Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 14:56

2011-05-19

Euskal Herria aintzat hartzen duten ikasliburuak kentzeko agindu dute Nafarroan

Auzitegi Nagusiak arrazoi eman dio gobernuari, eta atzera bota du Elkarlanean-en eta ikastolen helegitea

Jon Olano

Nafarroako Gobernuak ez ditu Elkarlanean-en eta Ikastolen Elkartearen ikasliburuak diruz lagundu beharko, eta aukeratu beharreko liburuen zerrendatik kanpo utziko ditu, gainera. Hala ebatzi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak, bi etxeek jarritako helegitea alde batera utziz, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko martxoaren 4an hartutako erabakia ontzat emanez.

Nafarroako Auzitegi Nagusiko administraziorekiko auzietako aretoak plazaratutako ebazpenaren arabera, Ikastolen Elkarteak eta Elkarlanean-ek argitaratutako ikasliburuek «itxuraldatu» egiten dute Nafarroako errealitate politikoa, historikoa, geografikoa, juridikoa, soziala eta naturala. Liburu horiek Nafarroa Euskal Herrian kokatzen dutela uste du auzitegiak, eta hori eginez, hainbat lege hausten dituztela iritzi diote epaileek.

Elkarlanean-en eta Ikastolen Elkartearen ikasliburuek Espainiako Konstituzioa, Nafarroako Foru Hobekuntzaren Legea eta Espainiako 2006ko Hezkuntza Lege Organikoa «modu agerian, nabarmen» hausten dituzte, epaileen irudiko. Espainiako Konstituzioak dioenaren arabera, «Nafarroa ez dago Euskal Herria izeneko erakunde baten barruan», dio auzitegiak. Gaineratzen duenez, Nafarroako Foru Hobekuntzaren Legeak dio herrialde horrek «berezko autonomia eta erakundeak» dituela, eta horiek «Espainiako Nazioan soilik» barneratuta daudela. Bestalde, epaileek uste dute Espainiako 2006ko Hezkuntza Lege Organikoa ere urratzen dutela Elkarlanean-en eta Ikastolen Elkartearen eskola-liburuek: «[Legeak] zehaztasun zientifikoa eskatzen du ikasliburuetan. Zehaztasun gutxi edo batere ez da topatzen etxe horiek argitaratutakoetan». Katedra askatasuna izateko, zehaztasun zientifikoa behar-beharrezkoa dela gaineratu dute epaileek: «Zehaztasun zientifikorik gabe, ez dago katedrarik».

Oinarria, «gezurrez» osatua

Nafarroako Auzitegi Nagusiak epaian dioenez, «ikasliburuak ezin dira gezur sozial, historiko, geografiko eta linguistikoekin osatu. Ikasi beharreko oinarrizko testua ezin da horrekin kontraesankorra den beste testu batekin osatu». Oinarrizko edukiak «ezarritako curriculumaren bidean» jasotakoak direla azaltzen du ebazpenak: «Eduki horiek irakasten dira edo ez dira irakasten; ez dago interpretaziorako tarterik».

Nafarroako Gobernuak iazko martxoaren 4an erabaki zuen Ikastolen Elkartearen eta Elkarlanean-en ikasliburuak diruz ez laguntzea, eta haurren irakaskuntzarako erabil daitezkeen aleen zerrendatik kentzea. Gobernuak ziurtatu zuenez, bi talde horiek plazaratutako ikasliburuen edukiak ez datoz bat Foru Hobekuntzaren Legeak eta Nafarroako Gobernuak zehaztutako curriculumarekin. Liburu horietan Nafarroari buruzko eduki ugari ez direla jasotzen eta jasotzen direnak Euskal Herriaren testuinguruan azaltzen direla gaineratu zuen Miguel Sanzen gobernuak.

Eduki «gehigarriak»

Ikastolen Elkarteak eta Elkarlanean-ek errekurtsoa jarri zuten gobernuaren erabakiaren aurka. Haien iritziz, argitaratu dituzten ikasliburuek Espainiako eta Nafarroako araudia betetzen dute. «Euskal Herria kontzeptuak estatu eta erkidego bat baino gehiagoko lurralde ugari biltzen ditu, testuinguru soziologiko, kultural eta etnografiko baten barruan», argudiatu zuten. Errekurtsoan, ukatu egin zuten ikasliburuetan Euskal Herria «beste errealitate politiko batzuei kontrajarritako erakunde» gisa agertzen zela. Bestalde, Nafarroako Gobernuak emandako diru laguntzek oinarrizko edukiei eragiten diela azaldu zuten Elkarlanean-ek eta Ikastolen Elkarteak, baina gaineratu zuten diru laguntza horiek ez daudela unitate didaktiko «osagarriei» lotuak. Hala, Euskal Herriaren gaineko edukiak unitate didaktiko osagarriak direla zioten bi erakundeek.

Elkarlanean-ek eta Ikastolen Elkarteak hamar eguneko epea dute orain Nafarroako Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren aurka kasazio errekurtsoa jartzeko.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia