Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 23 - 14:49

2011-04-08

Erdaldunak erakartzea xede

Erdaldunak euskarara nola erakarri izan dute mintzagai Lurdes Auzmendik, Michel Estebanek eta Xabier Azanzak

Udaletako euskara zerbitzuen III. topaketak egin dituzte; han jardun dute hiru agintariek

Jon Olano Lasarte-Oria

Esteban, Auzmendi eta Azanza, atzo Lasarte-Orian eginiko mahai inguruan. Maite Artola izan zen moderatzailea. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Euskararen egoerari begira, edalontzia «erdi beteta» ikusten du Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak. Izan ere, euskarak hedabideetan eta Interneten duen presentzia txikia bada ere, euskara euskarri horietan egon badagoela ziurtatu du: «Googlen, 40. hizkuntza da euskara». Gainera, euskara beste hainbat hizkuntzaren egoera berean dagoela iritzi dio: «Zein hizkuntzak du bere etorkizuna ziurtatuta? Ingelesak bai, baina frantsesak, adibidez, ez».

Udaletako euskara zerbitzuen III. topaketak egin zituzten atzo Lasarte-Orian (Gipuzkoa), eta han egin zituen adierazpenok Auzmendik. Zer da euskara euskaraz ez dakitenentzat? Zer eta nola egin daiteke udaletan, erdaldunak euskarara erakartzeko? Galdera horiei erantzuten saiatu ziren Auzmendi bera, Nafarroako Gobernuko Euskararen Nafar Institutuko zuzendari Xabier Azanza eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko kide Michel Esteban. Guztiak bat datoz ideia baten inguruan: erdaldunentzat, euskara erakargarri egitea da hiztun komunitatea zabaltzeko gakoa.

«Ez gaitezen ezkorrak izan; gauza asko daude egiteko, baina edalontzia erdi beteta ikusten dut», adierazi zuen Auzmendik. Euskara, berez, erakargarria dela iritzi dio, baina erdaldunentzat ere euskal hiztunentzat bezain erakargarria izatea nahi duela azaldu zuen: «Ezagutzatik erabilerara ezberdintasunak daude. Beraz, euskara erakargarri egitea esatean, euskararen bidez mundu berri bat irekitzen zaiela esan nahi dugu». Euskarak beharrezkoa izan behar duela iritzi dio Auzmendik, baina ez nahitaezkoa: «Beste era batera erakarri behar ditugu erdaldunak, eta ez derrigortuz». Gainera, bidean den dekretu baten bitartez 11 hedabideri euskara hutsean aritzeko lizentzia emango dietela jakinarazi zuen.

Euskara normalizatzeko eta hedatzeko etorkizuneko belaunaldietan itxaropena izan behar dela deritzo Auzmendik. Haren irudiko, euskara ikasten badute ere, umetan hasten dira euskara erabiltzeari uzten: «Gurasoek euskaraz egiten diete seme-alabei, baina haien artean, gazteleraz egiten dute». Umeek gurasoen jarrerak antzeratzen dituztela oroitarazi zuen Auzmendik, eta, beraz, ikastetxetik irten bezain laster euskaraz hitz egiteari uzten diotela. Hori horrela bada ere, gazteei «aukera ahalik eta zabalenak» utzi behar zaizkiela uste du Auzmendik, «baita hizkuntza planifikatzeko ere». «Gazteen gaitasunaz eta gogoaz fidatu behar gara».

Hiztunak, «bizikidetzan»

Azanzaren arabera, euskal hiztunak ez diren baina euskaldun sentitzen diren pertsona asko daude Nafarroan. Horregatik iritzi dio hizkuntza politika eraginkor batek kontuan izan behar dituela «euskal hiztunak ez direnak, baina baita euskaldun sentitzen ez direnak ere». Euskal eta gaztelerako hiztunen arteko «bizikidetza» nahi duela nabarmendu zuen Azanzak, eta horretarako, euskara normaltasunean bizitzea beharrezkoa dela ohartarazi zuen.

Joxean Artzeren esaera — «hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek egiten ez dutelako baizik»— ahaztu egin dela uste du Azanzak, baina hiztun berriak erakartzea ez duela lortu aitortu zuen. «Horren adibide da Nafarroako gurasoen %33k aukeratzen dutela soilik hezkuntzan D hizkuntza eredua».

Ipar Euskal Herriko hizkuntza egoera «berezia» laburbildu zuen Estebanek, bertan EEPk egiten duen lana azaltzeko asmoz. 2006ko inkesta baten arabera, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarren %22,5 dira elebidunak, eta %69, erdaldunak. Nafarroa Beherean eta Zuberoan, euskal hiztunak %66 direla jakinarazi du Estebanek; Lapurdin, aldiz, %37. Miarritzen, Angelun eta Baionan bizi dira, ordea, Ipar Euskal Herriko herritar gehien, eta hiru hiri horietan, soilik %14 dira euskal hiztunak. Euskara teknikarientzat, egoera hori kudeatzea oso zaila dela ziurtatu zuen.

EEPn euskararen transmisioa eta erabilera landu dutela esan zuen Estebanek, baina, horrekin batera, motibazioak duen garrantzia nabarmendu zuen: «Sentsibilizazio estrategia baten bidez, motibazioa landu nahi dugu. Hiru elementuak dira beharrezkoak, motibaziorik gabe ezin baita hizkuntza bat hazi». Euskararen «plazera» landu behar dela gaineratu zuen.

Euskara teknikariei zuzendutako topaketa zen atzokoa, eta, hiru hizlarien ondoren, teknikarietako batek hartu zuen hitza. Auzmendiren hitzak oroitarazi zituen — «gazteei aukera ahalik eta zabalenak utzi behar zaizkie»—, eta euskal hiztunak «baldintzapeko askatasunean» bizi direla erantzun zion: «Ez dugu erabakitzeko ahalmenik. Telebista kateetan, irratietan edo Interneten dugun presentziari erreparatu besterik ez dugu». Erdi beteta edo erdi hutsik egon, edalontziak «zuloa» duela erantzun dio Auzmendiri euskara teknikariak.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia