2011-05-12
Eleaniztasunaren izenean euskara ez baztertzeko eskatu du EILASek
Ingelesa ikasteko dirutza ematea eta euskara alboratzea egotzi dio sindikatuak Nafarroako Gobernuari
Erredakzioa Iruñea
Bi pailazok antzeztu zuten EILASek atzo Iruñean eginiko elkarretaratzean. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Gaur egungo hezkuntza eredua atzean uzteko eta euskaraz ikasteko eskubidea bermatuko duen eredu bat martxan jartzeko eskatu du EILASek. Sindikatuaren aburuz, egun Nafarroako Gobernuak ezarritako hezkuntza eredua «zaharkitua» geratu da, eta ez da eraginkorra ikasleek euskara maila egokia erdiesteari dagokionean.
Euskara ofiziala Nafarroa osoan. Euskaratik plurilinguismora lelopean, elkarretaratzea egin zuen atzo EILASek Iruñean. Gainera, bi pailazo antzezlanetan izan ziren elkarretaratzean.
Hezkuntza eredu eleaniztunaren alde egin zuen sindikatuak, baina eredu horrek euskara ere integratu behar duela ohartarazi zuen. D eredua da, EILASen irudiko, euskararen, gaztelaniaren eta ingelesaren ezagutza bermatzen duen eredu bakarra. Horren aurka, Nafarroako Gobernuak ingelesa D eredua zapaltzeko erabili duela uste du EILASek, eta atzerriko hizkuntza «integratzearen» aitzakiapean hura inposatu duela: «Ehunka mila euro bideratu dituzte ingelesa inposatzera, adostasunik, hizkuntza plangintzarik edo ondoren egin beharreko ebaluazio publikorik gabe».
Izaera elebidunari begirunea
EILASen ustez, ingelesaren integrazioa eskatzen duten buruzagi politiko berak dira, «azken 25 urteotan, 1986an Nafarroako Euskararen Legea onartu zutenetik, euskara alde batera utzi dutenak». Hala, euskara ere Nafarroako hizkuntza ofiziala dela oroitarazi dio Nafarroako Gobernuari, eta herrialdean euskarak bizi duen estatus bereizketa arbuiatu du EILASek: «Bada garaia hizkuntza antolamendu berri bat abiarazteko, hezkuntza komunitatearekin adostutakoa, eta Nafarroako errealitate elebiduna errespetatuko duena».






