2011-05-05
Euskarazko osasun zerbitzua exijitu du Behatokiak
Erakundeak 'Duintasun bidea' dokumentala egin du, Osakidetzan euskarak duen egoeraz ohartarazteko
Jon Olano Donostia
Atzo aurkeztu zuten, Donostian, Duintasun bidea dokumentala. / J. C. R. / ARP
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak neurriak eskatu dizkio Osakidetzari, euskaldunen hizkuntza eskubideak osasun zerbitzuan bermatzeko. Behatokiaren iritziz, euskara gaixo dago Osakidetzan, eta egoera horren erantzuleak administrazioak direla ohartarazi du.
Euskarak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zerbitzuan duen egoeraz ohartarazteko, dokumental bat egin du Behatokiak. Duintasun bidea du izenburua, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian. Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak eta Roberto Manjon Osakidetzako Euskara Zerbitzuko buru ohiak aurkeztu zuten bideoa.
Osakidetzak zerbitzu euskalduna eskaintzeko asko falta dela iritzi dio Petriatik, eta hori herritarren kalterako dela uste du: «Bigarren mailakoak al dira zerbitzua euskaraz nahi duten herritarrak? Kexen zain egon behar al du Osakidetzak herritarren eskubideak bermatzeko?». Haren irudiko, euskarazko zerbitzurik bermatzen ez duen bitartean, Osakidetzak ez du kalitatezko zerbitzurik emango. Petriatik gaineratu du zerbitzu horrek izan behar duen izaera publikoa galdu egiten duela neurri batean.
Kepa Elortza oinarri
Dokumentala Behatokiak aurten jaso duen aurreneko kexan oinarritzen da. Osagile erdaldun batek artatu zuen Kepa Elortza oñatiarra, eta Elortzak itzultzaile bat eskatu zuen. Zerbitzu hori, ordea, ez zen iritsi, eta kexa formala aurkeztu zuen Elortzak Osakidetzan eta Behatokian. Gainera, sendagilearekiko ordua oroitarazteko Osakidetzak sakelako telefonora bidaltzen dituen mezuak gaztelania hutsean idazten dituztela eta, beste erreklamazio bat jarri zuen Elortzak.






