2011-05-04
Adingabeak. EAEko Arartekoaren txostena. Itsaso Saez. Etorkin adingabeen hezitzailea Hemen programan
ĢGazte perfektu edo idealak izateko eskatzen zaieģ
Ibai Maruri Bilbo
La vida de Alex dokumentala egin du Bizkaian bizi den etorkin adingabeen talde batek. Gizarteratze programen barruko ikus-entzunezko ikastaro batean egindako lan bat da, eta euren arazoen berri eman dute horretan. Hemen programako hezitzaile Itsaso Saezek dio gazteoi pertsona aktibo moduan agertzeko aukera eman diela dokumentalak.
Zer aldatzen da etorkin baten bizitzan 18 urte betetzen dituenean?
Adingabea den bitartean, diputazioak zentro batean babesteko betebeharra dauka. 18 urte betetzen dituen egunean, edo biharamunean, kalera doa bere gauzekin. Babestuta zegoena kale gorrian babesik gabe geratzen da.
Eta zer egin dezake?
Etorkinekin lan egiten duten elkarteetara jo dezake, gizarteratze arloan lan egiten duten elkarteetara. Haietan egoerari konponbidea aurkitzen lagunduko diete. Halere, egia da elkarteak gainezka daudela.
Ohikoa izaten da halako elkarteetara jotzea?
Baietz esango nuke. Aurretik egon diren egoitzan bertan informazioa eman ohi diete, irteterakoan nora jo dezaketen. Eta ahoz ahokoari esker ere askok izaten dute elkarte hauen berri.
Zaintzapean dauden bitartean adinez nagusi direnean euren kasa moldatzeko prestatzen al dituzte?
Ba, egia esan, ez. Ez zaie behar besteko prestakuntzarik ematen. Normalean egoitza hauetan dauden gazteak ezin izaten dira ikastaroetara joan. Beraz, oso prestakuntza eskasarekin irteten dira. Are gehiago, batzuetan jatorrizko herrialdean jaso duten heziketarekin irteten dira.
Jasotzen duten prestakuntza eskas hori zer izaten da?
Gaztelera irakasten diete, eta gehienek okupazio ikastaroak ere egiten dituzte. Baina lanbide bat ikasteko formazio ikastaroetara ezin izaten dira irten, eta hain zuzen ere barruan dauden adina izaten da horretarako; 16 urtetik aurrera. Alegia, urteak galtzen dituzte.
Hala ere, gizarteratze programak egon badaude, ezta?
Bai, bai. Mundutik Mundura programa dago, emantzipazioa lortzeko. Kontua da parte hartu ahal izatea. Adingabeen egoitzan uste dut urtebetez egon behar izan dutela, eta askok ez daramate horrenbeste denbora. Horrez gain, ezin dute epaitegietan auzirik izan, edo huts egite administratiborik. Alegia, gazte perfektu edo idealak izateko eskatzen zaie ia-ia. Eta askotan, baldintzak bete arren, gero ez da tokirik izaten programetan.
Zertan oinarritzen dira?
Aterpea ematen zaie, eta mantendu egiten dira. Baina bereziki formazio ikastaroetara joateko laguntza ematen zaie. Paper kontuak egiten ere laguntzen diete. Baina ez dira denak programa hauetan parte hartzen dutenak.
Behin adinez nagusi direnean, zu kide zaren programa dute eskura, Hemen, besteak beste.
2007an sortu zen. Harresiak Apurtuz koordinakundean ohartu ziren emantzipazio programetatik kanpo geratzen ziren gazte asko daudela eta baztertuta geratzeko arriskua zutela. Egoera horri konponbide bat emateko jarri zuten martxan Hemen. Lantaldean hezitzaileak, koordinatzailea, administratzailea eta gizarte langile bat daude. Azken batean, gure helburua gazte hauei euren beharrizanetan laguntzea da.
Zer lan egiten duzue gazteokin?
Lehenengo eta behin, gazte bakoitza sakon ezagutzen dugu, haren beharrizanak eta egoera finkatzeko. Argi utzi behar diegu nahiz eta adinez oraindik gaztetxoak diren legearentzat helduak direla. Programak aurrera egin ahala, ebaluazioa egiten dugu, markatutako bidea moldatu behar bada aztertzeko. Formazioari dagokionez, hezkuntza zentroetara bidaltzen ditugu, Peņascal fundaziora batez ere. Bi urteko ikastaroak dira, eta azken sei hiletan praktikak egiten dituzte enpresetan. Guk erroldatzen laguntzen die- gu osasun sistema eskuragarri izan dezaten, administrazioari laguntzak nola eskatu irakasten diegu, etxebizitza aurkitzen diegu.
Gazte hauek ez dute familia erreferentziarik. Horrek gabezia emozionalik eragiten al die?
Pertsona bakoitzaren araberako kontua da, baina, oro har, bai. Guk astero egiten ditugu bilerak gazteokin, eta batzuetan sarriago. Azken batean nolabaiteko harreman afektiboa sortzen da gure artean. Baina hori ere gazte bakoitzaren izaeraren araberakoa da. Batzuk benetan ezagutzea asko kostatzen da, besteak irekiagoak dira. Ikusiz gero baten batek behar gehiago duela, Peņascal fundazioaren psikologoengana jotzen dugu.
Zenbat gazte dira?
Une honetan programan parte hartze aktiboa dutenak 40 inguru dira. Halere, badira beste batzuk behin nolabaiteko emantzipazioa lortu arren, maiztasun gutxiagorekin eta lotura txikiagoarekin bada ere gurekin hartu-emana mantentzen dutenak.






