2011-05-27
Eskola jangeletako lan gatazka
Soldatak %97,5 parekatuta bukatu dute greba jangeletako beharginek
ELAk eta LABek gai gatazkatsuen inguruko akordiorako oinarria egin dute enpresekin; UGTk eta CCOOk ez dute ontzat eman
Sindikatuek behin betiko lan hitzarmena lan bitartekaritzan adostea onartu dute
Ibai Maruri Bilbo
Eskola jangeletako langileek orain egun batzuk Bilbon egindako protesta. / MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Hiru urteko lan gatazka atzean utzi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako jangeletako behargin pribatuek. ELA eta LAB sindikatuek patronalarekin akordiorako oinarria sinatu ostean, atzo erabaki zuten lau aste iraun duen greba bukatzea. Gaur, bada, 90.000 eskola ume inguruk normal-normal bazkalduko dute berriz ere eskolan. «Akordio hau emaitzak eman dituen borroka luze eta gogor baten testuinguruan kokatuta dago», azaldu du Noemi Etxebarria ELA sindikatuko ordezkariak. Sutsu aldarrikatu duten arren, azkenean ez dute lortu soldata lan berbera egiten duten behargin publikoekin parekatzea. Soldatak %97,5 parekatzea adostu dute. Hala ere, pozik daude: «Jauzi garrantzitsu bat da diskriminazioa bukatzeko bidean», azaldu dute.
Parekatze hori urratsez urrats egingo dute. Alegia, %97,5 hori 2013-2014ko ikasturteko soldatetan nabarituko dute. Bukatzear dagoen ikasturte honetan %95ekoa izango da, hurrengoan %95,83koa, eta 2012-2013ko ikasturtean %96,66koa. Iaz eta duela bi urte kobratu gabe utzitako zenbatekoak ere ordainduko dizkiete. Azken batean, atzo sinatutako hitzarmen horrek sei ikasturteko iraupena dauka: 2008-2009tik 2013-2014ra.
Gurasoek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adostutako hemezortzi orduak hitzarmenean sartzea ere lortu dute. Aurrerantzean zerbitzua hobetzeko asmoz, ordu horiek langile guztien ohiko jardunean sartuko dituzte. Modu horretan orain arte sindikatuek salatu duten diskriminazioa saihestu ahal izango da. Izan ere, ordu horiek adostu zirenetik begiraleek baino ez zuten betetzeko aukera izaten. Ohiko jardun horretan sartu dira, halaber, formaziorako sei ordu. Urteko lan jarduna jardun partzialera egokitzeko formula aldatzea ere onartu du patronalak, luzapen aldia kenduz.
Behargin publikoen soldatarekin parekatzeko eskaerari produktibitateari lotutako soldata gehigarriarekin erantzun zioten enpresek. Azkenean, baina, ideia hori baztertzea onartu du patronalak. Ikasturteko hamabi ordu izango dituzte medikutara joateko.«Absentismoa ezin dela soldata kalkulatzeko tresna izan aitortzea lortu dugu», esan du Etxebarriak.
Zerbitzua hobetzea eta jangeletako beharginek egiten duten heziketa lana aitortzea ere erdietsi dutela diote. «Beste behin, borrokak duen balioa azpimarratu nahi dugu. Gu desaktibatzen saiatu dira enpresak, Jaurlaritza, familia batzuk eta hedabide batzuk. Gure borroka gutxiesten saiatu dira; baina, orain, zer nahi duen badakien eta hori lortu arte borroka egiten duen kolektibo borrokalari batek merezi duen miresmena eman beharko digute», aldarrikatu du.
Aukera horren inguruan egondako tirabirak atzean utzita, azkenean lan bitartekariarengana jo dute. Alde batetik, sindikatuek argitu nahi izan dute inoiz ez diotela aukera horri uko egin. Akordio hori negoziazio mahaiaren barnean egin behar zela mantentzen dute oraindik ere, «lan hitzarmenaren negoziazio orori dagokion moduan». Hala egitea «enpresen jarrera itxiak eragotzi» duela salatu dute. «Bere garaian, bitartekariaren aukera baztertu gabe negoziazioari aukera ematearen aldeko hautua egin genuen. Konponbidea hor zegoela baloratuta, horren arabera jokatu dugu».
Bitartekaritzara jo aurretik eztabaidarako puntu gatazkatsuenak adostu dituztela ohartarazi dute. Alegia, enpresek eta bi sindikatuek akordioa dagoeneko sinatua dute: «Azken batean hitzarmen bat da, eta ondo idatzi behar da».
Sindikatuen desadostasunak
Langile batzordean ELA eta LAB sindikatuek dute gehiengoa. Baina UGTk eta CCOOk ere badute ordezkaritza. UGTk ez du onartu ELAk eta LABek sinatutako akordiorako oinarria, ez duela sakon aztertzeko astirik izan argudiatuta. CCOO aurka dago, eta iragarri du aldarrikapen propioak eramango dituela behin betiko hitzarmena adosteko bitartekariarengana joaten direnean. CCOO sindikatuaren iritziz, ELAk eta LABek adostutako kopuruak «ez dira inondik ere onargarriak», azken hiru urteetan «sindikatu denek» salatu dituzten «gabezia guztiak mantentzen dituelako». CCOOk dio aurreko ituneko erreferentziazko soldata txikitzen duela honek eta hurrengo hiru urteetan behargin publikoek baino hamabi lanordu gehiago egitea onartzen dela.
Haur uholdeari aurre egin ezinda
Hamar urtean hirukoiztu egin da jangelan bazkaltzen geratzen diren haurren kopurua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala, Eusko Jaurlaritzak zerbitzura bideratzen duen gastua 16 milioi eurotik 88 milioira igo da.
Ainara Arratibel Donostia
Egun, gero eta ikasle gehiago geratzen dira eskola jangeletan. Gurasoak lanean daude, eta hori dela-eta haur gehienek han bazkaltzen dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, adibidez, 2000. urtetik hirukoiztu egin da jangelan geratzen diren haurren kopurua: 30.000tik 90.000ra baino gehiagora. Hala, begiraleak ikasle uholdeari aurre egin ezinda ibili dira, eta dituzten zereginei «txukun eta kalitatez» erantzun ezinik.
Gurasoentzat «ezinbesteko» zerbitzua» bihurtu da jangelarena. EAEn zerbitzu hori eskaintzen duten 500 eskola publiko daude; Nafarroan, berriz, 114. Garai batean, ikastetxe askok bertan prestatzen zuten janaria. Beraiek kontratatzen zituzten sukaldariak eta begiraleak. Azken batean, zuzenean kudeatzen zuten jangela. Hala egiten zuten ikastetxeen arabera, eskainitako menuen kalitatea hobea zen, eta zuzenean kontrola zezaketen beren ikasleek zer jaten zuten. Kasu horretan, menuaren prezioa zertxobait garestiagoa da. Gaur egun, ordea, hori aldatu egin da. Zerbitzuaren kalitatea hobea izango dela argudiatuz, administrazioek catering enpresen esku utzi dute kudeaketa. Haiek prestatzen dituzte menuak, eta ikasleen begiraleak ere jartzen dituzte kasu askotan.
Jangelan geratzen diren ikasle kopurua nabarmen igo den arren, ez da hala gertatu begirale kopuruarekin. Horixe izan da, hain zuzen, greban egon direnen aldarrikapenetako bat. Lanez lepo daudela salatu dute. Haur Hezkuntzako begirale batek, adibidez, 15 ume ditu bere ardurapean, Lehen Hezkuntzako batek 37, eta Bigarren Hezkuntzako batek 45. Begirale horien lana janaria zerbitzatzea eta haurrak zaintzea da. Baina langileek beti nabarmendu izan dute hori baino gehiago egiten dutela: besteak beste, haien elikadura heziketaz arduratzea. Azken batean, jateko ohiturak irakasten dizkiete. Gainera, gogorarazi dute beraien lana pedagogikoa ere badela. Hori dela eta, esparru horietan prestakuntza gehiago exijitu dute. Izan ere, aditu askoren arabera, kasu askotan haurrek dituzten arazoak jangela orduetan azaleratzen dira. Gainera, gero eta gehiago dira elikadurari lotutako arazoak dituzten umeak. Begiraleek ezinbestekoa ikusten dute arazo horiek inguruko ezagutza izatea eta horien aurrean nola jokatu jakitea.
Menuen prezioak
Langileek 45 minutu eta bi ordu eta erdi arteko lanaldiak dituzte. Bitarte horretan, janaria zerbitzatu eta haurrak zaintzeaz gain, gurasoentzako informeak eta bilerak prestatu behar dituzte. Hori guztia behar bezala egin ahal izateko, lanordu gehiago eskatu dituzte.
Ikasle kopurua igo egin den heinean, igo egin da, halaber, administrazioek zerbitzu horretara bideratzen duten dirua. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, 16 milioitik 88 milioira hazi da gastua hamar urtean. Horri gurasoek kuoten bidez ordaindutako 30 milioiak gehitu behar zaizkio. Orain hilabete batzuk, 30 zentimo igo zitzaien kuota gurasoei. Beraz, gastua 118 milioira iristen da. Jaurlaritzari 12 euro inguru kostatzen zaio menu bakoitza.
Nafarroan ere nabarmen igo da gastua, eta bost urtean, adibidez, bikoiztu egin da jangelarako diru laguntza jasotzen duten ikasleen kopurua: 5.515etik 8.192ra, hain zuzen.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 40.000 haurrek jasotzen dute jangelarako diru laguntza. Horiek ez dute ezer ordaintzen menuagatik; gainontzekoek, berriz, 2,80 eta 4 euro artean ordaintzen dute. Nafarroan kuotak 1,65 euro ingurukoak izan ziren 2009-2010eko ikasturtean.






