunek.
Euskararen izenean, besteak beste, Euskal PEN Klubeko ordezkariak izan ziren Bartzelonako sinatze ekitaldian. Laura Mintegi klubeko egungo lehendakariak adierazpena sinatzeko arrazoia eta espiritua ekarri zituen gogora atzoko ekitaldian. «Konbentzituta gaude hizkuntzaren alde egitea gizakiaren alde egitea dela. Elkar ulertzeko ezinbestekoa da solaskidea errespetatzea, eta errespetu hori hasten da solaskidearen izaera kontuan hartzetik; haren hizkuntza errespetatzetik. Hizkuntza ukatzen bada, ukatzen da pertsona; azken batean, izateko eskubidea». Etorkizunean ere hori aldarrikatzeko beharra izango dela nabarmendu zuen Mintegik. «6.000 hizkuntza inguru daude gaur egun munduan, eta gehienak arriskuan. Beraz, bizi arteko lana dugu aurretik guztiok».
Valentziako, Balearretako, Kataluniako, Galiziako, Bretainiako, Okzitaniako nahiz Ameriketako herri indigenetako ordezkariak ere izan ziren Andoainen, beren hizkuntz eskubideak aldarrikatzeko. «Desberdinen arteko errespetuak egiten du batasuna eta elkarbizitza. Gure hizkuntzen alde eginez, munduko beste hizkuntza komunitate guztien alde egiten ari gara», adierazi zuten. Herri indigenen kasuan, beren hizkuntzen «genozidioaz» mintzatu ziren. «Gure landareak, animaliak eta lurrak bezala, hizkuntza ere zapaltzen ari dira».
Euskalgintzaren izenean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hartu zuen hitza. Euskarak duen egoera ekarri zuen gogora. «Ipar Euskal Herrian hizkuntz eskubide kolektiboak ez direla existitzen entzun dugu. Nafarroan, herritarrek bizi diren lekuaren arabera dituzte aitortuak hizkuntz eskubideak; eta, EAEn, aitortuak izan arren, ez dago horien bermerako tresna juridiko-administratibo eraginkorrik». Bilbaoren ustez, errealitate horrek eta hizkuntz komunitateen arteko berdintasunera jotzeko beharrak are beharrezkoagoa egiten dute adierazpenean jasotzen dena egia bihurtzea. «Egiazko hizkuntz bakerako urratsak egiten jarraitu behar dugu. Gure esku egongo da adierazpenak balio erreala izatea. Gure hizkuntzaren kasuan, euskaraz bizitzeari eskubide izaera ematen dio». Kontseiluko gainerako bazkideek ere sinatu zuten adierazpena.
Behatokiaren 10. urteurrena
Baina Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren sorreraren 10. urteurrena gogoratzeko ekitaldia ere izan zen atzokoa. Bideo baten bidez, urte hauetako jardunaren irudirik esanguratsuenak ikusi ahal izan zituzten ekitaldian bildu zirenek.
Petriatik nabarmendu zuen urte hauetan lortutakoa jende askoren arteko elkarlanaren emaitza izan dela. Lehenago erakundeko zuzendari izan zen Bilbao, eta hark nabarmendu zuen Behatokiari ezin zaiola «urte askoan» esan. «Itxi beharreko erakunde gisa sortu zen. Baina, zoritxarrez, asko du egiteko oraindik».






