2011-05-17
Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna
Homofobiaren zama astuna
Gay, lesbiana, transexual eta bisexualen eskubide urraketen aurka erakunde eta gobernuek konpromiso tinkoagoa izan dezatela eskatu dute haien alde lanean ari diren elkarteek. Gizartean benetako aldaketa emateko giltzarria hezkuntza dela irizten diote.
Ainara Arratibel
Kezkagarria». Halaxe definitu dute gay, lesbiana, transexual eta bisexualen eskubideen inguruko egoera haien alde lanean ari diren elkarteek. Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta, horren karietara, hainbat txosten kaleratu dituzte. Horietan onartu dute urratsak egin direla. Baina oraindik 76 herrialdetan legez zigortzen dituzte. Bost herrialdetan,berriz, heriotza zigorra ezartzen diete. «Erakundeen aldetik benetako konpromiso bat falta da egoera konpontzeko», iritzi dio Carlos Sanguino Amnesty Internationalekoak. Zama astuna bihurtu da haientzat. Gizartean benetako aldaketa eman dadin hezkuntzak duen garrantzia azpimarratu du. Talde horien ikusgarritasuna handitzea ere badute erronken artean.
Bi egoera bereiziko lituzke Sanguinok. Batetik, Europa dago. Ukraina, Errusia, Eslovakia eta Lituania izango lirateke Europan okerren dauden herrialdeak. «Herrialde horietan arazoa da kolektibo horiek ikusgarri egiteko trabak dituztela». Senguino kezkatuta dago, halaber, eskuin muturreko alderdiak hartzen ari diren indarrarekin.
Afrikan eta Asian, berriz, arazoa giza eskubideei lotutakoa da. Bi kontinente horietako 61 herrialdetan dago legez zigortuta homosexualitatea. «Legeen bidez kolektibo horiek kriminalizatzen dituzte. Kondena gogorrak ezartzen dizkiete, gainera: heriotza zigorra edo bizi osorako kartzela, besteak beste». Uganda izan da halako lege bat onartzekotan egon den azken herrialdea. «Urte hasieran horren aurka ari zen ekintzaile bat kolpeka hil zuten etxean. Nazioartearen presioengatik atzera egin du gobernuak».
Beste herrialde batzuetan ez dago halako legerik, baina LGTB taldeen aurkako jazarpena eta bazterketa agerikoa da, Sanguinok nabarmendu duenez. Honduras eta Brasil jarri ditu horren adibide. «Hondurasen, adibidez, zazpi transexual hil zituzten iazko azaroa eta aurtengo urtarrila artean. Brasilen, berriz, 250 pertsona hil zituzten sexu identitatearen arrazoiengatik; eta Ameriketako Estatu Batuetan, zazpi gaztek beren buruaz beste egin zuten astebetean». Halako egoerak dituzten herrialdeen zerrenda luzea da: Mexiko, Kolonbia, Txina…
Ikusgarri egiteko beharra
Halako egoerak salatzeko eta ikusgarri egiteko beharra defendatu du Sanguinok. «Sarritan ez da erraza izaten. Herrialde ugaritan erabat zapalduta eta isilduta daude. Senideek eta lagunek ere baztertu egiten dituzte. Beldur dira zerbait esaten badute are gogorrago zigortuko ote dituzten». Gobernu batzuek, gainera, gogortu egiten dituzte beren jarrerak eta legeak, salaketak publikoki egiten badira. «Iran da horren adibide». Zenbait gobernurekin harremanetan jartzea benetako lorpena da, Sanguinok azpimarratu duenez.
Horren inguruan, erakundeek jarrera «sendoagoa eta argiagoa» izan dezatela eskatu du; batik bat, Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Batasunak egin dezaketen lana nabarmendu du: «Oso ondo dago akordioak sinatzea eta homofobiaren aurkako adierazpenak egitea. Baina horrekin ez da nahikoa. Akordio horiek bete behar dituzte, eta hala egiten ez dutenen aurka tinkoago aritu». Baina ez dutela egiten uste du: «Herrialde horietako agintariekin biltzen direnean, gai zerrendan laugarren edo bosgarren daude giza eskubideei buruzko gaiak».
Hiesarekin kezkatuta
Euskal Herrian ere aldarrikapen eguna izango da gaurkoa. Eńaut Otazo Gehituko kideak gogorarazi du oraindik ere urrats ugari falta direla egiteko benetako berdintasuna lortzeko. «Hegoaldean, lege alorrean eskubide berdintasuna lortu zenetik, badirudi homofobia, lesfobia, transfobia eta bifobia berez desagertu direla. Baina ez da horrela. Esparru askotan existitzen dira oraindik, nahiz eta, agian, ezkutuago egon». Otazok, gainera, gogorarazi du oraindik ere hor dagoela homosexualek ezkontzeko nahiz adoptatzeko duten eskubidea aitortzen dien legearen aurka PPk jarritako helegitearen mehatxua.
Aurten 30 urte beteko dira hiesa lehenengoz diagnostikatu zela. Hori dela eta, arreta berezia jarri diote gaur gaiari. Zuazok gogorarazi du aurrerapauso handiak eman direla hiesaren aurka. «Hiesa diagnostikatzea ez da heriotzarekin lotzen, lehen bezala. Botika retrobiralei esker, kronifikatzen ari den gaitz bat da». Hori «oso positiboa» dela nabarmendu du. Baina, bestalde, uste du jendea lasaitu egin dela babes neurriak erabiltzerako orduan. Homosexualen artean, gainera, GIBa edo hiesa izateak diskriminazio bikoitza dakarrela gogorarazi du. «Homofobiak ez du batere laguntzen hiesaren aurkako borrokan».
Hezkuntza da lantzen ari diren esparruetako bat. Gehituk abian du Hitz egin dezagun homosexualitateaz programa. «Bermatu nahi dugu eskolak ematen duen informazioa ziurra eta egiazkoa izatea». Aldaketa nahi baino polikiago ematen ari dela iritzi dio Otazok. «DBHko ikasle batzuen artean benetako astakeriak entzuten ditugu».
Lan munduan gertatzen diren bazterketa eta jazarpen kasuak ere kezkaz ikusten dituzte. «Iristen zaizkigun salaketak solteak dira. Lan asko dugu aurretik esparru horretan». Kasu askotan, duten traba nagusia da ezin dutela frogatu. «Zuk susmoa duzu zure sexu identitateagatik kanporatu zaituztela. Baina ez duzu hori erakusteko modurik». Beldurra da beste arrazoia. «Transexualen kasuan agerikoa da hori».
Elkarretaratzeak egingo dituzte gaur hiriburuetan eta zenbait herritan
Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat protesta egingo dituzte gaur. Donostian 19:30ean egingo dute, Bulebarrean; Bilbon ordu berean egingo dute, PPren egoitzaren atarian. 20:00etan deitu dute elkarretaratzera Gasteizen, Dato kalean. Gehituren Latorrizko saria, berriz, PPko presidente Mariano Raxoirentzat izango da, homosexualen ezkontzeko eskubidea aitortzen duen legearen aurka egiten jarraitzeagatik.






