Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 14:52

2011-05-06

Mugitu Egunak AHTaren aurkako aldarria eraman du ikastetxeetara

Ehunka pertsonak hartu dute parte Euskal Herriko hainbat eskolatan egindako ekimenetan

Erredakzioa Gasteiz

Durangon manifestazioa egin zuten ikasleek. / BERRIA

Mugitu Eguna izenpean, Euskal Herriko hainbat ikastetxetako ikasleak ordubetez gelditu ziren, atzo, abiadura handiko trenaren aurka agertzeko. Mugitu mugimenduak bultzatu du ekimena, eta, hark jakinarazitakoaren arabera, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 35 ikastetxetan zenbait ekimen antolatu zituzten ikasleek; horrez gain, Donostia eta Iruñeko unibertsitate publikoetan ere mobilizatu ziren ikasleak.

Krisiaren aitzakia erabilita hezkuntzan murrizketak egiten ari direla gogorarazi du Mugitu mugimenduak, baina testuinguru horretan ere AHTaren lanek aurrera jarraitzen dutela gogorarazi du. Hori dela eta, egitasmo horren kontrako aldarrikapena ikastetxeetara eraman nahi izan dute, eta ikasleei ere hitza eman.

Mugitu Egunak erantzun adierazgarria izan zuen Nafarroan. LAB eta EILAS sindikatuek bat egin zuten atzoko ekimenarekin, eta zenbait ikastetxetara eraman zuten AHTaren aurkako oihua. Tren azkarrari buruzko eztabaida berpiztu da azken hilabeteetan: Iruñea eta Castejon arteko bidearen hainbat zatiren aurrekontuak onartu ditu bertako gobernuak. Datu hori gogorarazi dute, eta hezkuntzaren aurrekontuarekin alderatu dute.

2011. urtean Nafarroako hezkuntzaren aurrekontua 646 milioi eurokoa dela gogorarazi zuten atzo. Aurrekontu hori txikiagoa da Castejon eta Ezkirotz arteko AHTaren 66 kilometroak eraikitzeko bideratuko den aurrekontua baino, eta trenbide kilometro bakoitzak 11 milioi euro balioko duela gaineratu zuten Berako Toki Ona ikastolan. Halaber, Nafarroako korridorea egiteko 3.000 milioi euro eman beharko direla adierazi zuten.

Hezkuntza, gainbeheran

Egitasmo horrek aurrekontuaren zati handi bat hartuko du, eta Nafarroako hezkuntza, berriz, azken bi urteetan «gainbeheran» dago. Hezkuntza sistemako langileen soldatak %5 jaisteaz gain jende gutxiago kontratatu dela gogorarazi zuten, eta ordezkapenak toki askotan ez direla bermatzen azaldu. Behar bereziak dituzten ikasleentzako laguntza, kultura aniztasuna, euskarazko heziketa, bekak, zentroen horniketa... alor guztietan murrizketak egin dituztela gogorarazi dute Mugitu Egunean parte hartu dutenek.

«Hori guztia ikusita, begi bistan dago hezkuntza eskubide bainoago gastutzat hartzen dela», laburbildu zuten Toki-Onan bildu ziren langileek. Hori dela eta, mota horretako egitasmoak bertan behera utzi, eta horretarako erabiltzen den dirua zerbitzu publikoak hobetzeko erabil dezatela eskatu dute.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere murrizketa hori jasan izan duela azaldu dute. NUPen, hain zuzen ere, hainbat ekimen egin dira azken egunotan. Mahai inguruak, dokumentalen emanaldiak,tailerrak eta informazio puntuak egin dituzte asteartetik, Ikasle Abertzaleek eta Asamblea Literariak antolatuta. Atzo, liburutegi aurrean elkarretaratzea egin zuten, azken egunetako lanari bukaera jartzeko.

Iruñeko zenbait institutuk eta ikastolak parte hartu zuten Mugitu Egunean. Iturrama institutuan egindako elkarretaratzean 30 pertsona inguru bildu ziren, eta Iruñeko Mendillorri ikastetxean ere hainbat ekimen egin zituzten, eta ikastetxearen kanpoaldean egindako elkarretaratzean hogei pertsona inguru bildu ziren. Espainiako Polizia bertan agertu eta hiru ikasle identifikatu zituen.

Galdakaoko Elexalde institutuan 40 ikasle inguruk hartu zuten parte bertako eztabaidan. Durangoko manifestazioan ere dozenaka gazte izan zen.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia