2011-05-12
Pilar Sagasta. Huheziko irakaslea
«Euskaldun eleaniztunak nahi baditugu, hizkuntz ereduak euskara lehenetsi behar du»
Kultur aniztasuna eta eleaniztasuna hezkuntza sisteman nola kudeatu behar den lantzeko, jardunaldiak egin ditu Ipar Hegoa fundazioak. Atzo egin zuten bigarren eta azken saioa, Iruñean.
Jon Olano Donostia
/ LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS
Kultur aniztasunak eta eleaniztasunak erronka ugariren aurrean jarri du hezkuntza sistema. Erantzun bila, Ipar Hegoa fundazioak jardunaldiak egin ditu, eta Pilar Sagasta Huheziko irakaslearena izan zen atzoko hitzaldietako bat. Hezkuntza eredu eleaniztunaren aldekoa da, baina euskara lehenetsi behar dela uste du.
Eleaniztasun gehigarriaz ari garenean, zertaz ari gara zehazki?
Eskolako eleaniztasuna gehigarria denean, etxeko hizkuntzari bigarrena zein hirugarrena gehitzen zaizkio. Aldiz, kengarria denean, ama hizkuntza ez da ondo garatzen, ezta bigarrena edo hirugarrena ere. Bereizketa horretan erreferente garrantzitsuena testuingurua da, eta testuinguru horretan erabiltzen diren hizkuntzak: ikaslearen hizkuntza gutxitua bada eta ikastetxekoa indartsuena, suspertzen den eleaniztasuna kengarria da. Aldiz, ikaslearen hizkuntza indartsuena bada eta eskolakoa gutxituena, eleaniztasuna gehigarria izango da.
Zein gaitasun behar ditu irakasle batek eleaniztasunean irakasteko?
Xedea bada curriculumeko ezagutza arloak ematea hiru hizkuntza erabiliz, C1 beharko du hiruretan.
Zein ikasgai dira atzerriko hizkuntzan irakasteko egokienak?
Hiru alderdi kontuan izan behar dira: ikaslearen adina, ikastetxearen hizkuntzan edo hizkuntzetan aldez aurretik landutako ezagutza arloak eta atzerriko hizkuntzan gaitasuna. Adibidez, aldez aurretik landutako arlo bat hautatzen bada, prozesua askoz esanguratsuagoa izango da.
D ereduak ez du balio izan kasu askotan ikasleek euskara maila egokia izateko. Eredu eleaniztunak emaitza hobeak lortuko al ditu?
D ereduak intentsitatea bermatzen du, eta funtsezkoa da hizkuntzaren garapenerako. Baina ez da bakarra. Intentsitatea bermatuz gero, alde psiko-pedagogikoei erreparatu behar diegu: nolakoa da gure esku hartzea? Zer aukera ditu ikasleak hizkuntza erabiltzeko? Zertarako erabiltzen du? Zer eduki mota lantzen ditugu? Adibidez, prozedurak landuz, hizkuntza erabiltzeko aukerak ugaritzen dira. Hizkuntzaren garapena fenomeno konplexua da; alde asko kontuan izan behar dira.
Irakaslegai bakoitzak hizkuntz gaitasun maila ezberdina du. Nola kudeatzen da hori?
Erronka handia da, eta estrategia ezberdinak erabili ditugu. Horietako bat talde kooperatiboarena da. Talde txiki heterogeneoak osatzen dira, eta kide bakoitzak zeregin bat dauka. Asko ikasten dute eurengandik. Gelaren antolaketa oso garrantzitsua da, baina egiten diren jarduerak eta irakaslearen esku hartzea ere bai. Talde homogeneoak osatzen badira, euren artean dauden ezberdintasunak areagotzen dira.
Nola banatu behar dira denbora eta irakasgaiak, hiru hizkuntzetan maila egokia izateko?
Ikasle guztiek ez dituzte premia berberak. Ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektu propioa behar du. Edozein modutan, hizkuntza proiektuak euskara lehenetsiko du, euskaldun eleaniztunak prestatzea nahi badugu.






