Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 14:58

2011-06-07

Berdintasunaren aldeko gizon taldeak

Berdintasuna eraikitzen

Euskal Herrian 2001ean sortu ziren lehenak. Baina azken urteetan egin da ageriko berdintasunaren aldeko gizon taldeen lana. «Benetako berdintasuna» lortzea dute helburu, eta kritiko dira egungo gizontasun ereduarekin.

Ainara Arratibel Donostia

Berdinzalea, maitekorra eta goxoa den gizon baten eredua sustatu nahi dute. Sentimenduak azaltzen dakiena. «Maite zaitut» esaten duena. Egungo eredu «patriarkal eta matxista» gainditu, eta benetako berdintasuna lortu nahi dute. Berdintasunaren alde lanean ari diren gizon taldeak dira. Erakundeen aldetik ekimen «eraginkorren» falta ikusten dute esparru horretan, eta hezkuntzari behar baino ardura gehiago ematen zaiola. Hala, mugimendu feministak hasitako bidean urrats berriak egin nahi dituzte; betiere haiekin elkarlanean. «Berdintasun hori positiboan eman behar da. Hau da, berdintasunaren aitzakian emakumeak gizonaren balio txarrenak hartu behar baditu, ez du ezertarako balio», azaldu du Santurtziko (Bizkaia) Gizon elkarteko kide Ińaki Casaresek

2008an ustez bikotekideak Santurtzin (Bizkaia) hildako Doccas Daviden kasuaren karietara sortu zen Gizon elkartea. «Denbora generaman gizon talde txiki batek maskulinitateaz eta gizontasun ereduez hausnarketa egiten. Hala, hilketaren ostean erabaki genuen beharrezkoa zela lan hori gizarteratzea», azaldu du Casaresek. Garai hartan sortu zen Bilbon Piper Zuriak elkartea ere: «Guretzat erreferentzia mugimendu feminista da, eta haien jarduna babestera eta osatzera gatoz», dio Rafa Perezek, elkarteko bozeramaileak. Berdintasun alorrean lanean ari den Arramanitz kooperatibako kide Ibon Arrizabalagak uste du oraindik goiz dela elkarte horiek egindako lanaren emaitzak ikusteko. Baina lan horren garrantzia azpimarratu du. «Oraindik ekarpenak txikiak dira. Baina, behintzat, erreferente bat dago alor horretan». Gainera, gizon talde horien eta mugimendu feministaren arteko elkarlana sustatzearen beharra defendatu du. «Pixkanaka lantzen goazen zerbait da, baina gehiago egin behar dugu. Erabakigarria da hori emaitzak lortzeko».

Eredu «partriarkal eta matxista» gainditzea dute xede. «Gizonen arteko barne eztabaida nahiz hausnarketatik egin nahi dugu, eta ikuspegi kritiko batetik. Urteetan gizonen artean nagusi izan diren jokabideak aztertzen ditugu, horiek nola aldatu ikusteko. Diskurtso propio eta autonomoa sortu behar dugu berdintasunaren inguruan», dio Casaresek. Izan ere, argi dute nolako balioetan oinarritu behar duen eurek proposatzen duten gizontasun ereduak. «Pertsona goxoak, sentiberak, erantzukideak, maitakorrak, eskuzabalak, berdinzaleak izan nahi dugu». Gizonek beraiek dituzten harremanak balio horietan oinarritzearen beharra aipatu Arrizabalagak. «Gizon taldeetan asko lantzen da hori. Elkarri ditugun sentimenduak azaltzea, 'maite zaitut' esaten jakitea, adibidez, ezinbestekoa da. Pauso handia litzateke hori. Baina gizonen kasuan ez dugu egiten, edo kosta egiten zaigu, normalean».

Baina horrekin batera, gizarte osoan balio aldaketa gerta dadin ari dira lanean. Hala, oso kezkatuta daude, adibidez, egun oraindik ere publizitateak, kirolak edo telebistak zabaltzen dituzten eredu eta balioekin. «Orain arteko eredu patriarkal eta matxistaren adierazle dira balioetako asko».

Administrazioen aldetik nahikoa jarrera «hipokrita» ikusten dute. Hala uste du, behintzat, Casaresek: «Politikoki zuzenak diren mezuak ematen dituzte, baina gero errealitatea bestelakoa da. Hezkuntzan gertatzen denak ondo erakusten du hori. Hezkuntzak berdintasuna sustatzearen alde hitz egiten dute. Baina, gero, neskak eta mutikoak bereizten dituzten eskolak laguntzen dituzte».

Hipokresia horren adibide jartzen ditu, halaber, Italiako lehen ministro Silvio Berlusconiren edo Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohi Dominique Strauss-Kahnen kasuak. «Denek ezagutzen ditugu haien jokabide eta iritziak. Guztiz matxistak dira. Baina botere guneetan dauden beste agintariek ez dute ezer egiten horren aurka, alderantziz. Strauss-Kahn emakume bat bortxatzeagatik salatua izan den arte ez dituzte haren jarrerak eta iritziak salatu. Bitxikeria edo umekeri gisa hartzen zituzten. Hori eskandalagarria da».

Heziketa, ez bakarrik eskolan

Eredu patriarkal eta matxista horrek sustatuko balioak aldatzeko gakoetako bat hezkuntza dela aipatzen da. Hirurak ados daude horrekin, baina ńabardura garrantzitsu bat egiten dute: ezin zaio horren ardura osoa eskolari utzi. «Askok hezkuntza eskolarekin lotzen dute soilik. Eta, gure ustez, hori hanka-sartze handia da. Hezi eskolaz kanpo ere egiten da: etxean, lagun artean, astialdian... Eskola berdintasunari lotutako oinarrizko balio eta esparru batzuk jasotzeko lekua izan daiteke. Baina hortik kanpo ere landu eta jaso behar dira». Perezen arabera, eskolak bakarrik ezin du egiturazko arazoa konpondu. «Eskolaren lana irakastea da. Baina haurrek gehiago ikasten dute ikusten dutenaz, azaltzen zaienaz baino. Eskolan gauza bat irakasten bazaie baina etxean kontrakoa ikusten badute, alferrik da. Errazago barneratuko dute etxekoa». Gainera, Arrizabalagak gogorarazi du eskolari gero eta ardura gehiago jartzen zaizkiola: «Baina gero eta baliabide gutxiago ematen zaizkio».

Hori guztia kontuan hartuta, gaia eskolatik kanpo lantzearen beharra nabarmendu du Arrizabalagak. «Kasu askotan gazteak gogoz kontra daude eskolan. Beraz, eskolan proposatzen dizkieten gauzen inguruan jarrera pasiboa dute. Ez dute parte hartzen. Ekintza bera gaztetxe edo kultur etxean egiten badugu, askoz erakargarriagoa egingo zaie».

Gainera, Perezek azaldu du halako programa gehienak haur eta nerabeentzat direla. «Helduei begira gehiago egin beharko litzateke, gu baikara gazteen eredu».

Genero indarkeria

Berdintasunaren alde lanean ari diren gizon taldeetan lantzen dituzten bi gai nagusietakoak dira emakumeen aurkako indarkeria eta erantzukidetasuna. «Orain arte nagusi izandako balioek eragindako bi arazo nagusi eta kezkagarrienetakoak dira».

Genero indarkeriaren gaiaren inguruan Casares argi mintzo da: «Ez dugu uste genero indarkeriaren arazoari heldu nahi zaionik. Ez, behintzat, behar bezala. Jartzen ari direna adabakiak besterik ez dira. Baina arazoaren muinari ez diote begiratu nahi. Eta arazoa da lehen aipatu duguna: indarkeriaz eta berdintasunik ezaz beteriko gizarte batean bizi garela. Horri aurre egiteko modu bakarra tratu ona eta berdintasuna sutatzea dira. Hori egia bihurtzea». Arrizabalagak ere argi du egun genero indarkeriari aurre egiteko politikak ez doazela bide onetik: «Legea gogortuta ez da arazoa konponduko. Hori uste badugu, oker goaz. Izan ere, lortu behar dena da halako kasuak ez gertatzea». Administrazioen jarrera ikusita, Perezek uste du herritarrek izan beharko dutela genero indarkeriaren aurkako borrokan lemazain aritu beharko dutenak. «Herritarrak garen aldetik, lan egin beharko dugu berdintasuna sustatzen eta egia bihurtzen. Gure portaeraren bidez hori lor dezakegu».

Etxeko lanak egiteko zein seme-alabak zaintzeko parekidetasuna gairik «zailena» dela nabarmendu du Arrizabalagak. «Azken batean, gizon guztiok oso gertutik bizi dugun errealitatea da». Eredu patriarkalagatik urte askotan seme-alabak zaintzeko aukera «erauzita» eduki dutela dio Casaresek: «Horrek hutsune eta gabezia handi bat sortu du gizonengan. Hori aldatzea ezinbestekoa da; bai guretzat, bai emakumeentzat». Perezek ere ezinbestekoa ikusten du hori, eta iruditzen zaio konpondu beharrean eztabaida «hutsaletan» ari dela gizartea. «Gaur egun, adibidez, asko hitz egiten da zaintza partekatuaz. Guk ondo ikusten dugu, baina ez kasu guztietan. Gainera, uste dugu horren aurretik seme-alaben zaintzaren erantzukidetasuna lortu behar dela. Hori lortzen ez den arte, alferrik da zaintza partekatuaz hitz egitea».

Perezek uste du aurrerapausoak eman direla. «Baina gauzarik politenetan edo erosoenetan eman dira. Adibidez, gero eta aita gehiago ikusten dira seme-alaba txikiak paseatzen, edo haiekin jolasten. Baina haurraren logela garbitzeaz edo sendagilearengana eramateaz, gehienetan, ama arduratzen da oraindik ere. Nahiz eta hori haurraren zaintzaren parte izan». Etxeko lanekin ere antzeko zerbait gertatzen da, Arrizabalagaren ustez. «Erosketetara, adibidez, gero eta gizon gehiago joaten dira. Baina zerrenda egiten duena, etxean zer falta den dakiena emakumea da gehienetan. Eguraldi ona egiten duenean errezelak garbitzeko egun aproposa izan daitekeela pentsatzen dutenak ere emakumeak dira. Bi adibide dira, baina oso adierazgarriak direla esango nuke». Hala, alor horretan ere etorkizunean aurrerapusoak emateko beharra nabarmendu dute hirurek.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia